“Ideia berriak” 2

Zabortegien parean egotetik 0,003 puntutara.

Estandar hori zehazteko sortu zen R1 formula. Dieter Reimann doktoreak garatu zuen. Bamberg errauste plantako (Alemania) zuzendaria da Reimann, baita CEWEPeko aholkulari ere. Eztabaida ugari eragin ditu formulak eta haren aplikazioak. Gaur egun, lege izaerarik ez badu ere, Europako Batasunak estandarrerako irizpide gisa onarturik dauka, eta Espainiako Gobernua lege zirriborro bat prestatzen ari da R1 formularen aplikazioa bere araudian txertatzeko.

2014an formula aplikatzearen ondorioak aztertzekoa da Europako Batzordea; bien bitartean, indarrean egongo da, eta, legezko edo ez, erreferentzia argia izango da «balioztatze energetiko» kategoria eskuratu nahi duten errauste plantentzat. Hauxe da R1 formula, Reimann doktorearen asmakizuna:

R1 formula

  • Ep: urte osoan sortutako energia da (elektrizitatea 2,6rekin biderkatuta eta beroa 1,1ekin biderkatuta kalkulatzen da).
  • Ef: ur-lurruna produzitzen laguntzen duten erregaien urte osoko ekarpena da.
  • Ei: urte osoan inportatutako energia da (Ew eta Ef kenduta).
  • Ew: urte osoan kudeatutako hondakinek duten energia da (hondakinen indar kalorifikoa kalkulatzen da).
  • 0,97: errautsen eta irradiazioaren ondorioz galtzen den energia adierazten duen faktorea da.

Laburtuz, errauste plantak urtean sortzen duen energia zenbatzen du, datu hori erretako hondakinen indar kalorifikoarekin harremanetan jarriz, eta hondakinak ez diren bestelako erregaien erabilera deskontatzen dio. Dezimaletako emaitza bat ematen du formulak, eta mugako balio hauek ezarri ditu Europako Batasunak: teknologia zaharragoekin ari direlako, 2009ko urtarrilaren 1a baino lehenagoko baimenak dituzten errauste plantek 0,60 puntuko efizientzia energetikoa erakutsi behar dute. Baina baimena 2008ko abenduaren 31z geroztik lortu duten errauste plantek 0,65 puntuko efizientzia energetikoa demostratu behar dute.

Formula ulertu eta ebazteko aditua ?edo oso aritua? izan behar da, eta hor dago zalantza iturria, baina ondorioa oso argia da: 2008ko abenduaren 31z geroztik baimenak jaso dituzten errauste plantek, «balioztatze energetikoa» kategoria eskuratu nahi badute, 0,65 balioa gainditu beharko dute.

Eta zein da Zubietakoaren emaitza? Zenbatekoa da Gipuzkoako errauste plantaren efizientzia energetikoa?

Oso justua. Muga-mugan dago: 0,65527 puntuko efizientzia energetikoa hitzeman du, paperean, Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketak. 0,006; hori da San Markoko zabortegiaren eta Zubietako errauste plantaren artean dagoen aldea, beraz, hondakinen kudeaketarako hierarkian. Zubietako errauste plantaren efizientzia energetikoa 0,006 puntu txikiagoa gertatuko balitz, Gipuzkoako errauste planta ez litzateke edozein zabortegi baino hobea ?Europako Batasunak ezarriak dituen hierarkiak eta irizpideak jarraitu nahi badira?, ez bailituzke hondakinak «energetikoki balioztatuko»: hondakinak «ezabatu» (disposal) egingo lituzke.

Gorka Bueno EHUko irakasleak ohartarazi du muga-mugako egoera horretaz, eta 30 orrialdeko txosten mamitsua(3) idatzi du, EAEko errauste planten balioztatze energetikoa neurtzen(4) izenburupean (hemen, oso-osorik, PDF formatuan).

Baina kalkulua muga-mugakoa dela aurkitu bakarrik ez, akats bat ere atzeman du Buenok. Zubietako errauste plantaren efizientzia energetikoa neurtzeko R1 formula aplikatzen denean, errauste plantaren sustatzaileek ez dituzte aintzat hartu Ef eta Ei aldagaiak ?ur-lurruna sortzeko kanpotik sartzen diren erregai osagarriak, gasa adibidez, eta urtean zehar plantaren abiatze eta geraldietan beharko den inportatutako elektrizitatea, hurrenez hurren?. Formularen kalkuluan, 0 zenbatzen dira aldagai horiek. Gertatzen da Zubietako errauste plantarentzako ingurumen baimena eskuratzeko txosten horrek berak, beste atal batean, azaltzen duela plantak erregai osagarriak eta inportatutako elektrizitatea erabiliko dituela ?kopuru txikian bada ere?; ezinezkoa da, beraz, Ef eta Ei aldagaiek 0 balioa izatea. Datu horiek R1 formulari aplikatu eta behar besteko zuzenketak eginda, Zubietako errauste plantaren efizientzia energetikoa 0,6527 emaitzara jaisten da, Buenok egindako kalkuluen arabera.

Alegia, San Marko zabortegiaren parean egotetik 0,003 puntutara dagoela Zubietako errauste planta, paperean. Buenok berak zehaztu du aski litzatekeela Zubietan erreko diren gas naturalen erretzaile osagarriek, urtean 24 orduz beharrean, 60 orduz martxan egotea, R1 maila hori ez eskuratzeko. Kalkulu edo praktika akats txikienak, ez efiziente bihurtuko luke Zubietako planta, eta «ezabatzea» kategoriara jaitsiko luke.

Eta proiektuak izan badu zalantzazko beste puntu bat. Erretako gasari dagokionez, Zubietako plantak %25,1eko efizientzia eskuratuko duela azaldu dute sustatzaileek. Buenok argitu du, ordea, antzeko ezaugarriak dituzten plantetan %22ko efizientzia eskuratzea ja oso balio ona dela, ez dela ezagutzen errauste plantarik, gasaren erreketan, hori baino efizientzia handiagoa eskuratu duenik. Eta gasaren erreketan efizientzia galduko balu, horrek ere eragingo luke Zubietako errauste plantaren efizientzia energetikoan.

Nabarmena da, beraz, ingurumen baimena eskuratzeko aurkeztutako txostenean, R1 maila eskuratzeari begirako kalkuluak asko estutu direla, 0,65etik gora eman dezaten. Besterik izango da, martxan jarri ondoren, balio horietara iritsiko den. Argi dagoena da, Zubietako errauste plantan beroa ekoiztu eta saltzen bada, horrek plantaren efizientzia energetikoa hobetuko duela ?edo alderantziz ere plantea daiteke: berorik sortzen ez badu, ezinezko izango zaio 0,65 puntuko langa gainditzea?. R1 formulak, izan ere, beroaren sorrera saritzen du, eta elektrizitatea besterik sortzen ez duten errauste plantak kaltetzen ditu. Eta horrela ulertzen da Zubietan eraiki nahi den azpiegitura sarea, besteak beste laster eraikitzen hastekoak diren kartzela ?Ella Stengler doktoreak aipatzen zituen «ideia berritzaileak», alegia?.

R1 formulak, ordea, zergatik saritzen du beroaren sorkuntza? Europako Batasunaren arabera, energia sortzeko xahutuko liratekeen erregai fosilak ordezka ditzakete hondakinek, energia sortzeko erabiltzen badira. Baina energia bihurtzeko transformazio hori egiteko moduak eta moduak daude; hondakinetan dagoen indar kalorifiko ahalik eta gehiena ?hein batean bero gisa soilik aprobetxa litekeena? berreskuratu behar da prozesu horietan. Bestela, Europako Batasunak iritzi dio hobe dela beste prozedura batzuk erabiltzea hondakinekin ?biometanizatzea, konpostatzea, digestio anaerobioa egitea? berez, teknologia horiek etekin efizienteagoa ateratzen baitute hondakinetatik, nahiz eta ez elektrizitate moduan?. Alegia, eta laburtuta: edozein eratan erretzea baino hobe dela beste zerbait egitea hondakinekin. Beraz, beroa sortzen duten errauste plantak hobesten ditu R1 formulak, hondakinei etekin energetiko gehiago ateratzen zaielako. Gainera, beste erregai batzuk ?gasa, gehienbat? zenbat eta gehiago erabili, orduan eta emaitza okerragoa ematen du R1 formulak, kontrara erregai fosilak ordezkatzeko helburuari kalte egiten zaiolako.

Horregatik guztiagatik, zalantzan jarria dago R1 formula hainbat sektoretan. Gorka Buenok berak ere zalantzak agertu ditu: koefiziente batzuk arbitrarioak direla dio, eta ez diola termodinamikaren legeei erantzuten, beste behar batzuei baizik. Jörg Eckardt ESWETeko kideak ere nabarmendu zuen, iaz Amsterdamen, formula ez dela teknikoa, «politikoa» baizik. Ella Stengler CEWEPeko zuzendari kudeatzaileak eskatu du, bestalde, Ef aldagaia formulatik kentzeko ?hondakinak ez diren erregaien erabilera zigortzenduelako, eta horrek zaildu egiten duelako R1 agiria eskuratzea?. Carlos Martinez Orgado ISR fundazioko zuzendariak orain berri argitaratu du bere blogean artikulu bat, eta kritikatu du Europa hegoaldeko plantetan 0,65eko efizientzia maila eskuratzea zailago dela. Europa iparraldean, hotz gehiago egiten duenez, bero eskari handia dago; hango errauste plantek beroa eta elektrizitatea sortzen dute, eta horiei efizientzia energetiko handiagoa aitortzen die R1 formulak. Europa hegoaldean, klima epelagoekin, ez da apenas bero eskaerarik, eta elektrizitate hutsa sortzen dute errauste planta gehienek; horrek zaildu egiten die R1 kategoria eskuratzea. Orgadoren ustez, beraz, errauste planten efizientzia energetikoa 0,65 puntuko mugan jarri beharko litzateke Europa iparraldean, eta 0,60 puntuko mugan Europa hegoaldean. Ez debalde: Europako errauste planten %40 soilik eskuratuko luke R1 maila gaur egun ?atarian geldituko liratekeenen artean, gehienak Europako hegoaldean daude, eta elektrizitatea bakarrik sortzen dute?.

(Gaiaz gehiago jakiteko, bisitatu erraustu.wordpress.com)

ekologia, erraustegia, ingurumena, zabortegiak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude