Iraila

Obrak Madrilen. Argazkia: Sergio González
Obrak Madrilen. Argazkia: Sergio González

Abuztuan lasaitasuna izan dugu erredakzioan. Hamar bat lagun ginen eta gutxi izanda ere, aurrera atera dugu web orria egunero. Nagusiekin eztabaida lasaiak: “Notizia hau hemendik hartuko dut” edo “hau horrela hobeto dagoela iruditzen zait”. Ordenagailua, irratia, kafea eta ni. Zigarroa falta zen ‘zoriontsu’ izateko: bai, nire lana gogoko dut.

Baina iraila iritsi da eta ‘armonia’ guztia pikutara joan da. Atzo gaueko 10etan iritsi nintzen etxera lanetik. Eta gaur, goizeko 10etan bilera bat nuen: Marokora noa ostiralean lanera eta antolatzaileekin bildu behar ginen kazetariok. Denbora soberan nuela atera naiz etxetik, baina erabaki okerrena hartu dut: autoz joatea. Hamar bat minutuko bidea, ordu t’erdiko infernu bilakatu da. Madrilgo erdigunea obrez josita dago eta ezinezkoa da bi minutu jarraian mugitzea autoa gelditu behar izan gabe. Berandu iritsi naiz bilerara. Ordu bete berandu eta ia bukatzear zegoela. Lotsaz gorriturik.

Bilera bukatu eta taxi bat hartu behar izan dut, egunkariaren kontu, lanera garaiz iristeko. Argazki bat behar nuela esan diot argazkilariari akreditazio baterako. Irribarre bat eta klik. Ordenagailua piztu eta berrogeita hamar bat email. “Kaka! Azkenean Malasañako bizilagunei deitzea ahaztu zitzaidan!”. Emailak erantzun ditut, paperean argitaratu dituzten pare bat berri eta teletipoan zeuden beste pare bat web orrian argitatu ditut. Beste gauza pare bat tuiteatu eta iada ordu biak ziren.

Ordu horretan CIOk bere web orrian argitaratu du 2016ko joko olinpikoak antolatzeko hautagai diren hirien (Tokyo, Madril, Chicago eta Rio de Janeiro) balorazioak. Eguneko berria Estatuko hiriburuan. 90 orrialdeko txostena, ingelesez eta nagusien aginduak: “Azkar! Lehenegoak izan behar dugu!”. Telebista eta irrati guztiak, ozen. Ozenegi. Iskanbila. Ondoko lankidea “Como una ola” abesten. Lortu dugu azkenean ulertzea dena: Madrilek, kale. Ni berri horrekin zoriontsu. Joko Olinpikoak zenbait eta urrunago hobe.

Bazkaltzera joan naiz lankide batzuekin. Kafearekin ginenean, atso bat lurrera erori da eta anbulantziari deitu behar izan diogu. Puntu pare bat eman dizkiote.

Email gehiago erantzun. Pare bat dei egin. Teletipoa begiratu eta zegoena argitaratu. Eta 5etan, Gallardon alkatearen prentsaurrekoa: “Madril indartua atera da txostenean”. Adierazpen baikorregia, aurpegi serioegia. Hori gure analisia eta berriro lehenengoak berria argitaratzen. Tentsioa. Eta lankidea iragarki baten sintonia behin eta berriro errepikatzen.

Abokatu batekin solasaldia. Nazi batzuei buruzko erreportai bat prestatzen ari naiz eta sententzia batzuk behar ditut: “Nahiago baduzu Marokotik itzultzean geratuko gara”. Horrela hobe. Behar dudan informazioa pasako dit. Aurkitu dudana egia bada, bortitza izango da.

Zuzendariarengana joan naiz: “Abokatuak informazioa pasako didala esan dit. Eta naziei buruzko artikulu-saila egiteko behar dudana ere”. “Nola egingo duzu Marokotik informazioa bidaltzeko?”, galdetu dit. Dena konponduta dagoela esan eta orduan hasi da burutazioekin: tuiteatu, irakurleekin txat bat egiten saiatu, blog bat egingo dugu agian? eta paperekoekin nola moldatuko zara?

Beste berri pare bat igo, email batzuk erantzun eta egunkaritik alde egin dut. Gaueko 9etan. Gaur ere ez dut Malasañako bizilagunei deitzeko astiririk izan.

Erlantzekin gelditu naiz bihar goizean. Hilaren 14ean Carlos Palomino gazte antifaxistaren hilketaren epaia hasiko da. Arreta handia sortu duen epaia da. Carlosen defendatzailea da Erlantz. Eskerrak etxetik gertu gelditu garen. Bihar oinez joango naiz.

Donostiarra. Mundua aldatzeko asmoarekin egin nintzela kazetari esaten dudanen, barre egiten dute. Berdin dit.