Nork esnatzen zuen Mary?

Nork esnatzen zuen Mary?

Nork esnatzen zuen Mary?Ai, iratzargailua… Langilearen miseriaren sinbolo bezala irudikatua izan da maiz. Zenbait idatzi eskaini ote zaizkion, zenbait abesti, zenbait bertso. Denak txarrak, seguru. Ze nazka ematen zuen ikasle garaian, bereziki irailean, goizeko seietan edo zazpietan jarri beharra zegoenean, hiru hilabeteko oporraldiaren ostean.

Nire adiskide batek harreman zelebre xamarra dauka iratzargailuarekin, nerabezarotik hona. Goizeko zazpiretan jaiki behar bada klasera joateko, lauretan jartzen du iratzargailua. Orduan esnatu, ordua begiratu, eta pentsatzen omen du: “ze ona, oraindik hiru ordu dauzkat lo egiteko”. Une horretan sentitzen duen plazera ez omen dago azaltzerik. Bakoitza mundu bat gara.

Iratzargailuak eboluzio txiki bat jasan du, eskuko ordulariak bezala. 25-30 urtetik beherako oso gazte gutxik darama ordulari bat eskumuturrean, ez bada dirutza balio duen pieza bat; betiko Casio ordulari merkeak, ordua jakiteko balio dutenak, desagertu dira. Zertarako ordularia mugikorra gainean badaramagu? Ba iratzargailuekin berdin, telefonoan jarri eta kito. Horrek gainera norberak nahi duen doinu edo abestia jartzeko aukera ematen du. Norbaitekin ohea eta loa konpartitzeko zortea izan dudanean, beti esnatu naiz doinu ezberdin batekin. Batzuetan “pi-pi” klasikoa, zatarra eta jasangaitz xamarra nire gusturako; Amelie filmaren soinu bandarekin esnatu nintzenekoa ederra izan zen; eta amaitzeko, “Minutu bat goizero” entzunez begiak zabaldu nituenean irribarre handi batekin ekin nion egunari. Eguna hasteko abesti onena iruditzen zait, ez du parekorik.

Bakoitzak gure metodologi propioa daukagu iratzargailuarekin. Batzuek alarma bost minutuero errepikatzen jartzen dute, eta kristo bat eginda jaiki ordu eta erdira. Besteek ez dute errepikatzen jartzen, horiek izaten dira normalean lo geratzen direnak. Nik badaezpada gelako beste puntan jarri izan dut beti, nire burua jaikitzera behartzeko.

Nork esnatzen zuen Mary?
Argazkilaria: Philip Davies

Nola kristo konpontzen ziren iratzargailua asmatu aurretik? Mundu guztiak ez zuen oilarrik edukiko etxean. Gainera, egunsentian abesten dutela esatea topiko bat iruditzen zait. Nire etxetik ehun metrora dagoen baserrian badago bat, eta batzuetan goizeko lauetan jartzen da abesten, nazkagarria. Horrelakoetan ordulariari begiratu, lauak direla ohartu eta pentsatzen dut: “ze ona, oraindik hiru ordu dauzkat lo egiteko”. Une horretan sentitzen dudan plazera ez dago azaltzerik.

Ba Londonen bazen behin, behin bazen, dagoenekoz galdua den ogibide bat (eskerrak galdu den), iratzargailu ibiltariarena. Beno, “gailu” beharbada ez dago ondo esana. Iratzartzailea? Mary Smith bezalako jendeari sei “penike” ordaintzen zizkioten astean jendea goizean goiz esnatzeko. Tinbrea ere ez zen asmatua, eta Maryk, Amazoniako ehiztaria lez, bere tutua eskutan zuela zeharkatzen zituen Londoneko karrika estuak, leihoetara harri txikiak jaurtiz.

Baina galdera da: nork esnatzen zuen Mary?

Nork esnatzen zuen Mary?

Nork esnatzen zuen Mary?