Zein da zure bizitzako liburua? #liburubatistoriobat

Zein da zure bizitzako liburua? #liburubatistoriobat

Denok daukagu gogoan liburu berezi bat. Amets eginarazi zigun liburu bat; erabaki garrantzitsuak hartzera animatu gintuena edo mundua pixka bat hobeto ulertzen lagundu ziguna. Nork bere liburua, nork bere arrazoiak, nork bere istorioa.

Bada, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturuneak norberarentzat bereziak diren liburu horiek guztiak eskuratu nahi ditu, denak batera jarri, hiritar guztien proposamenekin liburutegi bat osatu. Munduko liburutegi espezialena, akaso?

“Liburu bat istorio bat” jarri diote izena egitasmoari, eta parte hartzeko hiru modu daude: Instagram bidez liburu kutun horren argazkia partekatu #liburubatistoriobat traolarekin; argazkia liburubatistoriobat@gmail.com helbidera bidali; edo Koldo Mitxelena Kulturunean bertan jarritako txokoan argazkia atera tablet batekin.

Azaroaren 25 aurrera, bidalitako liburu guztiak batera jarriko dira, gune berezi batean. Proposatutako liburu horiek bertan irakurri edo maileguan eramateko aukera izango da. Eta liburuarekin batera, istorioa, arrazoiak, esanahiak… Bertan egongo den liburu bakoitzak izango baitu esanahi berezi bat norbaitentzat.

Egitasmo poetiko bezain originala Koldo Mitxelena Kulturuearen 20 urteak ospatzeko martxan jarritakoa.

Zein da zure bizitzako liburua? #liburubatistoriobat
Koldo Mitxelena Kulturunea, Kultura, liburuak, literatura

Airetik bizi naiz. Ia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude