Norabide bakarreko adierazpen askatasunaz

MjgwNA==

Astelehen honetan jarri da indarrean Haurdunaldiaren Borondatezko Etenaren eta Sexu eta Ugalketa Osasunaren Lege Organikoa. Badirudi, hamarkadatan borrokatu den eskubidea legeztatu egin duela azkenik Espainiar Konstituzioak.

Askok uste dugu klandestinitatea desagertaraziko duen arren, legea hanka motz gelditu dela eta ez duela eskubidea lurralde guztietan bermatuko. Baina ez nator gaur Abortuaren Legeaz hitz egiteko asmoz, ez; aurrekoan aritu bainintzen, eta ni baino finago aritu zen Maite Asensio Berrian

Elizaren adierazpen askatasunaz egin gura dut berba, harritzen ez nauen arren, nekez ulertzen dudan askatasunaz. Izan ere, ez ziren 48 ordu igaro legea onartu zenetik, Donostiako Gotzain Jose Ignacio Munillak bere iritzia Berriako laugarren orriko lau zutabetan bota zuenean. Ala, hobe esanda, Munillari bere iritzia Berriako laugarren orriko lau zutabetan botatzen utzi zitzaionean.

Azken hilabeteetan gehiegitan entzun diodan tonu iraingarria moderatu egin zuen Munillak, Donostiako gotzainak jakin bazekien egunkarian eman zioten aukera ezin zuela hitz makurrez blaitu. Elizgizonak bazekien “bereetakoak” diren medioetan abortu eskubidearen aldeko iritzia zentsuratu egiten dutela eta aitzitik, Berria egunkariak honen aurka egiteko parada aitortu ziola. Aukera paregabea, gero. 

Edonola, eroso ikusi nuen Munilla bere artikuluan. “Bidegabekeria nagusitu da. Giza eskubideen historian, 2010eko uztailaren 5a egun beltza izango da”, esan zuen beroketa-ariketetan. Baina behin luzaketak eginik, Calcutako Ama Teresa izan zuen hizpide, eta hark defendatu bezala, haurrak banan-banan salbatu behar ditugula esan zigun, elizako “erreskate taldeak” (ez dira nere hitzak) hortaz arduratuko baitira. Emakumeek abortatu ostean pairatzen dituzten “zauri moral eta psikologikoak” genero indarkeria berarekin alderatzeko ausardia izan zuen. Eta azken esprintean, legearen ondorio tamalgarriena heziketa sisteman nabarituko dugula eta Sexu Osasunaren eta Ugalketaren Legeak “gurasoek euren seme alaben heziketan dituzten eskubideak zanpatu eta eskolan abortuaren aldeko eta genero ideologiak inposatzen dituela” argitu zigun.

Bejondeizula, Munilla! eskerrak eman jainkoari eta goza ezazu zure adierazpen askatasunaz. Eta ea noiz oroitzen zaren ni ere zure medioetara gonbidatzeaz. Eroso galdetuko dizut nik ere zergatik hartu zaituen hain hotz klero gipuzkoarrak, ala noiz kondenatuko dituzun publikoki elizgizon “pekatariak”.

Irudia | Jose Ignacio Munilla | Nueva Vida | Creative Commons By SA
adierazpen askatasuna, eliza katolikoa
Irati Elizalde

kazetaria-edo

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude