Jokoz kanpo

SOY ESPAÑOL, ESPAÑOL, ESPAÑOL... ¿A QUÉ QUIERES QUE TE GANE?

Ez dakit, futbolean, zer den jokoz kanpo. Ez dut inoiz ulertu. Tira, behin baino gehiagotan azaldu izan didate, eta, arreta paratu izan banu, uste dut badudala kontzeptua ulertzeko adinako adimena, baina baloia, aurrelariak, atzelariak eta estilo horretako bi hitz baino gehiago esaldi berean entzunez gero, buruan mekanismo bat automatikoki piztu eta stand-by-n uzten du nire burmuina.

Eguneroko bizitzan, ordea, esamoldea gustatzen zait: jokoz kanpo, lekuz kanpo. Maiz, horrela sentitzen gara, batez ere erreferentzia falta dugularik. Iduritzen zaigu ez goazela inora, historiak ez duela zentzurik, ez duela etengabe aitzinat egiten; iduri luke, batzuetan, gibelat egiten duela. Horrelakoetan, historia ulertzeko, ardatzak behar izaten ditugu, gure ikuspuntuak lur sendo batean ainguratzeko balio digutenak. Espainian –Espainiako zenbait hedabidetan bederen–badituzte horrelako erreferente potoloak, munduan zer gertatzen den ulertzen laguntzen dietenak. Adibidez, Hegoafrikari begira, baten batek pentsatzen ahalko luke han gertatutakoa, apartheid alegia, izugarrikeria hutsa izan zela, inolako justifikaziorik ez duen basakeria, gaizkiaren adierazpen hutsa. Hegelek, ordea, erraten zuen historiak, zenbaitetan, trikimailuak erabiltzen dituela: batzuetan iduri du bere bidetik desbideratzen ari dela, edo atzera egiten ari dela, baina hori tranpa bat bertzerik ez da, historiak sartzen digun ziria, hondarrekoz espiritu absolutuaren garapenak aitzinat egin dezan.

La Razón egunkarian –egunkari hegeliar batek, izenik izatekotan, izen hori behar zuen izan, bistan da– argi ikusi dute zein izan den Hegoafrikako erregimen baztertzailearen funtzioa historia unibertsalaren eskeman, eta honako lerro-buru hau argiratu zuten barneko orrialdeetan, Nelson Mandela hil zen egunean: “Hil da Espainiak konkistatu zuen Mundu Txapelketa Hegoafrikara eraman zuen gizona”. Horrela ikusita, historiak berriz ere zentzua hartzen du, norabait badoalako sentsazioa: hainbat eta hainbat beltzen sufrimendua ez zen alferrik izan: et, et, et, horri esker, Mandela bezalako lider bat sortu zen, eta urteetako borrokaren ondoan, hondarrean, 2010ean, Munduko Futbol Txapelketa antolatu zuen zertarako eta Espainiak irabazteko. Mariano Raxoik berak sentimendu horixe berretsi zuen atzo, Mandelaren hiletan: “Hunkigarria da Espainia garaile gelditu zen estadioan egotea”.

Gogoeta hegeliarra egin beharrean, gogoeta patxihuartearra egiten ahalko genuke: nazionalismo espainola zera da –barkatu, hitz tekniko bat bilatu behar dut, kontzeptua sakona baita–, bai, listo, nazionalismo espainola kutrea da, arras kutrea. Baina, jakina, nik iritzi hori bota dut nire nazionalismo periferiko probintzianoan herraz betea nagoelako, erretxindua, ozpindua. Herritar kosmopolita ez-identitario unibertsala banintz, nire nazioaren izena munduaren sinonimoa balitz eta nire selekzioaren balentriek historia unibertsala esplikatzeko balioko balute, bertzela ikusiko nituzke kontu horiek.

Krisiak eragindako ezkortasunari aurre egiteko prestaturiko iragarki batean, Pau Gasolek eta Rafa Nadalek kirolari espainolen dominak eta kopak zerrendatzen dituzte, erakusteko espainolek badutela zertaz harro egon. Tira, zer nahi duzue erratea? Naziotasun kontuak alde batera utzita, niri betidanik kosta egin zait inor mirestea, soilik hura altu-altua delako eta pilotak saski batean sartzeko trebetasun handia duelako. Zer eginen diogu. Kirolek problemak eman dizkidate beti: haurra nintzelarik, uste nuen saski baloian “jokaldi pertsonala” edo “falta pertsonala” egiten zela jokalari batek pilota hartu eta inori paserik egin gabe zelaiko mutur batetik bertzera joaten zenean; edo, tenisean, epaileak “deuce” ahoskatzen zuelarik, nik ulertzen nuen jokalariek zukua –“juice”, alegia; ingelesa ikasten ari nintzen eskolan– hartu behar zutela (hainbertze isurkari edan behar izanaren helburua, ordea, misterioa zen niretako).

Eskola garaian, gaizki ikusia zegoen matematikan, literaturan edo latinean ona izatea; are okerrago ikusia ona izateaz harro egotea, eta bekatu mortala zatekeen horretaz harro egon eta hala adieraztera ausartzea. Historian edo filosofian ongi moldatzen zenak gaizki moldatzen zenari lagundu behar izaten zion, eta arrunt gustu txarrekoa izanen zen inori erratea ez zela inoiz Nobel sariduna izatera ailegatuko, horrek trauma handia eragiten ahalko ziokeelako ikasle horri. Kirolean, ordea, lehiakortasun basa zen nagusi: bai patioan, baina baita eskolen arteko txapelketetan ere, hau da, baita irakasleak tartean zirelarik ere. Hor, argi baldin bazegoen norbait ez zela inoiz Ingalaterrako premier league-n jokatzera iritsiko, berehala jakinarazten zitzaion egia triste baina beharrezko hori, eta, ondorioz, talde, txapelketa, lehiaketa eta partida guzietarik baztertua gelditzen zen. Eskolan, futbolean, edo oro har, kirolean ez zekiena, jokoz kanpo zegoen.

Horri esker, kirol zelaitik kanporatua, haur hori gazte-gaztetatik hasten ahal zen arreta zeregin interesgarriagoetan jartzen, eta, bidenabar, gauza inportante batzuk ikasten: adibidez, egoera batzuetan –Nelson Mandelaren hiletan, adibidez–, futbolaz mintzatzea jokoz kanpo egon daitekeela, edo nazionalismo guziak ez direla berdinak. Eta ez bakarrik batzuk zibikoak eta bertze batzuk etnikoak direlako, edo batzuk bakezaleak eta bertze batzuk bortitzak. Ez. Diferenteak, batzuk berdintasuna eta elkartasuna bezalako balioei lotuak daudelako eta bertze batzuek, berriz, uste dutelako baloi bat ate batera botatzea dela mundu honetan egin daitekeen gauzarik hunkigarriena, eta historia interpretatzeko giltza. Pozgarria izaten da, batzuetan, nazionalista periferikoa izatea eta Espainian hain jokoz kanpo egotea: horri esker, gauza interesgarriagoetan jartzen ahal dut arreta.

[Euskadi Irratiko gaurko solasaldia testu honetan zegoen oinarritua]

Jokoz kanpo
Santi Leone

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut, noizbehinka twitterren ibiltzen naiz (@ororostorm)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude