Ikasten ez despistatzeko (sasi)gomendioak

Ikasten ez despistatzeko (sasi)gomendioak

Buru-belarri etxera kalabazarik ez eramateko? Jo eta su sudurra liburutik altxa gabe? Asteburutan ere etxean? Eta, hala ere, gelditzen zaizkizun azterketetan zulora joango zarela uste duzu? Zerbait gaizki egiten ari zara (edo benetan inozoa zara). Hemen daukazu unibertsitateko azterketa asteetan denbora ez xahutzeko hainbat gomendio.

1. Jatekoa mahai gainean

Frigorifikoak J.R Tolkienen eraztunek baino atrakzioa handiagoa eragiten dizute azterketa garaian? Aulkitik altxa eta hozkailurako bidea ezbeharrez bete daiteke. 20 segunduko joan-etorria itzulerarik gabeko bidaia bihurtu daiteke; tabako bila doana bezala. Egongelako telebista aurrean gelditu zarela, arraska hustu behar duzula, katilukada esne zerealekin bete duzula… Frigorifikoari bisita dentistari egitea baino garestiagoa atera dakizuke… zergatik ez duzu janaria aurrez ikasmahaian jartzen? Pipa poltsa bat azalak botatzeko plater batekin, platano bat eta jogurta. Akaso txokolatezko litxarreria bat ere bai kontzientzia arazoak ez badituzu. Prestatu ikas-menua aldez aurretik eta alferrikako despisteak saihestuko dituzu. Zergatik uste duzu Japoniako haurrek ikasmahaian jaten dutela? (Komunera joatea ere arriskutsua gertatu daiteke: txizapoto bat erostea komenigarria da).

japan

2. Internet itzalita

Arrazoiarekin esango duzue ikasi bitartean interneten kontsultak egitea lagungarria izan daitekeela. Baina %99an denbora galtzea da. Ez engainatu zure burua, arren. Googletik Wikipediara eta Wikipediatik Youtubeko artaburu handienen erorketa mingarrienak ikustera bi urrats daude. Guztiok dakigu liburu bat zabaltzerakoan ordulariak mantsoago mugitzen direla, eta jolasean zabiltzanean berriz orratzak ziztu bizian aurreratu. Zientifikoki frogatutako fenomenoa da, bestela egin froga hemen. Zure burua ordenagailua itzaltzeko baldintza zurrun hau betetzeko moduan ikusten duzu? Zailena datorkizu orain.

unplugged

3. WhatsApp-a desinstalatu

Bai, unibertsitate publikoko ikasle ultrakonektatu hori, WhatsApp-a azterketak suspenditzeko prestatutako tresna da, #horihalada, batzuek dioten bezala. “Uatxaparena” aurreko puntuan ere sar zitekeen, internet itzaltzearen kontuan, baina ┬áinternet txorrotako ura baino derrigorrezkoago ikusten dugun garaiotan dena esan behar da. Off totala, eta Cantalapiedrako Monasteriora joan gabe. WhatsApp-eko din-don, argi berde, bibrazio eta jajjaja, jejjeje ta jjjjj-ak ikasteko momentuan gehien despistatzen duten interferentziak dira. Telefonoa itzaltzea asko eskatzea bada, hartu faborez asko eskertuko duzun erabakia. Desinstalatu WhatsApp bizpahiru egunean. Akabo farolen kontra tupust egitea. Eta gehiago ikasiko duzu.

uninstall

4. Hormaren kontra

Liburutegi edo Gizarte Etxeetan ikasteko bi arrazoi dadude. 1. Etxeko mahaian gaixotu egiten zarelako. 2. Ligatzeko. Normala da. Gazte lirainen artean ikasi behar baduzu (Leioako fakultatean inoiz ez da gertatu) utzi lige-kontuak hasierarako edo amaierarako, edo gelditu gelakide gustukoarekin elkarrekin ikastera joateko. Baina, ikasi behar duzunean saihestu gainontzeko ikasleekin begirada gurutzatzea. Batez ere erakartzen zaituzten horiekin. Aurrez aurre liburutegiko sarrera baduzu, eta gainera dozenaka neska-mutil, ezinezkoa egingo zaizu honi eta hari ez begiratzea. Leihoak ere telebista baino entretenigarriagoak izan daitezke ikasten zabiltzanean. Humanoak gara, ez du bueltarik. Horregatik, zigortu zure burua eta saihestu jendea ikusmen-eremuan. Liburutik hormara eta hormatik liburura (lepoa 180 gradu itzuli behar duzu norbait ikusteko). Gogoratzen Jim Carrey eta lagunak neska-puska kuadrilari uko egin ziotenekoa?

dumb

Zeintzuk dira ikasteko zure trikimailuak?

keep

azterketak, ikasi, trikimailuak, unibertsitatea

Zer duzu buruan “Ikasten ez despistatzeko (sasi)gomendioak”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude