“Ideia berritzaileak” (eta 3)

Erraustegia 3


Ella Stengler CEWEPeko zuzendari kudeatzaileak erantzun du galdera hori, Waste management world (Hondakinen kudeaketaren mundua) webgunean, Berreskurapenerantz: R1 estatusa lortzeko bidean(5) artikuluan: «Badira beste arrazoi inportante batzuk Energia berreskuratzeko R1 estatus-ean, adibidez Hondakinen Kudeaketarako Zuzentarauak(6) ezarritako hondakinen hierarkia. Errauste plantak sailkatzen badira ezabatzea [jatorrizkoan, disposal] bezala, berreskuratzea bezala beharrean, errauste plantak zabortegien maila berean jartzen direla esan nahi du horrek. Gainera, herrialde askotan, zabortegiak direnez aukera merkeena, ez da pizgarririk hondakinak zabortegietatik desbideratzeko. Horrek laguntzen du, bestalde, koinzinerazioa egiten duen industriaren (zementu labeak, adibidez) maila berean jartzen. Finantza ikuspegitik(7), seguru aski, bankuak prestasun gehiago izango dute energia berreskuratzeko plantak eraikitzen ari diren inbertitzaileei egiteko maileguak»(8). Laburtuz: R1 errauste plantak finantzatzeko errazagoak dira, koinzineratzaileek baino kategoria hobea dute, eta zabortegien gainetik daude.

Stenglerrek argi uzten du, artikulu horretan, errauste plantak negozioa direla. Beste herrialde batzuetatik hondakinak «inportatzeko» aukera errazten du R1 maila izateak; aitortzen du, baita ere, errauste plantek (normally) hiri hondakin solidoak ez diren bestelako hondakin batzuk ere hartzen dituztela, erretzeko. Azken buruan, energia sortu eta saltzea da helburua; horretarako, zenbat eta hondakin gehiago erre, hobeto. Testuinguru horretan ulertu behar da R1 formula: «Ez da dudarik: R1 estatusik ez duten errauste plantak baimenduta daude lanean aritzeko. Batek ezin du nahastu Hondakinen Kudeaketarako Zuzentarauak zehaztutakoa, hondakinen kudeaketa prozedurak sailkatzeko, eta operatibo egotea»(9). Eta, zalantzarik ez uzteko, R1 mailarik eskuratzen ez duten plantek ingurumenarekin ere errespetuz jokatuko dutela ñabartzen du: «R1 eskuratu ez duen errauste plantak ere ingurumen aldetik egokia den eran tratatzen ditu hondakinak, Hondakinak Errausteko Zuzentarauak eskatutako emisioak baino txikiagoak eskuratuz. Operatiboa izango da, D10 gisa [hondakinak ezabatzea], nahiz eta merkatu desabantailak izan horrela. Etorkizunean, nolanahi ere, pentsatzekoa da R1 estatusa eskuratzeko moduan eraikiko direla planta berriak. Eta mesedetua ingurumena izango da»(10).

Eta martxan dauden plantekin? Zer gertatuko da? Jarraituko dute martxan, Stenglerrek dioenez, nahiz eta «merkatu desabantailak» eta beste errauste plantekin lehiatzeko zailtasunak eduki. Horregatik, errauste planta bat diseinatzen duena, ia derrigortua dago, legezko ez bada ere, R1 agiria eskuratzera. Hori egin dute Zubietako plantaren diseinuan, beroa saltzeko teknologia txertatuz —bitxia gertatzen da, hala ere, bero hori aparteko sistema batek sortuko duela, gas hutsa errez, hondakinak batere baliatu gabe—. Zabalgarbik ere bilatu zuen merkatuan lekua egiteko «ideia berritzaile» bat, Zubietakotik guztiz desberdina. Blog honetan argitu den bezala, Sener ingeniaritza taldeak propio sortu eta garatu zuen Zabalgarbiko errausketa teknologia, eta oso diseinu berezia egin zuen. Europa osoan ez du parekorik. Izan ere, praktikan, Zabalgarbik erretzen duen guztiaren %30 besterik ez dira hondakinak; Zabalgarbik, batik-bat, gasa erretzen du —%70—. Alde horretatik, oso zalantzazkoa da hondakinen kudeaketarako planta bat den —gasa darabilena lagungarri—, edo gasaren ziklo konbinatuko planta bat den —hondakinak darabiltzana lagungarri—.

Bada beste kontu deigarri bat, orain ia sei urte gertatua, galdera horren balioa indartzen duena: Zabalgarbi martxan jarri zenean, probetan, lurrun turbina matxuratu egin zen. Nola proba garaian izorratu zen, halaxe jarraitu zuen hainbat hilabetez, matxura konpontzearen kostua zeinek ordaindu behar zuen ezin zutelako erabaki; ez ziren ados jartzen. Lurrun turbina horretan aprobetxatzen da hondakinetako energia guztia —gas naturalaren energia, gas turbinak bihurtzen du elektrizitate—; beraz, hasieran eta hainbat hilabetez, Zabalgarbik hondakinak erre bai, erre zituen, baina gasarekin soilik sortu zuen elektrizitatea. Kontua da, hilabete horietan, Zabalgarbik jarraitu zuela elektrizitatea sortzen, nahiz eta hondakinetatik ez zuen batere elektrizitaterik ateratzen. Gas turbinarekin bakarrik hasi zen martxan Zabalgarbi, eta hori, bere anekdotikoan, bada esanguratsua ere.

Plantaren diseinu berezia ez dela kasualitatea, datu honek erakuts dezake: Espainiako eta Euskal Herriko ziklo konbinatuko plantek, batez beste, beren ahalaren %40an lan egiten dute; Zabalgarbik bere ahalaren %75ean. Urtean 3.500 bat orduz lan egiten du ziklo konbinatuko planta konbentzional batek; Zabalgarbik, 7.500 ordu inguru —ia doblea—. Pentsa liteke hondakinak aitzakia direla, Zabalgarbin, gas gehiago erre ahal izateko. Gertatzen da pool elektrikoan lehentasuna dutela jatorri berriztagarriko energiek —eolikoak, hidraulikoak, eguzki energiak…—; eskaria handitzen den orduetan energia berriztagarriak, berak bakarrik, ezin badu sortu beharrezko den elektrizitate guztia, orduan jartzen dira martxan ziklo konbinatuko plantak. Eta, noski, ordu askotan itzalita edo erdi-martxan daude. Ordea, hondakinetatik sortutako elektrizitatea energia berriztagarritzat hartzen denez, Zabalgarbik elektrizitatea saltzeko lehentasuna du, beste ziklo konbinatuko planten aldean.

Baina, berriztagarria izan al liteke Zabalgarbik sortzen duen elektrizitatea, erretzen duen guztiaren bi herenak baino gehiago gas naturala baldin badira? Gorka Bueno EHUko irakasleak argi du ezetz. Idatzi berri duen txostenean argi esan du, gehienez ere, sortzen duen energia guztiaren %30 izango litzatekeela berriztagarria, hondakinen bidez sortutakoa —besterik da hondakinak erretzea «energia berriztagarri» gisa izenda ote daitekeen—. Gainera, ziklo konbinatuetan askoz hobeto aprobetxatzen da gasa; Zabalgarbik baino efizientzia energetiko hobea dute ziklo konbinatuko planta konbentzionalek. Zabalgarbik %40ko efizientzia energetikoa lortzen duela badio, beste ziklo konbinatuek %54ko efizientzia energetikoa dute, batez beste. «Zabalgarbiri dagokionez», ondorioztatu du Buenok, «plantak 2009an izan zuen jarduerari buruz eskura dauden datuen arabera, ezinezkoa zaio ziklo konbinatuko azpisisteman gas naturala modu efizientean erabiltzea, eta hiri hondakin solidoen erabilera efizientea egitea aldi berean». Zabalgarbin baliabideak alferrik galtzen ari direla salatu du Buenok.

Eta hori gutxi balitz, Zabalgarbik beste ziklo konbinatuek baino CO2 gehiago isurtzen duela ere jakinarazi du Buenok. Sortzen duen kilowatt-ordu bakoitzeko, 465 gramo isurtzen ditu airera Zabalgarbik; ziklo konbinatuko plantek, 375 gramo isurtzen dituzte —Zubietako errauste plantak kilowatt-ordu bakoitzeko 611 gramo CO2 isuriko dituela ere kalkulatu du Buenok—.

