Hondakin organikoa: Usteltzen utzi ala ongarri bihurtu? Bi norabide hondakinen kudeaketan.

normanack

Gipuzkoan 110.000 tona hondakin organikotik gora sortzen dira urtean. Hoietatik gehienak, beste hondakin atalekin nahastuta zabortegi kutsakorretan bukatzen dute. Gaur gaurkoz 6.000 tona bakarrik jasotzen da gaika urtean. Duela gutxira arte ez zen hondakin organikoa gaika biltzen. Urrun geratu dira baserritarrek “txerrijana” hiriko kaleetatik biltzen zituzten garaiak.

Hamarkada batzuk badira baliabideak probestea bezalako gauza logikoak egiteari utzi genionetik, gure “modernitate harroputz” honen korronteak bultzaturik. Dena den, geroz eta gehiago gara garapenaren ardatzean gure eta gure ondorengoen ongizatea jarri behar dela uste dugunok. Horretarako ezinbestekoa dugu gure ekonomian, gure produktuetan, erabili ditugun materialak berreskuratzea hauek bere funtzioa betetzeari utzi diotenean. Zentzu horretan, hondakin organikoarekin egiten dugunak berebiziko garrantzia dauka.

Hondakin organikoa beste atalekin nahastuta zokoren batean pilatzen badugu, adibidez zabortegian, ez zaio oxigenorik iristen eta usteldu egiten da. Usteltzean oso ezagunak diren eragin kaltegarriak sortzen ditu. Kiratsa, berotegi efektua eragiten duen metano isurketa, lixibiatuak, plagak…

Hondakin organikoaren deskonposaketa aireztatuta eta oxigenoarekin egiten bada, konposta lortzen da, kalitate bikaineko ongarria. Lurretik ateratakoa lurrari itzultzen zaio horrela, behin  eta berriz zikloa osatuz. Europako hainbat herrialdetan nekazaritzan erabiltzen dute, zirkuitu osoa ondo antolaturik baitute.

Hondakin organikoaren garrantzia

Gaizki kudeatutako hondakin organikoak sortzen dituen arazo larrietaz oharturik, Europan eta Nazioartean hau gaika bildu eta behar bezala tratatzeko irizpideak zabaltzen ari dira. Arazo hori bost axola zaien politikariek ere, itxura mantendu behar dute nagusitu den ikuspegi “berde”aren aurrean, eta hondakin organikoa biltzeko gutxieneko plangintza bat aurkeztu behar dute haien kudeaketa planetan. Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorrean (GHHKP ala PIGRUG2002-2016) eta honen 2008ko Aurerrapen Dokumentua izeneko berrikuspenean, hondakin organikoaren kudeaketa plangintza bat egina dago. Plangintza horren arabera 2009 urterako Gipuzkoan 3 konpostatze planta eraiki behar ziren eta urtean 30.000 tona hondakin organiko konpostatzeko ahalmena izan behar zuten hiruren artean.

Zein da errealitatea gaur egun?

Orain arte, Gipuzkoako hondakinak kudeatzeko sortutako partzuergoa zuzendu dutenek, Carlos Ormazabal eta Denis Itxaso buru, ez dute bete plangintza horretan jarritakoa. 2012 urteko udaberrira iritsita Gipuzkoak konpostatze planta bakarra dauka. Konpostatze planta hori Azpeitiako Lapatxeko konpostatze planta da. Planta pilotoa da Lapatxekoa, hau da, frogak egiteko eraikitakoa. Urtean 2.500 tona hondakin organiko tratatzeko ahalmena besterik ez dauka eta iaz 6.000 tona bildu ziren gaika organikoaren edukiontziari, eta batez ere, Atez Ateko bilketari esker.

Zer egin Gipuzkoan konpostatu ezin den hondakin organikoarekin?

Galdera honi erantzun erraza bilatu zion Carlosen eta Denisen administrazio kontseiluak. Lapatxeko konpostatze plantatik 100 metrotara zabortegia dago. Hauek “soberan” bildutako hondakin organikoa zabortegira botatzen zuten han ustel zedin. “Gehiegi” biltzen omen da gaika Denis Itxasoren esanetan. Herritarren eta hainbat udalen ahalegina usteltzera. Hori da birziklatzen eta gauzak ondo egiten ari direnei dieten errespetua. “Zertarako konpostatu erraustegiarentzat “jana” behar baldin badugu?”. ”Nola ordainduko dugu errauste planta zabor nahikorik sortzen ez badugu?”. “Zergatik sartu behar dute herritar nazkagarri hauek ez dagokien gauzetan?” pentsatuko zuten.

Zorionez, herritarrek Carlos-Denis bikotearen eskuetatik kendu dituzte hondakinen kudeaketa zuzentzen duten hariak. Sartu direnek badirudi bestelako ikuspegia daukatela gaiarekiko. Apustua zein den garbi esan dute, Gipuzkoan Zero Zabor eredua ezartzea. Hartzen ari diren erabakien tinkotasunak eta horrek politikoki suposatzen duen arriskuak, erabakia azken muturreraino eramateko asmoa dagoela uste izateko nahikoa arrazoi dira.

Orduan zer arraio ari dira egiten hondakin organikoarekin? Zergatik ari dira hondakin organikoa Gipuzkoatik kanpora, Nafarroa Garaira, Lapurdira eta Espainiara eramaten?

Konpostatze planta berriak egitea ez da bi egunetako kontua. Oraingoz, Bergaran egitea aurrikusita zegoen konpostatze planta egiten hasi dira. Herrialdeak sortzen duen hondakin organikoa tratatzeko beharko diren azpiegiturak, zenbat eta nolakoak izan behar duten, eta non kokatu behar diren aztertzen ari dira. Azpiegitura hoiek eraiki bitartean, gaika bildutako hondakin organikoa zabortegian usteldu eta arazo bihurtu ez dadin, behin behineko irtenbideak bilatu dituzte. Aipatutako lekuetan konpostatzera eramaten ari dira gaika biltzen den hondakin organiko guztia. Horrekin batera, herrietan bertan hondakin organikoa kudeatzeko aukera bultzatzen ari dira, etxeko eta kaleko konpostaiaren bidez.

Guzti honek primeran islatzen ditu hondakinen kudeaketa ikusteko bi erak. Batak natur baliabideak ustiatzen eta zaborra etenik gabe sortzen segitzeko borondatea erakusten du. Ahal bada, laguntxoek horri etekin ekonomikoa ateratzen saiatuko dira, zer edo zer helduko zaie-eta nolabait. “Herritarrak eta hurrengo belaunaldiak molda daitezela ahal duten bezala. Besteok ere hori egiten dugu eta!” pentsatuko dute ziurrenik.

Beste ikuspegiak jendea eta jendeak bizitzeko behar duen mundua aintzat hartu eta materialen kudeaketa arrazionalizatzen du. Hondakinak baliabide material garrantzitsua dira eta ez dago zabor bihurtzen uzteko beharrik. Aukera bat dagoen  lekuan arazoa sortzeak ez dauka zentzurik.

Informazio gehiagorako:

www.gipuzkoazz.com

Euskal Herrian materialen kudeaketa arrazional eta iraunkor baten alde, hau da, Zero Zabor ereduaren alde eragiteko elkartea.