Illarra ez dago salgai

asier-illarramendi-264xXx80Illarra ez dago salgai. Erreal zaleek argi eta garbi dute: gazte mutrikuarrak taldean segi behar du. Realzaleek maite-maitea izan dezaten baldintza guztiak betetzen ditu Asier Illarramendik. Bartzelonan Iniesta dena, Illarra da Errealean.

Langilea, apala, eskuzabala, bertakoa, errealzalea, lagunen laguna, lotsatia, humila. Normala. Itxura hori ematen du. Nahiz eta zaila den esplikatzen nola senti zaitezkeen normala milaka lagunek tente eta txaloka agurtzen zaituztenean. Edo nonahi zaudela jendea irribarrearekin hurbiltzen zaizunean. Diskoteketako ilararik egin gabe ateak zabaltzen dizkizutenean. Handinahiaren bide okerrari heltzeko arriskua izan arren, oraingoz, Illarrak zaleen bihotza irabazia du.

Soberan da esatea zelai erdiko jokalari aparta dela. Lepoa mugitu aurretik badaki noren bila dabilen. Baloiari eusten dion irmotasun berarekin askatzen du arin. Golaren lurrina usaintzen denean bezain beste ahalegintzen delako arerioa zangotrabatzen. Errealak izan ditu horrelakoak azken urteetan, Xabi Alonso edo Mikel Aranburu. Maitatuak hauek ere. Mikel Aranburu idoloa da gaur, eta Xabi Alonso nazioarteko izarra. Hurbileko sentitu nahi baina ezina, Xabier Euzkitzerekin intimitate telebisiboan erakutsita ere. Marka saltzailea Alonso. Hizkera dotore eta zuzenaren gatibu, jokoan Espainiarentzat eta Real Madrilentzat egiten duen ontasun beraz. Primerakoa zara Xabi, baina beste unibertso bateko bizilaguna. Futbolaren negozioaren pieza, marka bat, diruaren nahitaezko esklabu.

marca_750_300x422

Illarra Madrilen nahi dutela, esan du bart Marca-k. Asier ‘la roja’-ren elastikoarekin azalean, eta zuria jantziko diotela laster. Arraina arrastean bezala harrapatuko dutela. 2018ra arteko kontratua du Donostian, baina 30 milioi euro ordainduko dituztela galaktikoen esnebidean egon dadin. Cristiano Ronaldo eta enparauekin, Carlo Ancelloti, Florentino Fernandez. Marrazo ahalenak. Ez nuke nik horrelako konpainiarik nahi nire seme-alabarentzat. Baina, heldua da mutrikutarra, zoratuko bazuten ere Espainiako egunkari salduenaren hitzek. Burua hotz eduki behar omen du; erraz esaten da gero. Aise esan bai, lausengu gutxirekin lotsagorritzen garenon aldetik. Futbolari ona izanik nola egin uko futbol talde hoberenei?

Illarra gutar izaten segitzea nahi dugu. Berekoikeria izango da agian; nabarmentzen diren horiekiko errezelo herrikoia. Segi dezala Goitibehera tabernan freskagarriak edaten, Zubietan entrenatzen, prentsaurrekoan mutrikutarrez hitz egiten, Anoetan txalo zaparradak jasotzen. Goraipatu ezazue kanpotik, baina harribitxi hau geurea da. Guk maiteko dugu den bezala. Ez dadila boteretsuen peoi huts bihurtu, ez dadila kolonia saltzaile izan, ez dadila jauregian giltzapetu. Madrilen lilura amesgaizto izan zen Urtain boxeolariarentzat. Illarra ez zaitez txotxongilo bihurtu. Gutar izaten segi dezala, apala, errealekoa, euskalduna. Horregatik guztiagatik, eta sekulako futbolaria delako, Illarra ez dago salgai.

2 pentsamendu “Illarra ez dago salgai”-ri buruz

  • Gaztezulon elkarrizketa egin diote (Iñigo Martinezekin batera) eta Relean gelditzeko asmoa duela argi adierazi zuen:

    “Horixe galdegin nahi nizuen, ea zuen sabaia Realean dagoen, ala kanpora joateko beharra sentitzen duzuen.
    I.M.: Inork ez daki non amaituko duen, baina momentuz Realarekin dugun kontratua aprobetxatu behar dugu, eta bizitzen ari garenaz gozatu, garai okerragoak helduko dira eta!

    Baina Barça eta Real Madrid bezalako puntako taldeek dagoeneko zuen izenak aipatu dituzte.
    I.M.: Hori guztia gezurra da.
    A.I.: Zurrumurru asko dabil hortik… baina ez diegu kasurik egiten! Nire helburua, behintzat, bost urteko kontratua betetzea da, eta ondoren beste bost egiteko aukera izango banu, asko poztuko nintzateke.”

    Elkareizketa: http://www.gaztezulo.com/artikuluak/asier-illarramendi-eta-inigo-martinez-arrakastaren-aparrean

  • Badirudi Asier Ilarramendi ez dela Julen Guerrero.