Terrorismoak euskara zokoratu zuenean

NDQ2Mw==

1965. urte inguruan egunkari atzerritarrek euskaldun “agitatzaileak” (“The New York Times”, 1964-8-2) protagonista zituzten gertakariak deskribatzen hasi ziren: segurtasun indarren kontrako tiroketak, diktaduraren kontrako protestak, industrialarien bahiketak… Frankismoaren kontrako ekintzak zirela zioen prentsak eta trataera informatiboetan jarrera ulerkorrak ziren nagusi. Albisteak kokatzeko, euskal historiari eta euskarari buruzko datu batzuk eman ohi zituzten eta hizkuntzak bizi zuen zapalketari buruzko albisteek oraindik ere lekua zuten egunkarietan.

1970eko hamarkadan Francoren kontrako “euskal gerrillak” (“Los Angeles Times”, 1970-12-2) hasi ziren aipatzen. Laster ugaritu ziren ETAren siglak artikuluetan. Orduko prentsan “joera sozialistadun talde” (“The New York Times”, 1973-1-28) edo “erakunde nazionalista” (“The Columbus Telegram”, 1972-1-21) bezala deskribatzen zuten, eta bere kideak “estremista”, “erradikal”, “independentista” edo “separatista” gisa. Ez zegoen adostasun edo arau ezarririk, albistetik albistera eta egunkaritik egunkarira ikusten ziren ezberdintasunei erreparatuta.

Distantziakidetasunetik salaketarantz

Burgosko prozesuak eta Carrero Blancoren hilketak, besteak beste, ETAko kideenganako ulermena eta sostengua eragin zuten nazioartean: “World seeking mercy for Basques” (“Mundua euskaldunentzako barkaberatasun bila”, “Panama City News-Herald”, 1970-12-29) bezalako titularrak irakur zitezkeen egunkari batzuetan.

Franco hildakoan, ETAren biktimak ugaritzen zihoazen heinean euskarari buruz nazioarteko prentsan esaten zena murriztuz joan zen. Gertakariek ez zuten beste ezertarako zirrikiturik uzten: 1975etik 1980. urtera ETAk ia 300 pertsona hil zituen.

NDQ2NA==

Nazioarteko egunkariak ETAri buruzko erreportaje zabalagoak argitaratzeari ekin zioten. Indarkeriari eskaintzen hasi zitzaion trataera informatiboa distantziakidetasunetik salaketarantz aldatuz joan zen. ETA erakunde “separatista” bezala izendatzen zuten informazio askotan oraindik, baina “terrorista” hitza geroz eta maiztasun handiagoarekin erabiltzen hasi ziren.

1980ko maiatzaren 4an “The New York Times” egunkariko artikulu batek (“Terror in the Land of the Basques”) “Europako txokorik bortitz, ezegonkor eta arriskutsuenetariko bat” bezala deskribatu zuen Euskadi. Urteekin egoerak hobera egiten ez zuela konfirmatu zuen “Los Angeles Times” egunkariak 1984ko martxoaren 2an. “Liberty or Terror: Basques, a Dilemma for Spain” artikuluak gizartearen zatiketa ikaragarria zela zioen eta GALen agerpenaren berri ematen zuen. Euskadi gerra zibilerantz zihoala esaten zutenen adierazpenak ere jaso zituen prentsak.

Mobilizazioak eta albiste laburrak

Artikulu gehienak terrorismoari buruzkoak izanik, salbuespenak salbuespen, ETAren siglen esanahia zehazteko baino ez zen euskara aipatzen egunkari gehienetan: “Euskadi Ta Askatasuna” irakur zitekeen artikulu askotan eta ondoren itzulpen ezberdinak eskaintzen ziren egunkarien arabera.

1990eko hamarkadaren hasieran titularrek aldaezina zirudien errealitatea aurkezten zuten oraindik: “9 Killed by a Car Bomb At a Barracks in Spain” (“The New York Times”, 1991-5-30), “Seven Killed in Madrid bombing” (“The Indiana Gazette”, 1993-6-21), “Car Bomb in Spain Kills 6, Injures 15” (“Roswell Daily Record”, 1995-12-12)… Hamarkadako azken urteetatik aurrera, ordea, ETAren kontrako mobilizazioei buruzko informazioak agertzen hasi ziren nazioarteko prentsan.

2002. urtetik, atentatuak daudenean salbu, ETAri buruzko informazioak albiste laburretan landuak izan dira batik bat. Orokorrean, iraganeko hildako-zerrenda luzeek atxiloketei, epaiketei eta indarkeriaren kontrako protestei eman diete bide. Bestalde, egun hilabeteak pasa daitezke prentsa atzerritarrean “basque” hitza terrorismoari buruzko albisteei lotuta agertu gabe.

NDQ2Mg==

Irudia | ETAren aldeko euskarazko pintadak | "European Stars and Stripes" (1996-1-18) | LGPL
Irudia | ETAri buruzko titularren bilakaera | "The New York Times" | LGPL
Irudia | Miguel Angel Blanco Ermuko zinegotziaren hilketa gaitzesteko Madrilgo manifestaldiari buruzko artikulua | "The New York Times" (1997-7-15) | LGPL
ETA, euskara, nazioarteko egunkariak, Terrorismoa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude