Minbiziaren aurkako azken aurrerapenak Elhuyar aldizkariko abenduko zenbakian

Elhuyar-aldizkaria-2011aben

Minbiziaren aurkako gerra irabazteko asko falta bada ere, hilkortasun-tasa gutxitzea eta pazienteen ongizatea hobetzea lortu da azken urteotan. Neurri handi batean, tratamenduetan izan diren aurrerapenei zor zaio hori. Aurrerapen horien berri ematen da Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariaren abenduko zenbakian, bi artikulutan: dagoeneko erabiltzen diren tratamenduak zertan diren jaso da, batean; eta oraindik proba-fasean baina pazienteetara iristeko ia prest daudenen berri ematen da, bestean. Horretarako, ospitalean zein laborategian minbiziarekin lanean ari diren mediku eta ikertzaileen kolaborazioa izan du Elhuyar aldizkariak zenbaki honetan. Besteak beste, Arrate Plazaola onkologoarena eta Jose Antonio Rodriguez genetistarena.

Beste erreportaje hauek ere landu ditu Elhuyar aldizkariak: Elkarrizketa: Adolfo Eraso, izotzetako gizona. Geologoa eta glaziologoa, urteak eman ditu lur azpiko barrunbeak aztertzen. Azkenaldian, ordea, Ipar eta Hego poloen artean dabil, izotzaren eta glaziarren bilakaera ikertzen. Abenturazale amorratua bada ere, zientzialaria da beste ezeren gainetik. Smartphone baten erradiografia. 100 zentimetro kubikoan, telefono modernoek teknologia harrigarria daukate gordeta. Horri esker, ez dira telefono hutsak, telefono “adimendunak” baizik. Adimendun izateko sekretuak Paul Minguez ingeniariaren laguntzaz ezagutarazten dira. Khiluk, laku pintoa. Ura lurrundu ahala, putzuak sortzen dira, eta prezipitatutako mineral zuriz inguratuta geratzen dira; horrela hartzen du itxura pintoa. Steve Jobs desmitifikatuz. Steve Jobsi hainbat merezimendu onartu behar zaizkion arren, teknologikoki duen meritua, askatzaile-izaera edo informatika bere osotasunean hartuta izan duen eragina ez dira egotzi dizkiotenak bezainbatekoak; ezta gutxiago ere. Hala dio Igor Leturia informatikari eta ikertzaileak Mundu digitala atalean. Dominikar errepublikako lur azpiko altxorrak. Los Haitises parke naturala Dominikar Errepublikako karst tropikal ikusgarriena da. Azken urte hauetan han izan dira kobak topografiatzen eta aztertzen Bilboko Alfonso Antxia Espeleologi Zientzien Elkartekoak. Karstaren barrutik doan uraren ezaugarriak aztertu, eta 23 koba topografiatu dituzte.

Elhuyar aldizkaria dagoeneko salgai dago liburu-denda nagusietan eta Elhuyarren webgunean.

Elhuyar 1972an jaio zen zientzia eta euskara uztartzeko asmoz. Elhuyarrek Kultur Elkarte bezala egin zituen lehen urratsak eta 2002an Fundazio bihurtu zen. Ordutik, Elhuyar Fundazioak etengabe dihardu lanean zientzia eta teknologia gizarteratzeko eta euskararen garapena bultzatzeko. Elhuyar Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da eta hainbat diru-iturriri esker dirau lanean: bazkideen ekarpenak, diru-laguntza publikoak eta Elhuyarrek ekoizten dituen produktuetatik lortutako mozkina. Elhuyarren xedea hauxe da: Euskara zientzian, teknologian eta gizartean sendotzen eta harentzako arlo berriak eraikitzen egiten dugu lan, euskal komunitate aktiboa eta kritikoa helburu.