Zergatik amamak ezkutuan ematen dit dirua?

Zergatik amamak ezkutuan ematen dit dirua?

Zergatik amamak ezkutuan ematen dit dirua?

Berdin familiaren aurrean ala inork ikusten ez gaituen txokoan: amamak beti ezkutuan ematen dit eskupekoa “ondo gorde” esatearekin batera. Badirudi gaiztakerietan dabilela. Zergatik?

Nik ez nekien gauza zabaldua zenik, lagunartean elkarbanatutakoa bai, baina besterik ez. Ba Facebooken 200.000 lagunek segitzen dute “Amonak ezkutuan ematen die dirua ilobei”.

Kontua da urteetan zehar findutako errutinazko prozedura balitz bezala ematen didala amamak dirua. “txit…etorri”, hurbiltzen natzaio eta soilik kasu hauetan erabiltzen duen begiradarekin jotzen nau. Bitarte horretan, eskua luzatu, nire eskumuturretik heldu, eta hatz artean kokatzen dit eskupekoa. “Gorde, gorde” eta poltsikora sartu arte ez nau uzten. Amaitutakoan ezer gertatu ez balitz bezala egiten du alde. Institutu atariko gameluak ez luke hobe egingo bere lana.

Ni bekatari txikia sentitzen naiz halakotan. Horrelako giro arraroa jartzen dio egoerari… Azken batean, asko ala gutxi, beti dirua patrikan izan duen belaunaldia da nirea. Baliteke diruarekiko jarrera ezberdin hauek belaunaldi ezberdinen kontuak izatea.

Gerra osteko belaunaldiaren ezaugarria ote da? Kontatu didate garai hartan arrunta zela diruarekin borondatea erostea. Mediku edo irakasle, eskupekoa emanez konpontzen omen ziren kontu asko. Agian, xoxa gehienak goseari aurre egiteko gastatzen zirenean diruak beste balio bat izango zuen. Ulergaitza zait.

Badakit ez naizela horrelako pasadizo txikiak arreta eman dion bakarra. Zuri ere amonak ezkutuan ematen al dizu eskupekoa?

Euskarazko izena ere ez du alferrik: eskupekoa. Esku azpian eta ezkutuan. Izenak izana ere ukitzen duela dirudi.

Zergatik amamak ezkutuan ematen dit dirua?

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra