Komunikazio Korporatiboaren Hizkuntz Politika

2183647880_654286a590Komunikazio korporatiboaren hizkuntz politika zehatz bat ezartzeko proposamen irekia da hau. Euskararen normalizazioa eta komunikazioaren eraginkortasuna izan dira irizpide nagusiak proposamena osatzeko. Hainbat betekizun dakar aldean proposamenak: erakundeen aldetik, hedabideen aldetik eta profesionalen aldetik. Jendea uste duguna baino aurrerago dagoela sinetsita nago, eta garaia da gauzak positiboki definitzeko, eta ez hainbeste besteak zein gaiztoak diren esaten ibiltzeko matraka latza ematen.

Egoera desorekatzeko eta reekilibratzeko asmoa ere badu proposamenak, gauzatuko balitz, praktikan. Alegia erakunde kopuru jakin batek bere egingo balu, atalase jakin batetik aurrera atzera bueltarik gabeko egoera berri bat sortuko luke, eta hortik aurrerako eztabaida irabazita legoke aldez aurretik praktikan.

Honakoa proposamen irekia da, eta seguruenik ez du balio edozein enpresa edo erakunderentzako. Eredu proposamen bat besterik ez da. Ez naiz hizkuntz normalizazioan aditu, jakina, baina hauek izan dira erabilitako irizpideak proposamena osatzeko: hizkuntz normalizazioa, komunikazioa eta eraginkortasuna. Proposamenak graduak onartzen ditu, noski, baina ez proposamena bera desitxuratzeraino. Proposamenak eztabaida desorekatzeko/reekilibratzeko asmoa ere badu.

Prentsaurrekoak: euskara hutsez. Galdera-erantzunak galdera formulatu den hizkuntzan.

Prentsa-oharrak: euskara hutsez.

Prentsa-deialdiak: euskara hutsez.

Elkarrizketak:

  • analogikoak idatziz: hemengo medioei euskara hutsez. Kanpokoei bere hizkuntzan, elkarrizketatuak horretarako aukera badu; bestela, euskaraz etxeko itzultzaile batekin. Kanpokoa izanda Euskal Herrian ordezkaritza badu, orduan euskara hutsez.
  • digitalak idatziz: galderaren hizkuntzaren arabera.
  • kamara aurrean zuzenean: medioak nahi duen hizkuntzan.
  • kamara aurrean ez zuzenean: euskaraz, salbuespenak salbuespen.

Sare sozialak: oro har, hizkuntza bakoitzak bere kanala.

Webgune korporatiboa: eduki estatikoak lau hizkuntzatan: euskara, gaztelania, ingelesa eta frantsesa. Eduki dinamikoak gutxienez euskaraz eta gaztelaniaz/frantsesez. Sare sozialetan eta emailaren bidez egindako kanpainen kasuan, hizkuntza bakoitzak bere “landing page”-a izango du.

Barne aldizkaria: euskara hutsez langileen elebitasun-tasa %70tik gorakoa bada. Zalantzak hemen…

Zirkularrak: euskara hutsez.

Intraneta: euskara hutsez.

Kanpo aldizkaria eta katalogoa: xede-taldearen araberako hizkuntza erabiliko da. Hizkuntza segmentazio-irizpide garrantzitsua denean, orduan xede-talde bakoitzari bere hizkuntzan idatzitako aldizkaria helaraziko zaio. Ez da aldizkari elebidunik egingo. Banaketa arazoengatik aldizkari elebiduna egitea beste aukerarik ez badago, “hankazgorako” ereduari jarraituko zaio, ez parez pareko zutabeen edo leihoen ereduari.

Kartelak eta eskuorriak: elebakarrak izango dira, inoiz ez elebidunak. Kanpainak, ordea, elebiduna izan behar du.

Merchandisina: euskarriak elebakarrak izango dira. Ahal den guztietan euskara hutsez.

Papeleria: ohikoa euskara hutsez. Berezia, dagokion hizkuntzan edo elebiz, hierarkia baten barruan.