Katalanekin berriketan

NDU1NQ==Aurreko astean Katalunian izan nintzen, nire etxeko bi han bizi baitira. Biak euskaldunak izanik, katalanez ere mintzatzen dira, bata nahiko ondo eta bestea bertakoen mailan, denbora gehiago pasa duelako han. Bisitak iraun zuen bitartean, lagun katalanekin ibili ginen batzuetan eta egoera hau errepikatu zen: etxeko hirurok euskaraz hitz egiten genion elkarri; bietako edozeinek katalanekin mintzatzen zenean, katalanez egiten zuen; eta, jakina, katalanen artean gauza bera; ordea, nik hangoekin hitz egin behar nuenean gaztelaniaz egiten nuen eta haiek horrela erantzuten zidaten. Gutxitan nahasten ginen, hasieratik horrela jardun genuen eta.

Behin baino gehiagotan ibili naiz han eta pentsa daiteke belarria egina dudala haien berbara, gainera gaztelaniari eta frantses pixka bati esker erro bereko hizkuntzaren soinuak ez dira hain arrotzak, hori egia da. Baina katalan haiek gurera?

Solasaldian geundela, halako batean, erabiltzen ari ginen mintzaira bera elkarrizketa gaia bilakatu zen. Bitxia zen. Bazegoen beste hizkuntza bat denok dena eta guztiz ulertzeko aukera emango ziguna, horretarako gara bada (gutxienez) elebidun; baina aipatu modua hartua genuen elkarrekin egoteko. Niretzako bereziki atsegina zen haiek elkarrekin eta nire bi maiteekin tokiko hizkuntza erabiltzea, nolabaiteko gertutasuna ematen zidan-eta, tartekoa banintza. Baina banekien katalanentzat zailagoa izan behar zuela euskaraz esaten genuena ulertzea. Hori aipatu nuenean, hauxe izan zen baten erantzuna, besteek berretsita: “ez pentsa! elkarrizketaren ildoa jarraitzea erraza da denok badakigulako zertaz ari garen, eta, gainera, zenbait hitz harrapatzen ditugu ere. Eta zerbait ihes egiten zaigunean, imajinazio “mica” bat bat ipini eta asmatzen da gehienetan”.

Gaiarekin bueltaka nabil oraindik. Hemengo errealitatearekin alderatu dut eta ez dut erantzunik. Izango da, akaso, hemen, nire etxe ondoan bizi diren askok batere imajinaziorik ez dutela?

Irudia | solasaldi eleanitzak | Enrique Dans | Creative Commons By SA

ITSASGORAN - Irakaslea ofizioz, Idazlea afizioz

7 pentsamendu “Katalanekin berriketan”-ri buruz

  • Ez da erraza horrelako egoeretan hitz egiteko modu hoberena aurkitzea. Zer lehenetsi? Komunikazioa segurua ala ama hizkuntza jator baina ulergaitza? 

    Gaztelaniaz egiten dut katalanekin. Nahiz eta ni izan kanpoko bakarra guztien arteko elkarrizketetan gaztelaniaz egiten dute. Batzutan Katalanera pasatzen dira eta nik gustura entzuten ditut, nahiz eta ez naizen gai elkarrizketa horretan egoki eta bizkor parte hartzeko. Baina, katalanez ezin aritzeak pena ematen didan arren asko eskertzen diet komunikazioaren izenean nirera moldatzea.

    Eztabaida luzeak ditut gai honek.

  • Iñaki, kontatu dudan bezala, nik ere erabiltzen dut gaztelera haiengana zuzentzeko eta haiek niri berdin, baina gustatzen zait (zuri bezala) eurak katalanez aritzeko libertatea sentitzea ni aurrean nagoenean.

    Dena den, azpimarratu nahi nuena beste kontua zen, haietako baten erantzunak eman zidan zer pentsatu, nahiz eta euskara arrotza izan haientzat, zerbait ulertzen zutela esateak erakusten du Euskal Herriko askorengan ikusten ez den gogoa edo aldeko jarrera; prest dagoenak imajinazio bera ere erabiliko du komunikazioa gerta dadin.

    Beste batzuk, berriz, “bi kafe eta koka-kola bat” zer esan nahi duen ezin ulertu.

  • Gari Garaialde 2011-02-27 19:23

    Guk kuadrilan orain urte pare bat egoera antzeko baino konplikatuago bat izan genuen.
    Guziak euskaldunak ginen koadrila batetara Irlandan bizi den gutako baten ahizpa etorri zen, inegelesez hitz egiten zuen, gazteleraz moldatzeko gai den eta frantsesez ulertzen duen mutil lagun irlandarrerekin eta Dublinen bizi arren Berlingoa den eta Frantsezez bai baina gazteleraz ez dakien lagun batekin.
    Gure koadrilakoen artean euskeraz, gazteleraz, frantsezez eta ingelesez moldatzen zenik bazen, euskeraz eta gazteleraz moldatzen zenik ere, euskera, gaztelera eta ingelesa “bakarrik” dakienen bat, gaztelera, euskara eta frantzesa darabiltenak eta dena borobiltzeko euskara, gaztelera eta alemaniera kontrolatzen zuen bat.
    Ba izugarrizko elkarrizketa gurutzatuak izaten genituen eta egia da behin barrura sartzean ulertzen ez duzun hizkuntzetako galderei ere erantzuten geniela, demasa izan zen.

  • Zuek elkarri ulertzeko gogoa zenuten, lagunen hizkuntzarekiko errespetua ere bai, eta, gainera, imajinazioa. Ze kirol zoragarria neuronentzat! Urte batzuk segituz gero, alzheimerra izateko arriskua dexente atzeratuko zenuten.

  • Aitonamantalgorri 2011-02-27 22:24

    “Zuek elkarri ulertzeko gogoa zenuten, lagunen hizkuntzarekiko errespetua ere bai, eta, gainera, imajinazioa”.

    Arantzarekin bat nator, bainabidebatez esan nahi dut dramatikoa iruditzen zaidala baldintza hoiek biltzen dituen egoera salbuespen izatetik gertuago egotea ohiko izatetik baino.

  • Egia Arantza. Zure azken galderatik pixkat ihes egin dut nire iruzkinean.

    Gakoa borondatean dago. Euskararekiko jarrera ona duenak ulertuko du zer edo zer, baina Euskal Herriko elebakar horiek elebidunok erdaraz egiteko dugun aukeran ezkutatzen dute haien jarrera “euskalfoboa”.

    Ederra kontua: “vasco” diren horiei alergia ematen die euskarak -errespetu falta eta halakotan aitzakituta- eta Katalunian berriz, askok miresten dute gure hizkuntza.

    Egia esan, politikoki eta kulturalki Katalunian askoz ere errazago aurkitzen dut nire “hurbileko” jendea Gasteizko mila txokotan baino.

  • Gari Garaialde 2011-02-28 09:50

    Arrazoin Arantza, gure neuronentzako kirol zoragarria izan zela diozunean, baina kirol gehienak bezala, agujetak lajatzen ditu. Xarmangarria izan zen, baina oso nekagarria ere bai. Berriro egingo nuke, dudarik gabe.