Hauteskunde emaitzak hausnartzen. Atez Atekoa martxan jartzeak ez du hauteskunde emaitzetan eragin negatiborik

Hauteskunde emaitzak hausnartzen. Atez Atekoa martxan jartzeak ez du hauteskunde emaitzetan eragin negatiborikAzken hauteskunde emaitzak ikusita asko izan dira Gipuzkoako emaitzen atzean atez ateko bilketaren eragin kaltegarria ikusi dutenak. Aldiz, Atez Atekoa martxan daukaten herrietan martxan jarri dituen alderdia oso sendo dagoela ikus dezakegu hauteskunde datuei erreparatzen badiegu. Askotan esan izan dugun bezala, gezur bat bestearen atzetik zabaldu da gaikako bilketa eraginkorra oztopatu eta zaborrari eta errauste plantari bidea ireki nahian. Baina eguneroko praktikan ezagutzen dutenak gustora daudela ikus daiteke.

Gauza jakina da Atez Ateko bilketak oso emaitza onak lortzen dituela gaikako bilketan. Gauza jakina da ere, erraustegiak zaborra behar duela errentagarria izateko, eta beraz, Atez Atekoa oztopo handia dela erraustegiarekin dirua egitea amesten dutenentzat.

Garbi dago erraustegia bultzatzen duten sektore ekonomiko eta politikoek indar handia daukatela gure gizartean, eta hedapen zabaleko hainbat komunikabiderekin lotura estuak dituztela.

Atez Atekoari kontra egiteko, egiak ezkutatu, gezurrak zabaldu eta beldurra hedatzen ahalegin berezia egiten dute. Hori guztiari, zenbait alderdi politikok, gobernuan daudenei desgastea eragiteko, gaia demagogikoki erabiltzea gehitu behar diogu.

Hurrengo astean izango den Donostiako beldur eta fantasiazko zinean botatzeko moduko kontakizunak entzun ditugu Atez Ateko bilketari buruz boikotatzaile hauen eskutik. Arratoien inbasioa, kiratsean murgildutako herri zikinak, zintzilikarioak zaborrez beteta nonahi, herritarrak matxinatuta, biztanleen kotxeak zabor bilketarako kamioi bilakatuta ondoko herrira bueltaka zabor poltsarekin… Zenbaitentzat denak balio du zaborra sortzen segi dezagun.

Hauteskundeek mitoaren eta errealitatearen arteko marra marrazten dute

Hainbeste zalaparta mediatikok askotan pentsa arazten digu horrek kosto elektoral jakin bat izango duela atez ateko bilketa bultzatu duenarentzat. Aldiz, bai Euskal Herrian, bai mundu zabalean ere izandako hautes emaitzak aztertu eta konparatzen baditugu, eragin kaltegarri horren islarik ez dugu topatzen jadanik atez atekoa martxan jarrita dagoen lekuetan. Une sensiblea erabakia hartu eta sistema martxan jarri bitartekoa da. Ezezagutzak eta irudimenak mamuen sorleku bilakatzen duten epe delikatu hori. Hortik aurrera, jendeak normaltasun osoz hartzen duen zerbait da, gauzak ondo egitearen harrotasunarekin askotan.

Udal gobernuean zeudela Atez Atekoa jarri zuten alderdien inguruan ondorengoa ikus dezakegu:

  • Udal hauteskundeak pasa eta gobernuan segitzen dute.
  • Gipuzkoan gaur gaurkoz Atez Ateko bilketa daukaten 4 udalerrietan (Usurbil, Hernani, Oiartzun, Antzuola), Atez Atekoa jarri zutenetik, bultzatzaileak lehenengo indarra izan dira egin diren 3 hauteskundeetan.
    • Batazbeste, bigarren alderdiak ateratako boz kopurua bikoizten dute.
EH bildu PNV PSE PP
Hernani 4.488 2.203 1.490 456
Oiartzun 3.227 1.361 317 164
Antzuola 660 402 124 24
Usurbil 1.759 799 313 94
Guztira 10.134 4.765 2.244 738
    • Atez Atekoaren bultzatzaileek ateratako boto kopurua, beste guztienak batuta baino gehiago dira.
AABren aldekoak AABren kontrakoak
Hernani 4.488 4.149
Oiartzun 3.227 1.842
Antzuola 660 550
Usurbil 1.759 1.206
Guztira 10.134 7.747

Inork pentsa al dezake Atez Atekoa jarrita daukaten herrietan aipatzen den kaos eta zikinkeriaren laurdena balego posible liratekeela horrelako emaitzak? Guk beti esaten dugu onena norberak zuzenean herri hoietara bixita bat egitea dela, mamutzarrak uxatu eta errealitatea prentsan agertzen denaren oso bestelakoa dela ikusteko.

Aniztasuna. Zero Zabor kontzeptuaren defentsan pentsaera guztietako herritarrak daude.

Hasiera batean norbaiti kontraesankorra iruditu dakioke izenburu hau aurreko puntuaren edukiarekin. Baina ez da horrela. GZZko kideok ematen ditugun hitzaldietan, eta kalean egindako agerraldietan, joera politiko guztietako jendea topatu dugu bultzatzen ditugun helburuen alde. Azken finean, zentzuna daukan edonork bat egiten du ingurumen osasungarriago batean bizitzearen alde. Emaitza hauek islatzen duten bakarra da, hondakinen kudeaketaren gaia ez dela alderdi bati ala besteari lotutako gaia, zeharkako gaia baizik.

Horrela izan dadin lanean segitu behar dugu. Gehiengo handia da errausketa bezalako tratamendu garesti eta kutsakorrak ekiditearen alde, eta hondakinen murrizketa eta birziklapena bultzatzearen alde dagoen jendea. Horren lekuko, Atez Atekoaren aurka ekiteko sortutako plataformek jendeak sinatzeko prestatutako manifestuan, birziklatzearen alde daudela espreski adierazi behar izana.

Jarrai dezagun datuak aztertzen. Aurreko taularekin garbi ikus daiteke Atez Atekoaren aurrean alderdi bezala hartu duten aldeko jarrerak, ez duela alderdi hoien gainean eragin kaltegarririk izan hauteskunde mailan. Era berean, bilketa sistemaz haragoko beste faktoreek emaitzetan eragin handiagoa daukatela ikus dezakegu. Hau da, atez atekoari begira baldintza berdinetan dauden bi herri hartuta, atez atekoaren alde dagoen alderdiak joera ezberdinak izan ditzakeela.

Atez Ate egoera Herria Udala Legebiltzarra Aldea
Bidean Ibarra 1331 905 -32%
Bidean Getaria 751 748 0%
Bizkaian Gernika 5901 3794 -36%
Bizkaian Mañaria 173 137 -21%
Oposizioan Hondarribia 2449 2033 -17%
Martxan Usurbil 1530 1759 15%

Goiko koadroan Atez Atekoa bultzatu duten alderdien (Bildu eta EH Bildu) emaitzak ageri dira. Emaitzok herrika daude eta atez atekoaren inguruan herri bakoitzaren egoera zein den azaltzen da lehenengo zutabean.

Ikus daiteke Atez Atekoaren aurrean egoera berdinean dauden herriek oso emaitza ezberdinak lortu dituztela, eta aldiz, egoera ezberdinean daudenek beretsuak. Hau da, Atez Atekoaren eragina ez da emaitzak interpretatzerakoan faktore garrantzitsua. Akaso, Atez Atekoarekin lotuta, herrian alde eta kontra egin denaren arteko indar erlazioa legoke, baina beste edozein gaietan eman daitekeen tirabiraren pareko eraginarekin. Ondorengo datuak ikus ditzakegu:

  • Atez Atekoa jarriko duela iragarri duen, baina oraindik jarri gabe daukan Ibarran, Bildu-EH Bilduk bozen %32 galdu du udal hauteskunde eta legebiltzarrekoen artean. Baina Bizkaian dagoen, beraz Gipuzkoan hondakinen bilketaren inguruan dagoen eztabaidatik at dagoen Gernikan, %36 galdu ditu. Berdin Bizkaiko Mañarian. %21 galdu ditu bertan.
  • Atez Atekoa jartze bidean daukan Ibarran ikusi dugu Bildu-EH Bilduk botoen %32 galdu dituela, baina egoera berean dagoen Getarian aldiz emaitza bera izan du udal hauteskundeetan eta legebiltzarrerakoetan (3 boto gutxiago bakarrik).
  • Bildu-EH Bildu oposizioan dagoen eta Atez Atekoaren “mehatxurik” ez dagoen Hondarribian %17 galdu du koalizioak eta Atez Atekoa martxan dagoen Usurbilen %15 irabazi du.

