Michael Jacksonen abesti gustukoenen nire zerrenda

Nzk5Hil zen arte, Michael Jackson pertsonaia oso ezagun eta ikaragarri bitxi bat bakarrik zen niretzako. Musikarako sentsibilitatea eta, ondorioz, zaletasuna eta interesa, 15 bat urterekin piztu zitzaizkidan —1996an edo— eta sasoi hartan, dagoeneko, Jacksonen eszenatokiz kanpoko jazoerek minutu eta orrialde dezente hartzen zuten hedabideetan. Hain ziren istorio singularrak! Menu kurioso, partzial eta sarritan sentsazionalista hura da urteetan digeritu dudana. Ondorioz, Michael Jackson txiste bat izan da niretzako luzaroan; hil zen arte, hain justu, hasieran aurreratu moduan.

Jakina da, hiltzea lako penitentziarik ez dagoela gizarte ikuspegitik. Hil zaitez eta bizitan zenituen bertute apurrak goraipatuko dituzte eta inoiz izan ez dituzun beste asko asmatu. Absolbituko zaituzte, ahoz bakarrik bada ere (ez bihotzez). Mundu honetatik zalaparta berezirik sortu gabe joan garenoi zuzendutako laudorioak hiletagaz hasi eta ehorzketagaz amaituko dira. Denbora tarte horretan lurrunduko dira Andy Warholek bizitarako aurreikusten zituen hamabost minutuak. Michael Jacksonek, ordea, musikaren oinarrietan eragin zuen. Ikuspegi berriak arakatu zituen, berritzailea izan zen eta milioika zale hipnotizatu eta bereganatu zituen. Kritika mediatikoek, eta, salaketa eta epaiketa konprometituek izar amerikarraren eta zaleen arteko harremana estutu zuten. Hantxe egongo ziren behar zuenerako. Beraz, hil zenean, mitifikazioaren makina erraldoia berez jarri zen martxan.

Olatu itzel hark mundu osoa busti zuen. Gehienek arropaz aldatu eta bere zereginetan jarraitu zuten. Nik ez. Blai eginda geratu nintzen eta alperrik aldatuko nituen prakak eta kamiseta, hezurretaraino bustita nengoen-eta. Lehenengo bakarkako bere bost lanak erosi nituen. Ez dakit zelan azaldu ere, baina abesti askok berehala erakarri ninduten eta behin eta berriro entzutera kondenatu. Kondenatu diot, kasik nire gogoaz gaindiko indar baten eraginpean sentitzen nuelako neura burua. Kuriositatea obsesio bilakatu zitzaidan apurka-apurka. Gero etorri ziren internetetik letrak jaitsi eta buruz ikastea, zuzeneko DVDa erostea, Jacksonen defentsa sutsua —zentzurik gabe  batzutan—, moonwalk-agaz lotsagarriak hango eta hemengo jaietan… En fin, aspertuta ditudala lagunak, ezagunak, lankideak, gurasoak… 

Ez ditut Jackson zale asko ezagutzen. Baina egon behar dute hor nonbait. Beraz, Michael Jacksonen bakarkako ibilbideko abestirik gustukoenen zerrenda osatu dut. Gustukoen ditudan hamarrena. Zein gehituko zenukete? Zein kendu? Abestien ordenarekin ados? Konturatuko zareten moduan, Thriller zerrendatik kanpo utzi dut, baita Heal the world ere. ZuZeukoak ere zoratu behar ditut…

1-    Billie Jean

2-    Smooth criminal

3-    Give in to me

4-    Black or white

5-    Beat it

6-    Dirty Diana

7-    The way you make me feel

8-    Off the wall

9-    The lost children

10-    Working day and night

Irudia | Poparen errege | CainAndToddBenson | Creative Commons By SA

AbadiƱon (Matiena auzoan) jaio nintzen 1981ean. Kazetaria