Lilatoiari eskerrak!

Betiko zalantza ekartzen du Lilatoiak. Emakumeentzako soilik den ekitaldi bat ospatzea beharrezko da? Ez al da atzerapausoa? Emakumezkoek sartu ezin duten elkarterik ez badugu nahi, gizonezkoek parte hartu ezin dute lasterketarik nahi dugu? Beharrezkoa al da? Bada bai, Lilatoria gaur-gaurkoz beharrezkoa da, izan ere Lilatoian ateratzen garen emakume asko eta askorentzat modu bakarra da kirola harrotasunez egiteko, 5 kilometroko espazio hori geureganatzeko.

Korrika egiten hasi aurretik hainbat lotsa gainditu ditugu emakumeok. Betiko kezka baitzen, zer esango dute besteek? Eta lehen erantzuna da: “niri bost!”. Baina erantzun hori ematea ez da hain erraza oraindik ere.

Entrenatzera ateratzen naizenean, oraindik ere, bi jarrera gogaikarrirekin egiten dut topo. Zenbaitek aitakeriaz, edo paternalismoz animoak ematen dizkit “animo neska, badezakezu!”. Edo bestela, atzo bertan gertatu zitzaidan bezala, autotik lizunak izan nahi duten txistu hotsak egiten dituzte. Zorionez, jende gehienaren jarrera indiferentziazkoa edo poza edo antzeko jarrera arrunta erakustea da. Baina oraindik ere jarrera gogaikarriak pairatu behar ditugu.

Horrexegatik, eta indarrak batzeko, gutxiago aspertzeko, arinago joateko… lagun artean entrenatzen gara Lilatoierako. Adin desberdinetako emakumeak elkartzen gara herrian urtarril erditik edo otsailetik hasita, eta benetan ederra da espazio bera konpartitzea hain adin eta izaera desberdineko emakumeek, 16tik 60ta pikura bitarteko andreak, denok elkarrekin korrika egitea. Gure kasuan, Lilatoia da urtean korrika egitera motibatzen gaituen ekitaldia. Aitzakia horrekin hasi ginen duela lauzpabost urte eta jarraitzeko asmoa dugu.

20 urte daramatzate Lilatoia egiten, eta iaz 1.300 inguru emakume bildu ginen. Ikaragarrizko hotza egiten zuen, baina jendearen txalo zaparradekin ia konturatu gabe egin genituen 5 kilometroak. Nerea Amilibia zizurkildarrak 20 minutu baino gutxiago behar izan zituen… denbora bikoitza igaro zenerako iritsiko ginen gu. Baina gustura!!!

Bideo honek azaltzen du zergatik den beharrezko Lilatoia:

Lilatoiko kartela

Irudia | Lilatoiko kartela | Lilaton | LGPL

3 pentsamendu “Lilatoiari eskerrak!”-ri buruz

  • Bat nator guztiz zurekin, Maite.

    Iragan urterarte ez nuen sekula korrikarik egin, are gehiago, aspergarria eta zentzurik gabekoa iruditzen zitzaidan. Nire bizitzan momentu konkretuetan egin behar izan dut korrika: presaka nenbilelako edota baten bat atzetik nuelako!

    Iaz, gure ikastolak Kilometroak antolatzen zuenaren aitzakian, ekintza komunikatibo garrantzitsua izango zelakoan han bildu ginen ehuntapiko emakume: gurasoak, irakasleak, ikasleak, ikasle ohiak… eta oso hunkigarria izan zen. Egun hortatik aurrera… eta zergatik ez jarraitu? Kirolaren aitzakian, astean pare bat ordu guretzat hartzeko, eta korrika egitea eta berriketan aritzea oso bateragarriak ez diren arren, eguneroko tentsioak askatzeko momentu aproposa bihurtu zen.
    Gure herrira gerturatzen den edozein, harriduraz ikusiko du gaueko 8etatik aurrera korrika edo oinez ikus daitezkeen emakume mordoa!

    Eta aurten berriro. Denbora daramat kritikak entzuten, diskriminatorioa dela, tarari-tarara… Kontxo! Niretzat ez da lasterketa bat!! Jai bat da! Aldarrikapen bat da! Lotsak, nekeak eta konplexuak alde batera utzi eta lagunekin eta familiarekin konpartitzeko egun aparta.

    Eta aurten, pertsona konkretu bati eskaini nahiko nioke nire GARAIPENA: Beatriz Etxeberriari, espainar komisaldegietan torturatua eta bortxatua izan den azken emakumeari.

    13an, 11tan Bulean topatuko gara!

  • Neu ere han izango naiz! Iaz atera nintzen lehenengo aldiz, eta ederra izan zen. Bai Lilatoia bera, baina batez ere aurreko egunetan auzoan sortu den giroa, hara eta hona emakumeak korrika. Ziur naiz horiek ez liratekeela kalera korrika aterako Lilatoiagatik izango ez balitz. Baina orain beste urratsa egitea falta zaigu: Lilatoietik lasterketa herrikoietara animatu behar gara, horiek ere geure espazio izan behar dira!

  • Nik ere gauza bera pentsatzen dut, beharrezkoa dela Lilatona, martxoaren 8a beharrezkoa den bezala, horregatik astearteko manifestazioan izan nintzen eta igande honetan ere korrika egingo dut. 60ko hamarkada baino lehen jaio garenok aldaketa asko ikusi eta egin ditugu, baina gauzak asko aldatu diren arren, pila bat dago oraindik egiteko, bai mundu osoan, bai hemen, gure inguruan. Eta ezin dugu konplexu izan emakumeen aldeko mugimenduen kontra entzuten ditugun mespretxuzko komentarioengatik. Non egongo ginatekeen bestela!