Literatura eta kazetaritza

Literatura eta kazetaritza

Zenbat idazlegairen itxaropenak zapuztu ote dira kazetaritzako fakultateetan? Ikasleek maisuen ahotan mila bider entzuten duten premisa baita honakoa: “hau ez da literatura, hau kazetaritza da”.

Atzokoan, ordea, kazetaritzaren eta literaturaren arteko muga malgua izan daitekeela azaldu zuten Juan Cruzek eta Pedro Ugartek. Bilboko Bidebarrieta liburutegian, “Eztabaidak literaturarekin” zikloaren baitan, literatura eta kazetaritza zerk batzen dituen, eta zerk banantzen dituen aztertu zuten.

Juan Cruzek bere baitan idazlea eta kazetaria dituela azaldu zuen. Eta argi eta garbi duela noiz egin behar duen lana batek, eta noiz den besteak. Bi pertsonaia bakar batean, baina, elkarrekiko jelosiarik ez duten bi pertsonaia omen.

Ugartek, aldiz, modu ezberdin batean bizi du idazle/kazetari dualismoa, eta kazetaritzaren hainbat alorretan litertura jorratu daitekeela defendatzen du. Iritziak eta zutabegintzak, batik bat, litraturatik asko dutela dio.

Cruz idazle izan nahi duten kazetariek duten arriskuaz mintzo zen. Albiste baten aurrean, datuak egiaztatzea, gertakarien egiazkotasuna, alderdi guztien iritziak kontuan hartzea, idazketa literario baten alde baztertzeak, irakurlea albo batera uztea baitakar. Horregatik kazetaritzaren alorrean, lanbidearen arauak sakratuak direla dio. Nahiz eta, literaturari bidea irekitzen dioten generoak badirela aitortzen duen.

Muga, kazetariaren kontzientziak jartzen duela defendatzen du kazetari kanariarrak.

Ugartek, hala ere, informazio hutsetik haratago, kazetaritzan testua lantzeko moduak bigarren mailako informazio bat ematen duela dio. Bigarren mailakoa izanik ere, erabateko garrantzia duena. Ildo horretan, literatura luzitzetik haratago doala defendatzen du.

Kazetaritza non amaitzen den eta literatura non hasten den ere ez dago garbi hainbat kasutan. Gizarte jakin baten erretratu sinesgarria osatzen duten nobelak ez al dira kazetaritzako lanak era berean? Zenbait kasutan, nobela batek, egunkariek eskaintzen duten informazioa baino errealagoa den kontakizuna egin baitezake.

Hemingwayren hitzak ere eztabaidagai izan ziren. Moderatzaile lanetan aritu zen David Barberok haren esaldi bat ekarri baituzn gogora: “Idazle on bat izan nahi duenak, kazetaritzatik ihes egin behar du, ahal bezain laster”. Cruzek eta Ugartek ez dute bat egiten Hemingwayren esaldiarekin. Are gehiago, Heamingway idazleak, Heamingway kazetaritik asko zuela defendatu zuten.

Kazetaritza, literaturgintzarako pizgarri izan daiteke. Baina literatura egiteko grina ere itzali dezake. Kazetaritzan egiazkotasuna zaintzea eta irakurlea gogoan izatea beharrezkoa den bezala, literaturan, mugak malguagoak dira.

Finean, bi dizplinek ez dutela zertan bateraezinak izan ondorioztatu zuten.

Irudia | kazetaritza eta literatura bateraezinak ote? | gizga | Creative Commons By SA
kazetaritza, literatura
Eli Epelde

Kazetaria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude