Izokinarena

     Mjk2NQ==

      Zoriontasunaren formula matematikoa auto-laguntzako liburu eta ikastaro modernoetan saltzen zaigun garaiotan, estresaren aurkako pilulak eta adimen emozionalaren aldeko estrategiak Lourdeseko mirari berrituen gisa azaltzen diren iragarkien gainetik, gustua ematen du bizimodua, azken batean, hori baino sinpleagoa dela gogora arazten diguten ahotsak entzutea.

Lasai bizitzeko zer egin behar dugun denok badakigu, izan ere. Batetik bestera diferentziak egongo dira akaso, gustuak gustu, baina hara hor Etxaberenak: asko lo egin, egunkaria erosi, kafea hartuaz irakurri herriko terraza batean, lagunekin egon, bazkaldu, siesta… Bizimodu klase horrek gehientsuenoi bastanteko mejora egingo ligukeela konturatzeko, ez du Nepaletik monje budista batek etorri beharrik bizitza kontenplatiboaren ontasunak azaltzera.

Irudipena daukat, hala ere, bene-benetan, ez garela ausartzen lasai bizitzen. Eta ni aurrena. Etxabe bezala bizi nahi dudala esan dut arestian, baina hala bizi ez banaiz ez da Zapaterok, ertzaintzak edo Konferentzia Episkopalak uzten ez didatelako. Nahi ez dudalako baizik.

Guk erabakitzen dugu, neurri handi batean, zenbateraino konplikatu nahi dugun gure bizitza. Pentsa zerk larritzen zaituen eta, itzala txirrindulariari nola, alternatiba posiblea ere gertu ibiliko da: mobilaren dei etengabeak gortzeko zorian jarri bazaitu, mesedez, egiguzu fabore bat eta itzal ezazu; autoa uzteko lekurik ez eta mekauenka bazabiltza, hurrengoan joan zaitez oinez edo trenean; laneko istiluek loa kentzen badizute, has zaitez beste lan bat bilatzen; kanpoan afaltzeko dirurik ez baduzu, etxean patata tortilla bat presta ezazu… Erabaki denek dute beren ordaina, noski, mundu honetan ona den ezer ez baita debalde. Baina gure esku dago prezio hori ordaindu edo ez erabakitzea.

Aisialdian, behinik behin, hau guztia nabarmena dela uste dut. Aldioro zerbait berria egin beharra sentitzen dugu, etxean ez dugun lasaitasunaren bila kanpora bidaiatu, hau erosi, hori probatu eta hura bisitatu, eta jakina, horri guztiari aurre egiteko lan gehiago egin behar dugu, ordu gutxiago ditugu guretzat, maileguak gizenduz goaz eta irribarrea mehetuz. Geure burua estutzen duten kateak guk geuk ipiniak direla ohartu gabe bizi gara, geronek jositako amaraunera jauzi mortala eginez, aldi berean euli eta armiarma.

Behin erorita, baina, ez da erraza sare horretatik ihes egiten. Oporretatik bueltan, lehendabiziko eguneko kafean, zer egin duzu galdetuko dizute lankideek, nora joan zara. Guk denok osatzen dugun korronteak, aisia garaian zerbait berria eta interesgarria egitera bultzatzen zaitu eta gaitu. Zaila da, izokinen gisan, errekaren kontra igeri egitea. Nahiz eta jakin han goian dagoela iturburua, sortu gineneko baretasun hura, gutxirekin konformatzeak dakarren bakea. Zure esku, beraz, zein norabide hartu nahi duzun erabakitzea. Eta, hala ere, gogoan izan: hildako arrainek korrontearen alde egiten dute igeri beti.

Irudia | Estresa, gehienon ezaugarria, gehienon errua? | C.es | Creative Commons By SA

(Zarautz, Gipuzkoa, 1974) Idazle zarauztarra.

Zer duzu buruan “Izokinarena”-ri buruz

  • Neuk ere Etxabe bezalako izan nahi nuke handitan, besteak beste, bizitzari neurria hartzen jakiteaz gain, bi liburu bikain erditu dituelako azken urteotan. Aitonaren oroitzapenekin idatzitako “Lurtarra da begiratua” ederra izan bazen, Xabier Alberdirekin idatzi duen “Zarauzko folklorea” ikerketa lan bikain eta sakona da. Eta hau aipatu nahi nuen, zure eta bere mezuak irakurrita inork pentsa dezakeelako Xabier Etxabe gizon patsadatsua izateaz gainera San Jeronimo baino kontenplatiboagoa dela, eta horrelako lan mardulak eta interesgarriak egiten dituenak, bizitza neurrian edateko dohaina izan dezake, baina lanerako kemena eta konstantzia ere gehienon neurritik gora ditu, zalantzarik gabe.