Hiltzeko modu irrigarriak

Heriotza elegantea, by Matt Hampel, Flickr
Heriotza elegantea, by Matt Hampel, Flickr

Def Con Dos taldeak modu barregarrian hiltzeari diogun beldurraz hitz egiten zuen abesti batean. Duintasuna mantendu nahi izaten dugu bizitza hau uzterakoan ere, baina heriotzak bilatzen gaitu, eta gehienetan aukeratu ezin denez, ezin duintasun hori bermatu.

Bonbilla aldatzean elektrokutatzea da Def Con Dos-en arabera lehen hiltzeko era irrigarria. Bada noski halakorik gertatu zaionik. Claude François pop musika abeslariak antza, ez zekien ura eta elektrizitatea ez direla lagun. Bainuontzian zela, zer okurrituko eta ongi funtzionatzen ez zuen bonbilla aldatzea. François, noski, elektrokutatuta geratu zen bainuontzian. Ez da ez, hiltzeko modurik eleganteena.

Mundu honetan egingo dugun azken gauza da hiltzea eta horrexegatik ematen diogu hainbesteko garrantzia. Hiltzeko 50 modu irrigarrienak biltzen dituen webgunea ere topatu dugu. Hiltzeko modu arraroen lista edota euren asmakuntzen eraginez hildakoen zerrendak ere badira Interneten. Lehen kasuan, listako azkena, txokolate fabrika batean lan egiten zuen langilearena: txokolate beroz beteriko tanke batera erortzean hil zena. Txikiak ginenean askotan egingo genuen amets txokolatezko igerileku batekin, baina sekula ez genuke imajinatuko halakorik.

Aspaldira begira jarrita K.a. 458. urtean Esquilo idazle greziarraren heriotzak deitu digu atentzioa. Arrano batek tamaina handiko dortoka bat jaurti zion burura hura hautsi eta jateko asmoz. Antza Esquiloren soilgunea harri batekin nahastu zuen arranoak.

Ez da askoz hobea Isadora Duncan dantzariaren kasua. Bere amorantearengana zihoala, soinean zuen bufanda kotxean trabatu eta itota hil baitzen.

Famatuen heriotzak dira, batik bat memorian gordetzen ditugunak. Eta mundu hori gaindosiz eta gehiegikeriaz josita topatu dugu. Jimy Hendrix bere gonbitotan itota hil zela guztiok oroitzen dugu, adibidez. Baita Janis Joplin abeslariaren gaindosia ere.

Desiratutako heriotza barregarriak ere badira. Oroitzen Bushen galletatxo gaziaz? EEBBtako presidentea Etxe Zurian baseball partida bat ikusten eta galletatxo gazi baten erruz itota hiltzea ere ez da ez hiltzeko modurik duinena. Hainbat txisteren jomuga behintzat bilakatu zen…

Gehienetan ordea, ezin aukeratu nola izango den mundu honetan egingo dugun azkena.

2 pentsamendu “Hiltzeko modu irrigarriak”-ri buruz

  • Irrigarria, irrigarria… zuek lasai zaudete, baina hemen, Bartzelonan, zerura begira joan beharko dut kalera ateratzen naizen bakoitzean, ez dakidan suizida horietakoren bat buru gainera erori. Sarri askotan pentsatu dut nik ere hiltzeko modu diferenteez, eta heriotzak denak berdintzen gaituelako kalaka horretaz. Gezur hutsa. Zuk aipatzen dituzun web guneak eredu. Ea nork nahiko lukeen gisa horietako batean pasa beste mundura.

  • Arraroa egin zait horrelako artikulu batean Darwin Sariak ez aipatzea. Urtero ematen dira heriotza kasu xelebreenei, heriotza honek giza espeziea hobetzen lagundu duelakoan (hortik dator hain zuzen sarien izena).

    http://en.wikipedia.org/wiki/Darwin_award