ZuZeu aldatu dugu, eta hauek dira berritasunak

ZuZeu aldatu dugu, eta hauek dira berritasunak –

2019ko apirilaren 14ean, errepublikaren eguna ospatzearekin batera, ZuZeu.eus orainkariak 10 urte bete ditu. Hastapenetatik gaurdaino euri asko egin du, eta asko aldatu da gure sarearen orografia. Proiektu berri asko sortu dira, zaharren batzuk itzali, lagun berriak gerturatu zaizkigu eta lagun zaharren bat joan. Baina guk aurrera begira segitzen dugu lantalde eta proiektu indartsu batekin. Lemari gogor helduta, honakoak dira etorkizunera aiduru egin ditugun aldaketak.

1- Logoa eta itxura

ZuZeuk aurpegi dezente izan ditu, baina, logoa ez du behin ere aldatu sortu zenetik. Eta bazen irudia aldatzeko garaia, ez baikara lehen ginen berbera. Asko ikasi baitugu bidean. Asko baitugu oraindik egiteko. Horretxegatik Alain Urrutia artistak diseinatutako logo berria da aurrerantzean erabiliko duguna. ZuZeuren aurpegia.

Itxurak beltzera, ilunera, egin du. Kontrasteetara, lehengo urdinera baino. ZuZeu ere kontraste handiko webgunea izaki. Indarra irabazi du webguneak kolore konbinaketa berri honekin.

2- Aurpegitxoen menua: Parte hartzea oinarri

Parte hartzea izan da ZuZeuren bereizgarri eta ardatza sortu zen unetik beretik. Eta egun ere gure proiektuaren bizkarrezur izaten segitzen du. Horretxegatik aldatu dugu menua, jendearen balorazioan oinarritutako sailkapena lehenesteko. Aurpegitxoen balorazio sistemaren bitartez artikulu bat gustatu zaizu, poztu zaren ala haserretu zaren adierazi dezakezu. Eta ZuZeuk balorazio sitema hori bihurtu du bere sailkapen moldea.

Gainera, artikuluak aldezaurreko moderaziorik gabe idazteko sistema hobetzen ari gara, errazagoa eta eramangarriagoa izan dadin.

3- Erredakzioa bistaratzea

Hedabide bat gara, eta gure erredakzioa daukagu; hala nola, idatzizko edukiak landu edo ZuZeu Podcast medio argitaratzen ditugun saioak ekoizteko. Berau nabarmentzeko edo bistaratzeko, gure erredakzioko edukiek bereizgarri bat izango dute. Argi gera dadin zein den etxean egindakoa eta zein kanpoko kolaborazioa.

4- ZuZeu Podcast

Podcastak ekoizten hasi gara. Estudio berri bat zabaldu dugu Donostiako Igara auzoan eta 3 saio argitaratuko ditugu astero. Barruan Gaude Oier Aranzabalek zuzentzen duen elkarrizketa saioa (astelehenero), 10 minututan Maite Goñik zuzendutako hezkuntza eta teknologia pilulak (asteazkenero) eta Bipareta mahaingurua Arrate Hernandezen kargu (ostiralero).

Nahi duzun lekuan eta orduan doahinik entzun ditzakezun audio istorioak dira podcastak. Sareko plataforma ezberdinetan entzun ditzakezu, zure ordenagailuan, mugikorrean, autoan zoazela edo lana egin bitartean. Edozer eta edozelan.

Podcast mota asko daude. Fikzioa lantzen dutenak, gaurkotasunaz ari direnak edo elkarrizketa saioak esaterako. Baina ziur zuk ezagutu nahi duzun gaiaren inguruko aleren bat badela hor nonbait. Zuretzako moduko istorio hori bilatu besterik ez duzu egin behar.

Nola entzun ZuZeu Podcast?

ZuZeu aldatu dugu, eta hauek dira berritasunak

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

5 pentsamendu “ZuZeu aldatu dugu, eta hauek dira berritasunak”-ri buruz

  • Aupa! Lan ona.
    Nere galdera da, barka baina, nondik ateratzen du Zuzeuk horrenbeste diru ekipo hori, lokal hori… izateko?
    Eskerrik asko.

  • Kaixo,

    ZuZeuk hainbat diru sarrera ditu. Publizitatetik, aparteko lanetatik (zerbitzuak), eta diru laguntzetatik. Horrela ordaintzen dira lan taldearen soldatak eta gastuak. Lokala beste proiektu batzurekin partekatzen dugu, komunikabide talde-sare bat osatuz. Besteak beste, Mintzanet, Zinea.eus edo Ganbara-rekin.

    Mila esker zure interesagatik.

    ZZ

  • Biba Zuzeu!

  • beste galdera bat 2019-05-12 18:23

    Zein portzentajetan banatzen da publizitatea, zerbitzuak eta diru-laguntzak?
    Mila esker.

  • akats baten berri ematea 2019-06-12 09:08

    Aldatu denetik, akats bat du ZuZeu-k: Botoa ematean “behin bakarrik eman daiteke bozka” mezua agertzen da (nahiz eta lehen aldia izan) eta gainera eman berri duzun boto hori ez da agertzen.

    Ea konpontzen duzuen. Mila esker.