Patio Maravillas

10.30ak. San Vicente Ferrer kaletik Patio Maravillaseraino iritsi nahi dut. Ezinezkoa da: sei poliziek (eta lau furgonetek) ixten dute kalea. “Intentalo más arriba, pero no te van a dejar pasar”, erantzuten dit agente batek irribarre batekin kazetaria naizela esan eta gero.

Hurrengo kalera noa. Quiñones. Berrogeita hamar bat gazte iada han bildurik. Eta ia hogei urdinezko gizon kalea mozten. Ez, poliziak ez dit gerturatzen uzten. Patio Maravillaseko kide batzuekin hitzegiten dut. Beraiekin sartzen uzten didate.

patio_maravillas11.00ak. Patio Maravillaseko hiru lagunekin barrura pasa naiz, poliziari ‘okupa’ bat gehiago naizela esan eta gero. “¿Pero tú vas a recoger cosas también?”, galdetzen dit urdineko batek. “Voy a ver si me dejé algo la última vez que estuve”. Ziria sartu diot eta barruan nago. Launaka sartu gara; guztira, 12 pertsona. Gure NAN zenbakiak idatzi dituzte beraien koadernoetan. Hiru koaderno ezberdinetan.

Barruan gaude! Twitterren zuzenean eman dut berri. Patio Maravillaseko 11 kide, hamarnaka polizia eta ni eraikinean.

Laugarren pisura goaz, goraino. Nire taldea eskalatzeko soka eta arnes batzuen bila ari da. Hirugarren solairura ondoren. Mikrofonoak eta proiektagailu bat. Beherago, bizikleta tailerreko pieza batzuk. Poliziek lasaitasunez, baina beraien itzala balira bezala, gazteei gauzak jasotzen uzten dizkiete.

Beheraino jeitsi gera. Maripili haizea hartzera atera dute gazteek. Horietako bat paretatik foko bat kentzen ari da laban batekin. “Tsss ¡El cuchillo!”, eskatzen dio polizia batek.

Kalera goaz. Anton ijitoaren kamioia iritsi da eta han sartuko dituzte gazteek Patio Maravillaseko gauzak. Elkartasuna adierazten ari direnekin ordezkatu daitezkeen galdetu dio neska batek urdineko bati. “Mejor que os vayáis las cuatro chicas y que vengan cuatro chicos”, esan dio poliziak. “Berdin dio, neska indartsuak gara gu”, erantzun dio neskak.

12.00ak. Harrapatu naute. Ordu bete daramat mugikorrarekin informazioa eta argazkiak bidaltzen, baina oraintxe harrapatu naute. “Oye, tú no estás recogiendo nada!”, esan dit batek. Ez, egia da. “Te hemos dejado pasar para que recogieras cosas”, jarraitu du. “Estoy haciendo mi trabajo”, erantzun diot. “Pues ese no es el trabajo que hemos acordado que ibas a hacer”. Elkartasuna adierazten ari diren gazteengana bidali nau. Berdin dit. Dena interneten dago. Jendeak gertatutakoaren informazioa dauka eta hori da garrantzitsuena.

Quiñones kalean elkarturik dagoen jendearekin hitzegin dut. Triste daudela, baina berriro okupatzeko asmoa dutela esan didate.

13.ooak Egunkarira itzuli naiz. Patio Maravillaseko inguruak poliziaz josirik daude.

21.00ak Patio Maravillasekoei idatzi diet etxera iritsi bezain pronto argazkiak bidaliko dizkiedala esateko. “Patio Maravillas berria dugu”, esaten didate. 12 ordu pasa dira.

Donostiarra. Mundua aldatzeko asmoarekin egin nintzela kazetari esaten dudanen, barre egiten dute. Berdin dit.