Euskal Herritik at ere berdintsu. Atez Atekoa jarri duten herri eta hirietan hauteskundeak aise gainditzen dituzte.

Milaka eta milaka herri eta hiri dira hondakinak Atez Ateko sistemarekin biltzen dituztenak. Italian, Katalunian, Flandrian, Alemanian, Estatu Batuetan… Askok bi hamarkada baino gehiago daramate Atez Ateko sistemarekin eta hauteskunde asko pasatakoak dira.

Horrek ez du inondik inora ere sistema kentzerik ekarri, herritarrak gustora dauden seinale. Aldiz, Atez Atekoa etengabe zabaltzen ari den sistema da, emaitza bikainek hondakinen kudeaketa asko merketzen dutelako, eta eragin ekonomikoaz haratago, ingurumen eta osasunaren ikuspegitik ere ona delako.

Ondorio garbia

Zero Zabor norabideko urratsek sektore ekonomiko eta politiko indartsuen oposizio gogorra badute ere, hauen eragina neutralizatzea eta gainditzea posible da. Horretarako ezinbestekoa dugu, herritarrak herrietan antolatu eta gure interesak bultzatzea.

Era berean komenigarria litzateke erakundeetatik gaiari buruzko informazioa ematea. Herri askotan hainbat buzonaketa egin dira Atez Ateko bilketaren inguruan gezurrak zabaldu eta beldurrak hauspotzeko. Aldiz, Atez Atekoaren errealitateaz informatzeko kanpainak askoz gutxiago izan dira.

Berdin esan daiteke adibidez, Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketarako planaren garapenaz. Aurrekontuaren erdiarekin, lanpostuak sortuz, arazoa tratamendu toxikorik gabe (errausketarik gabe) konpontzen du, baina herritarrek horren inguruan daukaten ezagutza oso eskasa da.

Prentsaren aldetik ere badago zertan gogoeta egina. Prentsaren zati bat nabarmen aritzen da oztopoak jarri nahian gezurrak zabaltzen. Gainerako prentsan aldiz, informazioa eskasa da gaiaren inguruan. Batez ere Atez Atekoaren inguruan ematen da informazioa, batzuk atez atekoaren inguruan sortu duten zalapartaren morboak eragiten du berriren bat publikagarri izatea antza. Horrek hondakinen kudeaketa egokiaren aldeko lanaren irudi ezkor eta negatiboa indartzen du. Aldiz, Zero Zabor norabidean egiten diren bestelako urratsek, Foru Aldundiak, Kilometroakekin eta Hezkuntza mailako hainbat elkarterekin Zero Zabor konpromisoak bultzateko egindako itzarmenekin gertatu den bezala, ez dute apenas islarik prentsan.

Lanerako unea

Beti da lanerako une egokia, baina orain bi urte eta erdiko tarte bat dago hauteskunderik gabe. Gauza jakina da hauteskunde aurreko garaiak ez direla politikarien gogokoenak izaten urrats ausartak egiteko, herritarrek ondo ulertu ez, eta hauteskundeetan garesti ordain dezaketelako. Beraz, zenbat eta lehenago gauzak egin orduan eta tarte txikiagoa utziko zaio demagogia eta sabotaiari. Hauteskundeak iristerako, herritarrek atez atekoaren errealitatea eta emaitzak lehen pertsonan ezagutuko dituzte, eta kontra gezurretan aritzen denak bere burua nabarmen uztiko du.

Zero zabor mugimenduak eta heritarrek oro har, orain dugu aukera gure interesak enpresa handienen menpe gera ez daitezen aldarrikatzeko eta osasuna eta ingurumena ardatz izango dituen Zero Zabor lurraldea eraikitzeko.

Euskal Herrian materialen kudeaketa arrazional eta iraunkor baten alde, hau da, Zero Zabor ereduaren alde eragiteko elkartea.

38 pentsamendu “Hauteskunde emaitzak hausnartzen. Atez Atekoa martxan jartzeak ez du hauteskunde emaitzetan eragin negatiborik”-ri buruz

  • Kaixo,
    Ados nago atez atekoaren faserik gogorrena erabakia hartu eta martxan jarri artekoa dela. Sinistuta nago, behin martxan jarritakoan, egoera estabilizatuko dela, nahiz eta beti egongo den zalaparta ateratzeko prest dagoen norbait.

    Baina ez da lehen aldia EHBildu-ren gipuzkoako emaitzen eta atez-atekoaren konparaketaren inguruko hausnarketa bat irakurtzen dudana, eta aurrekoan ere esaten zen ez zuela eraginik. Zentzu honetan, aipatu nahi nuke gaur egun atez atekoa martxan dagoen herrietan, historikoki emaitza oso onak izan dituztela EHBilduko alderdiek, eta bertako biztaneak oso fidelak direla aukera politiko horretara (gazteleraz “feudo” deitzen diote). Ziurrenik horrek ere eragingo zuen emaitza onetan, eta horren aipamenik ez dut topatu.

    • Zuk diozun “fideltasuna” neurtzeko, ezker abertzalearen hautes aukera legez kanpokoa izan zen hauteskundeetako emaitzetara jo behar duzu. Hoiek dira boto inkondizionalak. Hortik aurrerakoak baldintzen araberako botoak dira.
      Atez Atekoa daukaten milaka herri eta hirietan gertatzen dena ere aipatzen da artikuluan, eta hemengo atez atekodunherrietako emaitzek berresten dute nazioartean gertatzen dena. Herri hoietako jendea normaltasun osoz bizi dela eta garrantzia beste auzei ematen diela, ez hondakinen bilketari.

  • Vocentoren nagusietako bat, errautsgailua eraikitzeko dan enpresa baten nagusia ere bada.

  • atex atexin 2012-10-29 15:29

    Beno, a ze komentario aluzinantea:
    1) politikoki horren karga estrategikoa izan dezaketen hauteskunde batzuetan botoa (ez) emateko faktorea atez atekoa dela pentsatzea nahiko inmaduroa da.
    2) aldarrikapen eta klabe ideologiko guztien artean, gauza horri horrenbeste garranrzia ematea deigarria iruditzen zait: badirudi nazio askapenak berak baino kemen eta arreta gehiago gastarazten diela batzuei.
    3) atez atekoa jadanik ezarria dutenak ezker abertzalearen feudo indartsuak dira, a ze nobedadea.
    4) beste herrietan izan duten gainbehera klabe berean uler lezake beste batek (atez atekoa ezartzeari hesi handiagoa jartzea alegia) baina hori ere absurdoa iruditzen zait.

    • Aukera politiko bati botoa ematen dion jende guztiak ez du ideietan sakontasun berdina izaten. Horregatik egoten dira egoten diren gorabeherak. Eta hasiera batean zerikusi handia izaten ez duten faktoreek, hainbat herritarren botoa alde batera ala bestera bideratzen dute.
      PNV eta PSOEk ondo dakite hori, eta Atez Atekoak herritar guztieri eragiten dien neurria dela jakinda, ezinegona eta kezka zabaltzeko bektore aparta delakoan sekulako kanpainak egin dituzte zenbait herrietan gezurrak zabaldu eta jendea kontra jartzeko. DV eta Noticias ere zeregin horretan aritu dira egun batean bai eta bestean ere bai, eta tamalez, ez da egunkari “iraultzailerik” somatu FCC, eta Zementera handien gezurrei buelta emateko ahaleginean.

    • Nik esan nahi izan dudana da atez atekoak ERE izan duela eragina boto jeitsiera horretan, hobe esanda, atez atekoaren inguruan sortu den zalapartak eta eztabaida etengabeak. Noski izan direla faktore gehiago (partehartze txikiagoa; ez da berdina udal hauteskundeak edo legebiltzarrekoak; aurrekoetan ezker abertzalearen botua legala zen aspaldiko partez; ezker abertzaleran estrategiarekin ados ez daudenak…) eta aditua ez naizenez ez dakit arrazoi bakoitzari bere pixua ematen.
      Baina azken urte honetan, Gipuzkoan, zoritxarrez atez atekoari kemen eta arreta gehiago jarri zaio nazio askapenari baino, bai behintzat komunikabideetan eta kaleko eztabaidetan. Nik neuk ezagutzen ditut lagunak udalerako botua eman ondoren, orain gai honen inguruko zalapartaren ondorioz abstentzioan geratu dena.

      Horregatik diot eragin negatiborik ez duela esatea gehiegi irauditzen zaidala, noski ez dela izan faktore bakarra, eta ziurrenik ezta garrantzitsuena ere, baina nire ustez izan du bere eragina.

      • Eragina izan duenik inork ez du ukatzen, zenbait lekutan behintzat. Kontua honakoa da. Eragin txarra atez atekoak berak eragindakoa da? Ala atez atekoaren inguruan oposizio politiko-mediatikoak egin duen bonbardaketak, leku hoietan neurri bereko erantzunik ez izana?
        Garrantzitsua da bi gauzak bereiztea. Errua atez atekoarena bada, Bilduk horren zabalpena gerarazteko arriskua legoke. Aldiz, erantzuna gezur bonbardaketari behar bezala informatuz erantzun ez izana bada, Bilduren jokabidea horretan indar handiagoa jartzea izan beharko luke.

  • Atex atexin, ez dakit zein herritan bizi zaren zu, ni Bildu alkatetzan dagoen eta atez atekoa jarriko den herri batean bizi naiz, eta Bildu (eta EHBildu) hizketagai den bakoitzean atez atekoaren inposaketa eta ustezko zikinkeria ateratzen dira. zer pentsatua ematen dit. Inmaduroa naix horregatik, dirudienez

    • atex atexin 2012-10-29 20:41

      Ez, inmaduroa ez zara zer pentsatu hori izateagatik, jendeak Legebiltzarreko botoa horren arabera alda dezakeela pentsatzeagatik baizik.
      Eta honbre, Bildu hizketagai den bakoitzean nola ez da ba atez atekoaren kontua haizatuko: Bilduk berak eman dio bere politikaren erdiguneetako bat izaterainoko garrantzia, nola ez diote ba bere aurkariek garrantzi bera emango.

      • Oker zabiltza bi gauzatan.
        Lehenik Bilduk ez du jarri atez atekoa bere politikaren erdigunean. PNV-PSOE izan dira hori egin dutenak kalkulu bat eginda; Horrela Bildu-EH Bilduri hauteskunde mailan kaltea eragin eta botoak irabaziko zituztela. Atez atekoa frontoian jokatzeko hautatu duten pilota da. Beste bat izan zitekeen, baina honek demagogiarako elementu interesgarriak zeuzkan.
        Uste dut zu bakarrik zarela horrek eragina izan ez dezakeela sinesten duena. Artikuluan esaten den moduan, eragin gehiago ala gutxiago izan du, herri bakoitzean pilota partida hori nola jokatu den. Beste kontu bat da, hauteskundeetan eragin zezaketen elementu gehiago zeudela, eta emaitza, guztien elkareraginaren fruitua dela.

        • atex atexin 2012-10-30 11:14

          Botoak irabazteko? Aizu, bakoitzaren iritzia defendatzea ez da kalkulu baten ondorioa. Ze mania besteen jokabidean (besteenean bakarrik) maltzurekeriak ikustekoa.

          Bilduk kondizio ia sine qua non egin du auzi hau, berau aplikatzeko ze indar duen ondo kalkulatu gabe. Normala besteek eratutako paretaren kontra jotzea, eta jotze horiek notizia izatea etengabe.

          Eta noski, botoa erabakitzeko faktoretxo bat izango da, baina beste askoz garrantzitsuagoak badirela uste dut.

          • Iritzia defendatzea zilegi da. Jendearen iritzia sortzeko gezurrak esatea eta argazki muntaiak egitea ez. Ni Usurbilen bizi naiz eta ikusi ditut PNVk eta PSOEk gezurrez banatutako panfletoak. Irakurri ditut DVk gezurrez beteta egun batean bai eta bestean bai argitaratutako artikuluak. Hori ez da iritzia ematea. Iritzi jakin bat sortu nahi izatea baizik. Eta berdin zait PNVk ala Bilduk egiten duen. Jokabide demagogikoak kaltegarriak eta mexpretxugarriak dira edozein kasutan.
            Botoak helburuak lortzeko bitarteko izan ordez, botoak berak helburu diren gizarte batean bizi gara, sistemak horretara baitarama politika. Zentzu horretan Bilduk egindakoa goraipatzekoa da. Arazo bat konpontzeko aukera eduki eta arduraz jokatzea erabaki du, botoak lortzeko askoz eraginkorragoak diren, jokaera demagogikoetan erori beharrean. gainetik

  • Gauzak bere onetik atera gabe (hau da, EH Bilduren emaitzak ona izan dira), ez dirudi oso serioa esatea Usurbilen eta Hernanin, atez atekoa jarri izanagatik, ezker abertzaleak nagusi izaten jarraitzen duela. Arrazonamendu eskasa Zerozabor orrialdearen aldetik. Pentsa, horrelako herrietan lehen postua galdu izan balu… Esan bezala, gauzak bere onetik atera gabe, oso posible da zenbait herritan atez ateko polemika horrek eragin negatiboa izatea. Hori ere badagoela uste dut, eta hori ukatzea ez da arazoei aurre egiteko modurik egokiena.

    • GipuzkoaZeroZabor 2012-10-29 17:55

      Kaixo Jagoba
      Artikuluan esaten dena ez da Atez Atekoak eraginik izan ez duela, baizik eta beste hainbat faktorek izan duten eraginaren parekoa izan duela. Beste era batera esanda, Atez Atekoaren inguruko informazio eta kontrainformazioa herri bakoitzean nolakoa izan denaren arabera izan da eragina segur aski.
      Jarrita daukaten herrien inguruan esaten dena da, Atez Atekoarekin jendea ez dela gaizki bizi, zenbait hedabideetatik, jartzera doazen herrietan jendea izutzeko ahaleginean zabaltzen duten bezala. Gainerakoan, oso “feudo” izanagatik, emaitzetan nabarituko litzateke. Horren inguruan gogora ekarri behar dugu, Usurbilen, Atez Atekoa martxan zegoela galdeketa egin zela, eta herritar gehienek Atez Ateko bilketa sistemaren aldeko boza eman zutela.
      Gaiaz gogoeta egitea garrantzitsua da, askoren ahotan entzuten baita EH Bilduk gipuzkoan izandako emaitzak Atez Atekorengatik direla. Guk ez diogu herri batzutan horrela izan ez denik, leku guztietan horrela izan ez dela baizik. Eta beraz, benetako faktoreak beste batzuk direla, (des)informazioa, egindako komunikazio lana…

  • Ba nik aitortu behar dut 22 urtetan lehen aldiz ez diot ezker abertzaleari botua eman. Gure etxean lehen aldiz zazpirok beste bati eman diogu botua. Atez atez, ez eskerrik asko!

  • Zure botua nori eman zuk erabaki behar duzun zerbait da. Baina zure arazo nagusi eta erabakiaren ardatz bilketa sistema egiteak zer pentsatua eman beharko lizuke. Gai garratzitsu mordoa daukagu, krisia, normalizazio prozesua, burujabetza… Hoiek denak lau panfleto irakurri dituzulako atzean uztea…
    Zuk jakingo duzu.

    • Egia esan, ez dut erabaki botua nori eman, baizik eta botua nori ez eman erabaki dut oraingoan. Arrazoia atez ateko sistema inposatze saiakera. Noski ausnartu dudala egoera ekonomikoaz, normalizazio prozesuaz, burujabetzaz…eta azken hau, ze motatako burujabetza espero dezaket atez atekoa inposatu nahi badidate? ze desbertintasun dago ba estatu espainolek eta frantziarrek inposatzen dizkiguten “arau” eta atez ateko sistemaren inposaketaren artean? inposaketa, beti da inposaketa. Nere herrian erreferenduma eskatu dugu Atez Atekoaren erabakiaren inguruan, eta ezezkoa eman digute. Ez al da inposaketa? Libre eta independiente izateko erreferendunak ondo ikusten ditu Ezker abertzaleak, eta atez atekoa erabakitzeko ez?

      Gai hau nere inguruan eztabaida haundia pizten du, ze ematen du Ezken Abertzalean ezin dela ezer zalantzan jarri, denari so egin behar diogu. Ba nik arro esaten dut: ezker abertzalekoa naiz bihotzez, baina atez atekoa ez zait inondik inora neretzako nahi.

      Beste gai ere etortzen zait burura, aurreko hauteskundeetan Bilduk atez atekoari sekulako propaganda egin zion, hauteskunde hauetan ez du ia gaia atera. Zergatik?

      Ah! eta ez det inongo panfletorik irakurri. Usurbilen bizi izan nintzen 7 hilabetez.

      • Agian Jaurlaritzak zabor kudeaketan eskumenik ez daukalako?
        Espainiako kongresurako hauteskundeetan ere ez dut uste gaiari “propagandarik” egin ziotenik, udal eta foru hauteskundeetako programan zegoen gaia, erakunde horiei dagokielako kudeaketa.
        Niri oso logikoa iruditzen zait…

      • Kaixo Maitane
        Nineuk erantzun dizu EH Bilduk gaia sartu ez izanaren zergatia. Hauteskunde hauek ez ziren hondakinen bilketa kudeatzen duten erakundeak hautatzeko.

        Galdera bat. Diozunez EH Bilduri ez bozkatzea izan da zure hautua Atez Atekoaz ez duelako galdetu. Gustora jakingo nuke bozkatu diozun horrek ze galdeketa egin dituen azken 30 urteetan. Irrikitan nago jakiteko, nik 43 urte baititut eta galdeketa bakarrean hartu ahal izan dut parte. Ba al dakizu zeinetan? Usurbilen bilketa sistema aukeratzeko egin zenean.

        Azkenik Usurbilen 7 hilabetez bizi izan zarela diozu. Ze arazo izan dezu zuk atez atekoarekin? Jakinmina daukat, arratoien eta usainen kontu hoiekin ez zatzaizkit etorriko ezta?

        • Ba begira, nere printzipioek ez zidaten uzten beste alderdi bati bozkatzen, eta esan bezala, nori ez bozkatzea erabaki nuen, eta azkenean zuriz bozkatu nuen.

          Ze arazo izan nuen? Ba alde batetik, nere lan ordutegiak direla eta, ezin nuen zaborra utzi behar ziren ordutan jeitsi eta bestetik 30metro karratuko etxe batean bizi nintzen, balkoirik gabe(imaginatu dezakezu ze sukalde haundia nuen)eta egunero sortzen dizen zakarrak ezin botatzea eta etxean gira eta bueltaka ibiltzea ez zen atsegina. Azkenean bizilagunari uzten nizkion zabor ordanikoak berak botatzeko (imaginatu egoera) eta plastikoak, kartoiak eta abar kotxean sartu eta Andoainen botatzen nituen bertan lan egiten baidut.

          • Zein zen zure ordutegia? Ze kaletan bizi zinen? Badakizu gezurtia errena baino errazago harrapatzen dela. Egia esaten ari zaren laster azkar jakingo dugu hiru-lau galderarekin.

          • Xabier Makazaga 2012-10-31 12:10

            Nabarmena baino nabarmenagoa da Maitane gezurretan dabilela hasiera-hasieratik.
            Hara zer esan duen lehen iruzkinean: “Ba nik aitortu behar dut 22 urtetan lehen aldiz ez diot ezker abertzaleari botua eman. Gure etxean lehen aldiz zazpirok beste bati eman diogu botua. Atez atez, ez eskerrik asko!“
            .
            Sarean horrelako pertsonaia dezente dabiltza lan zikina eginez. Gezurra besterik ez diote, perfil ezberdinak erabiliz. Hori bai, gehien-gehienak “Maitane” baino argiagoak dira gezurretan jarduteko orduan. Lehen iruzkinean “beste bati eman diogu botua” esatea eta gero galderatxo bat egin diotenean zuri bozkatu duela erantzutea ez baita batere serioa.

        • Mikaetx, uste dut errespetu falta asko duzula, zure iritzi berdina ez dutenekin. Min emango dizu, baina seguru nago ni bezalako asko daudela Ezken Abertzalean atez atekoa ez dutenak nahi.

          Ez daukat zertan azalpenik zuri eman beharrik, baina hona nere datu pribatuak, ze euskaldun bati ezin zaio esan gezurtia dela: Zelai haundi kalean bizi nintzen eta obradore batean egiten dut lan. Nere ordutegia goizeko 4etatik 12etara da eta zaborra botatzeko ordutegia goizeko 6.30tatik 8.30etara da, uste dut igandetan 9ak arte zela (ez nago oso ziur, baina goizo zen neretzako! nahiko putada igande baten ere goizeko 9tako jeiki behar izatea, egunero 3tan esnatzen den batentzat).