Ezaugarri horiek, eta plantaren funtzionamenduak eta diseinuak zalantzan jartzen dute, beraz, Zabalgarbi errauste planta bat den ere. Izatekotan, hondakinen kudeaketa soila egiten duen partea litzateke errauste planta, eta gainerako ataletako gas naturaleko zikloa ez litzateke aintzat hartu behar. Aldiz, hondakinei lotutako ur-lurrunaren aprobetxamendua bai zenbatu beharko litzateke, efizientzia neurtzeko, baina hor gasaren zikloa ere nahasten da. R1 formularen aplikazioa, ondorioz, oso-oso konplexua da Zabalgarbirentzat. Alemaniako adituren bati eskatu bide diote txostena prestatzeko…

Ikusteko dago Nafarroako Gobernuak eta Iruñerriko Mankomunitateak eraiki asmo duten errauste plantak zer-nolako efizientzia energetikoa edukiko duen. Artean, «ideia berritzaileak» ideia berritzaile, Bizkaiko eta Gipuzkoako errauste planten efizientzia energetikoa (oso) zalantzazkoa dela ondorioztatu du Gorka Bueno irakasleak: «Energiaren ikuspuntutik, arrazoizkoagoa da hiri hondakin solidoen atal organikoa balioztatzea, konpostatuz edo digestio anaerobioa erabiliz. Prozesu horiek, baina, eskatuko lukete hondakinen bilketa selektiboak modu masiboan ezartzea, koerzitiboagoak izan arren guztiz bat datozenak hondakinen zuzentarau markoarekin. Eszenatoki horretan, hondakinen errausketa mugatuko litzateke birziklatze plantetako errefusera; eta hori ere gutxitu egingo litzateke, gaurkoa baino bilketa selektiboago batekin. Horrek ekarriko luke errausketaren beharra txikitzea, gutxienez tamaina aldetik. Eszenatoki horretan funtzionatu beharko luketen plantek, beraz, askoz txikiagoak izan beharko lukete. Gainera, aprobetxamendu energetiko gogorako eta nahiko bat bermatzeko, kogenerazio sistemekin osatu beharko lirateke [hondakinetako beroa alferrik galtzen ez uzteko], Europa iparraldean nagusi diren diseinuekin bat. Horrek mugatuko lituzke errauste plantak eremu urbano edo industrialetara; urte osoan bero eskari iraunkor bat, eta beroa hedatzeko sare urbanoak beharko bailirateke horretarako». Azterketak zalantzarako tarte gutxi uzten du: «EAE Euskal Autonomia Erkidegoan ez direnez baldintza horiek betetzen, ziurta genezake, hiri hondakin solidoen balioztatze energetikoa lortzeko, errausketa ez dela estrategia bideragarria EAEn».

——–

6) Waste Framework Directive, jatorrizko ingelesez.
(7) Honek, ezinbestean, gogora ekartzen du Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketak Europako Inbertsio Bankuarekin sinatu berri duen hitzarmen polemikoa. Berria kazetak honela eman zuen.
(8) Testu originala, ingelesez: «There are other important drivers for the ‘R1 energy recovery status’ such as the waste hierarchy set in the WFD [Waste Framework Directive]. Classifying WtE [Waste-to-Energy] as a disposal operation rather than ‘recovery’ would mean that it is placed on the same level as landfilling. As in many contries landifilling is the cheaper option, there would be no incentive to divert waste from landfill. It would also help introduce a level playing field with the co-incinerating industry (e.g. cement klinks). Importantly, from a financial point of view, it is likely that banks would be more willing to issue loans to investors building an ‘energy recovery plant’».
(9) Testu originala, ingelesez: «There is no doubt that a WtE plant without the R1 status is still allowed to operate. One should not confuse the classification of a waste treatmet operation according to the WFD with the operation permit».
(10) Testu originala, ingelesez: «A WtE plant does not achieve the ‘R1? is still a plant that treat waste in an environmentally sound way achieving low emissions as required by the Waste Incineration Directive. It can always be operational as ‘D10? _disposal of waste (annes I WFD)_ although with market disadvantages. In the future, however, it can be expected that new plants are being built in such a way that they will achieve ‘R1? status. And it is the environment that will benefit».

Artikulua osorik irakurtzeko (lehen atala eta bigarrena)

Bloga osorik irakurtzeko

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.