Informazioaren garapena

MTYxNg==

UABko komunikazio zientzien fakultateko kioskoan duela hamar urte saltzen ziren egunkarien %20a saltzen da gaur egun. Joera baten isla da horixe, baina esanguratsua oso, etorkizuneko kazetariak trebatzen baitira bertan.

TV3eko ’30 minuts’ programak informazioaren garapena izan zuen igandean hizpide.

Egunkarien salmentek behera egiten duten bitartean ordea, informazioaren joan-etorria, inoiz baino handiagoa da. Paperaren krisiaren aurrean, sarea gailentzen da. Baina nekez egin daiteke negozioa Internet bidez. Oraingoz.

Aldaketa sozial sakon baten aurrean ote gaude? Horixe da erreportajeak planteatzen duen galderetako bat.

Sare sozialen fenomenoak eztanda egin du, edonor bilakatu daiteke informazioaren jabe, edonor izan daiteke igorle. Albiste bila joateko beharra txikitzen doa, albisteak gertatzen diren tokian jendea dago, eta horiek, gaur egun, gertatutakoa zabaldu ahal izateko azpiegiturak dituzte. Informazioa herritarren esku dago, beraz, baita boterea ere?

Bada ordea, herritarrek informazio hori kudeatzen ez dakitela uste duenik. Hainbat adituk kazetarien beharra badagoela eta egongo dela defendatzen dute.

Ohiko komunikabideek bi aukera soilik dituztela dirudi: egokitu ala desagertu. Kazetaritza berridatzi behar da.

Informazioaren abiadura handitu egin da, uneoero gertatzen denaren berri jakin nahi du gizarteak eta askotan ez dago datorren eguneko egunkariei itxaroteko prest. Azkartasun horrek eta informazioa edonoren esku egote horrek bere arriskuak ere baditu. Gezurrak, egiak bezain azkar zabaldu baitaitezke.

Gizarteak esku artean izan ohi duen informazioa azalekoa dela ere badiote. Informazio landuak eta sakonak indarra galdu duela.

Egunkariak existitzen jarraituko ote duten zalantza hor dago, baina sektoreko aditu gehienek, aldiz kazetaritzak etorkizuna baduela uste dute.

Erantzunak baino galderak egiten ditu TV3eko ’30 minuts’ saioak, baina gogoetarako bide izan daitezke. Hona hemen bideoa oso-osorik.