Mugarik gabeko Europaz

Gure belaunaldikooi arrunta, logikoena, iruditzen zaigu, Europan barrena bidaiatzerakoan, dokumentazio berezirik behar ez izatea. Zuri-beltzean ez, baina halako granulatu lodi batekin eta kolore deigarridun jertse handiz jantzita irudikatzen ditugu muga zeharkatzerakoan, jendarme zein guardia zibilen kontroletan, gure gurasoek bizitako pasadizoak. Guri, gurasorik gabeko lehen bidaia independenteak euroa martxan zegoela egin genituenoi, normala iruditzen zaigu etxepeko okindegian ogia erosteko darabilgun txanpon bera Pragako taberna batean zerbeza bat ordaintzeko erabiltzea. Zentzu horretan, ohitu egin gara europar izatera.

Honen aurrean, hitz ederrez betetzen zaie ahoa Europako erakundeei, eta baita Europazale sutsuenei ere, “mugarik gabeko Europaz” hitz egiten dutenean. Eta guk, progre-guay europarrok, sinetsi egiten diegu. Ahantzi egiten dugu, noski, hesi eta alanbradaz inguraturiko gure gotorleku europarrak mugak dituela, mugarik gabeko eremu hau nonbait amaitzen dela, eta mugarik gabeko eremuaren mugak beste edozein baino bortitzagoak izan daitezkeela.

Espainia/Maroko

Ezagunak dira Ceuta eta Melilla hiri afrikarrak “legez kanpoko etorkin uholdetik salbatzeko” eraikitako hesiak.

MjgxMg==

Espainiaren ondare kolonialaren arrasto hauek sei metro garai diren metalezko hesi sorta batek banatzen ditu marokorengandik. Hesien arteko tarteak bertan erortzen den edonor harrapatzeko pentsaturiko soka elastiko anabasa batek eta militarren patruila bat igarotzeko zabalera duen zementuzko bide batek betetzen dituzte. Honez gain, zaintza-dorreak eraiki dira mugaren alde espainiarrean, eta militar marokoarrek mugaren beste aldea zaintzeko agindua dute. Dagoeneko hildako ugari eragin dituzte bi hesi hauek.

Kulkiszki (Bielorrusia)/Sakaline (Lituania)

Irudika ezazu goiz batean jaiki eta gelako leihotik kanpora begiratzean, bi metroko hesi bat ikusten duzula kalearen erdi erdian, eztendun alanbrez koroatua. Ez, ez gara 60ko hamarkadako Alemaniako Errepublika Demokratikoaz ari, 2004ko Europar Batasunaz baizik.

MjgxMw==

Horixe gertatu zitzaien Kulkiszki herri bielorrusiarreko eta Sakaline herri lituaniarreko biztanleei. Lituania eta Bielorrusia banatzen dituen mugako bi herri hauek bakarra bailiran hazi ziren hamarkadatan zehar. Sobietar Batasunak bigarren mundu gerra irabaztean ezarri zen muga, baina bi lurraldeak sobietar batasunaren zati zirenez ez zen inolako muga arazorik izan. SESB desegin zenean ordea, bi lurraldeek independentzia aldarrikatu zuten, eta oso bide ezberdinak hartzen hasi ziren. Lituania mendebaldeko demokrazia parlamentarioen tankera hartzen hasi zen, Bielorrusia Errusiaren orbitan mantentzen zen artean. Hala, 2004an, Lituania Europar Batasuneko kide bihurtu zenean, garai batean mapetako lerro bat baino gutxi gehiago zena Europar Batasunaren ekialdeko muga bilakatu zen, hamarkadek batutako herri hauek hesi batekin bananduaz.

Orain kalearen beste aldera igarotzeko 75 euro kostatzen zaien Schengen bisa lortzeaz gain, 40 kilometrotara dagoen posturaino joan behar dute hesia handik zeharkatzeko.

Zipre

Hemen aipaturiko hiru kasuen artean gogorrena da Ziprekoa. Nikosia, bertako hiriburua, Berlingo harresia erori zenetik munduan geratzen den hiriburu banandu bakarra da, Zipreko Errepublikako eta Ipar Zipreko Errepublika Turkiarreko hiriburua delarik.

MjgxNA==

1974an banatu zuten Zipre. Urte artan estatu kolpe bat eman zuten militarrek, Greziaren laguntzarekin, eta gutxiengo turkiarraren egoera aitzakiatzat hartuta, Turkiako armadak irlaren iparraldean inbaditu zuen. Hasiera batean Zipreko estatu turkiar federatua sortzen saiatu ziren turkiarrak, baina nazioartearen erantzuna ikusita, 1984an Ipar Zipreko Turkiar Errepublika sortzea erabaki zuten. Egun, Turkia da Ipar Zipreko Errepublika Turkiarraren independentzia onartzen duen munduko lurralde bakarra. 2004an Zipre Europar Batasuneko kide bihurtu zen, Ipar Zipreko arazoa dela eta Schengen eremuan sartzerik izan ez bazuen ere.

Bi lurraldeak banatzen dituen muga “eremu berdea” izeneko muga da. Lurralde osoa alderik alde zeharkatzen duen muga honek bete betean harrapatzen du Nikosia, Zipreko hiriburua. Hala, hiriko zenbait kale harresi batez itxita daude 1974tik. Alde batetik bestera gurutzatzeko puntu bakarra dago hiri osoan, alde bateko zein besteko militarrek gau eta egun jagoten dutena.

Irudia | Melillako hesia | pedrobea | Creative Commons By SA
Irudia | Lituania eta Bielorrusiaren arteko muga | Jan Krogh | Creative Commons By SA
Irudia | Hesia alde greziarretik | wikipedia | Creative Commons By SA
Europar batasuna, Mugak, Schengen espazioa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude