Xabi Strubellen lan berria, “Lur gorrian barrena” disko-liburua, kalean da

Lur-gorrian-azalaMaluta argitaletxeak Xabi Strubell musikariaren lan berria aurkeztuko du aurten Durangoko Azokan: Lur gorrian barrena disko-liburua. Strubell musika esparru berri batean sartu da: kantu tradizionaletan oinarrituta, haurrentzako kantak egin ditu, bere estilo pertsonalean doinu berriak eskainiz. Gitarra akustikoaz eta musika tresna gutxi batzuen laguntzaz, haurrei zuzendutako kanta jostariak prestatu ditu. Horrez gain, Malutak beste bi liburuxka berri aurkeztuko ditu: Eneko Haritzaren Mari, haitzuloetako dama eta Tartalo begibakarra. Lan guztiak Durangon bertan aurkeztuko ditu, abenduaren 7an eta 8an, egileek haurrentzat prestatu duten zuzeneko emanaldiez lagunduta.

 

Lur gorrian barrena disko-liburuan, Xabi Strubellen bederatzi kanta topa ditzakegu, baita hamar narrazio pasarte ere. Diskoan, kantak ipuin batean txertatuta daude. Narrazioa Eneko Haritzak landu eta Ainara Lasak kontatu du. Gainera, liburuan, Yoana Figuerasek marraztutako irudiak margotzeko aukera izango dute haurrek. Horrela, kanta, ipuin eta koloreztatzeko irudiz osatutako disko-liburua aurkeztuko du Maluta argitaletxeak.

Malutaren webgunean, abestien zati bat entzun dezakezue.

Honez gain, Maluta argitaletxeak mitologiako pertsonaiekin hasitako sailari jarraiki, aurten Mari eta Tartalo pertsonaiak aurkeztu ditu. Yoana Figuerasen koloreztatzeko irudiz lagunduta, Mari, haitzuloetako dama liburuxkan mitologiako pertsonaia honi buruzko gorabeherak kontatu dizkigu Eneko Haritzak; Tartalo begibakarra liburuxkan, berriz, pertsonaia honen kondaira topatuko dugu, Yoana Figuerasen irudietan eta Eneko Haritzaren hitzetan. Haurrek, ipuinez gozatzen duten bitartean, marrazkiak koloreztatzeko aukera izango dute bi liburu hauekin.

Bestetik, aurten ere Ritxi Lizartzak idatzitako Hitanoa, mintza hadi lagun! eskuliburua salgai daukagu. Hitanoa nork bere kasa erraz ikasteko gida da, ariketa liburu batez, abestiz eta hainbat entzungaiz lagunduta.

Lan guztiak Malutarenwebgunean eta ohiko salmenta lekuetan eskura daitezke, baina Durangoko Azokan ere; Goienkale 11n, hain zuzen ere.

 

Gurekin harremanetan jarri nahi izanez gero, hona datuak:

Maluta argitalpenak

Arduraduna: Sabrina Mizobe

Portuetxe bidea 53-B, 109. bulegoa

20018 Donostia

Tel.: 943 504 206

Hel. elek.: sabrina@maluta.eu

 

maramara* taldea hizkuntzen arloko enpresa da. Gure lan nagusia itzulpengintza den arren, beste hainbat zerbitzu ere eskaintzen ditugu. Gune honetan, horiei buruzko informazioa emango dizuegu eta zuen ekarpenak ere jaso nahi genituzke.