Kibutzeko kronikak

Gure Kibutzean lau katu lagun bizi gara. Lau zulu, nolabait esateko. Bantustana osatzen ahalegindu ginen, baina jakin badakitenek esan ziguten ez ginela gutxieneko kopurura heltzen. Eta akabo.

Beste Kibutz batzuk ezagutzen ditugu geuretik gertu, baina guztiak batera ere, ez bantustana osatzeko adinakoak. Hala ere, egiazko mundura jaisten garenean, eta han elkarrekin topo egiteko zortea dugunetan, zulueraz aritzen gara, jakin arren horrela errealitatetik kanpo bizitzen jarraitzen dugula eta ez dugula herria zuluztatzen laguntzen, baina zer egingo zaio, harra erraietaraino sartuta daukagu…

Gure lurretatik ez urrun, bada bantustana, edo bantustan izatetik gertu dagoen lurralde zulu jendetsu bat. Zuluzkoa esaten zaio.
Zuluzkoan bertan, duela gutxi, ugazaba kolonizatzaile eta morroi kolonizatuei aurre egin, eta ugazabek eurek dauzkaten hizkuntz eskubide berdinak ez bada ere, berdintasunaren bidean jartzeko eskubideak aldarrikatu eta ezarri egin dituzte. Sinestezina!
Inguruan garen kibutz isolatuetako zuluontzat egun handia izan zen, inoiz gutxitan bezala zuluek burua altxa eta ugazabek dituzten eskubideak aldarrikatu baizituzten zuluontzat ere. Hura poza!

Gutxi iraun zuen baina. Ugazaben hizkuntz arruntean (hala esaten diote eurek behintzat), bada esaera azti bat, horrela dioena gutxi gorabehera: “hace un día cojonudo… ya verás cómo viene alguien y lo jode”.
Eta hala gertatu zen.

Ugazaben leinuak sutan jarri ziren guztiak, Batzuk bestetzuk baino nabarmenago. Hango kea! Hori esperatzekoa zen baina. Ugazabak ez daude pribilegioak galtzeko, ez hemen, ez inon.

Egunaren ederra izorratzera etorritakoa gure arteko bat izan zen. Zuluon leinurik handieneko buruetako bat, alegia. Urkukuyu izeneko buruzagia. Zuluzkoan hartutako neurriez galdetu zioten ugazabek haserre, oldarkor, Urkukuyuri.

Hango eta hemengo zuluek espero eta desio genuen antzarrak ferratzera, edo zezen plazara edo ikoak batzera bidaliko zituela Urkukuyu handiak… baina ez. Urkukuyu jefea kikilidu eta makurtu egin zitzaien ugazabei, eta gure lotsarako, arrazoia eman zien; Zuluzkoan inposaketaren bidea aukeratua zutela, baina hori ez zela inondik ere bere leinukoen aukera.
Eta aitortu zien nahiago zuela, gurago zutela ugazabekin adostu, kontsentsuatu, menpekotasunaren noiz artekoa, eta eskubidetxo batzuk eskuratzeko egutegi balizkoa… posible litzatekeen neurrian, beti ere.

Nortzuekin eta euren hizkuntz arrunta (hala esaten diote eurok) jakitera behartzen gaituzten horiekin.
Lotsa.

4 pentsamendu “Kibutzeko kronikak”-ri buruz

  • Urkukuyuren leinukide Josebari ere antzeko adierazpenak entzun genizkion lehengoan ETBn: Zuluzkoako agintarien erabakia, azken finean, zulueraren kalterako izan daitekeela. Ez da, beraz, Urkukuyuren iritzi soila, edo Josebarena, Alderdiarena baizik. Horixe gogorarazten zuten Lorea Agirreren hitzek lehengo eguneko artikulu argi batean:

    “Inposizio hitza, nazi eta faxista baino mingarriago egiten da, euskaldun eta ustez euskararen normalizazioaren aldeko den buruzagi jeltzale baten ahotik etorrita. Baina halaxe esan du, non eta Andoaingo Kilometroen festan, ondoren ikastolen urte luzeetako lanaren arrakasta azpimarratzeko. Kontraesana begibistakoa da. Ikastolen arrakasta ez dator euskara lehenestetik, baizik eta euskara hutsezko gune hegemonikoa izatetik. Jeltzaleen gaurko logikan, Aldundiaren elebitasun politika inposizio bada, ikastolena faxistakeri ikaragarria behar du izan. Ikastolak, euskara hutsezko eskolak, gaur sortuko balira EAJk inposiziotzat joko lituzke. Nekez eskertzen da ikastolak euskara hutsez behar zutela izan erabakitzeko gure gurasoek izan zuten sena, buru-argitasuna eta kemena euskara lehenestea inposizioa dela esanda. Non egongo ote ginateke hizkuntzaren praktikan eta diskurtsoan ikastolarik izan ez balitz?”

  • Euskaldunen hizkuntz eskubideak babesteko urrats bat ematen den bakoitzean unionistek eta euskaltzale “zuhurrek” opa dizkiguten harribitxiekin bilduma mardula osa genezake.
    Dena den, gero eta baikorragoa naiz euskararen geroaz. Izan ere, egungo anabasan, noraezak eta ekaitzak jota, oraindik ere milaka eta milaka lagun euskaraz bizitzeko prest bagaude, zer ez dugu egingo baldintzak pixka bat hobetzen direnean?
    Urkukuyu eta Josebaren leinukoak ez baitira lema zuzendu beharrean dauden bakarrak.
    Demagun erakunde euskaltzale handienetako eta eraginkorrenetako buruetako batzuek erdaraz jarduten dutela normalean… Ulertezina ezta? Sinestezina ezta?
    Bada, eguneroko ogia gurean.
    H
    Baina pentsa egunen batean jokabide horren

  • Zuluzkuan morroi kolonizatuek kudeatzen dituzte ugazabaren legeak, ez dute botere propiorik. Horregaitik, ezarri dituzten neurriak, zuk ondo esan bezala, ez dira ugazabek eurek dauzkaten eskubideakaz berdintzen.

  • (Barka, hatzamarrak ihes egin dit)

    Hondamendia? Gure garaian azkena? Euspokalipsia????
    Ez horixe!!!
    Pentsa egunen batean jokabide baragarri horiei buelta eman, eta pulamentuz jokatzen hasiko bagina. Hedabide abertzale erdaldunak euskarari leku duina egiten hasten direla, edo politikari, enpresari eta goi mailako kirolari abertzaleak euskarari lehentasuna ematen hasten direla…Orduantxe euskara betiko betikotuta! Orduantxe normalizatuko genuke euskara lau egunetan.
    Hortaz, (ia) salbatuta gaude. Denbora kontua besterik ez da.