          • Xabier, barkatu, baina etxekoetaz hizketan ari nintzen eta pluralean jarri dut besti bati eman diogula botua, orokorrean hitz egienez, ze noski, etxeko guztiek ez dute zuriz bozkatu, batzuk bai alderdi bati bozkatu diotela. Nuloa ere egon da.

          • Maitane jakintzazu, zuk zenuen ordutegiaren antzekoa daukala jende askok. Eta zer egiten du jende horrek? Etxean, jarritako ordutegian hondakinak atera ditzakeen beste inor ez badago, lanera joaterakoan atera eta kitto. Ez dago inolako arazorik hori egiteko.

            Informazio bulego bat dago herrian bertan, horrelako arazoei buruz galdetu eta irtenbideak zein diren jakiteko. Beraz zuk planteatzen duzuna ez da inondik inora arazo. Zuk aipatzen dezun arazoa ez da atez atekoarena, baizik eta zu ez informatu izanarena.

          • Xabier Makazaga 2012-10-31 14:06

            Maitane, zure perfila ez da batere sinesgarria. Beste batzuk askoz ere hobeto disimulatzen dituzte haien gezurrak. Nahi duzuna egiten dizut apustu lehen iruzkinean esan duzuna gezurra dela: “Ba nik aitortu behar dut 22 urtetan lehen aldiz ez diot ezker abertzaleari botua eman. Gure etxean lehen aldiz zazpirok beste bati eman diogu botua. Atez atez, ez eskerrik asko!“

          • Bai, gezurretan ari naiz, aitortzen dut: EH Bilduri eman diot botua eta atez atekoaren aldekoa naiz!

          • Xabier Makazaga 2012-10-31 17:38

            Xabier Leteren abestitik hartua dirudien “zazpi senideko famili” hori ezagutzeko irrikitan nago, “Maitane”. Apustua onartzen duzu, bai ala ez? Zuk esan zer jokatu nahi duzun. Ni lepoa ere jokatzeko prest.

      • Amonamantangorri 2012-11-01 19:01

        22 urtez HB-EH-Batasunari botoa ematen? Berunezko urte latzenetan problemarik gabe, beti txintxo eta leial, baina zaborrak atez ate biltzea bultzatzen dutelako haserre? Ze lehentasun eskala da hori?

  • atex atexik 2012-10-30 11:33

    Ba noski jokabide demagogikoak kaltegarriak eta mespretxugarriak dira edozein kasutan. Noski ba. Hain justu, horregatik, ez zaizkit gustatzen atez atekoaren kontra daudenei buruz esaten direnak.

    • Adibideren bat jartzerik?

      • atex atexin 2012-10-30 12:48

        Ba, adibidez, esatea kontra daudenak hala daudela lau panfleto irakurri dituztelako. Hau da, nolabait propaganda gaiztoaren biktima izan direlako, eta ez gogoeta egin ondoren erabaki dutelako ez zaiela sistema hori gustatzen.

  • Hauteskunde bezperan, urriak 20, HABEk azterketak egin zituen. Bigarren mailan (B2, HE2) idazlanerako gaiak bi izan ziren, bietako bat aukeratu eta iritzi artikulua egiteko:
    1. gaia: Atez ateko zabor-bilketa (Udalak herrian atez ateko zabor-bilketa martxan jarri nahi du…)
    2. gaia: Dirulaguntza zertan erabili? (Udalak aurten jaso duen dirulaguntzarekin herriko gazteentzako elkargune bat egin nahi du…)
    Hau da, zure udalak atez atekoa eta udal gaztetxea jarri nahi ditu martxan, iraultza boltxebikeraren lehen urratsak. Nik bizitzan osoan ez dut horrelako azterketarik ikusi. Idazlenerako gaiak orokorrak eta eztabaidarako aproposak izan dira beti, baina tartean politika edota erlijioa sartu gabe, orokorrean, gai gatazkatsuak bazterturik. Idatzi gabeko irizpidea zen, eta eztabaidagarria, noski. Logikoa ez dena hausteskunde bezperan irizpidea aldatzea eta aldatu den bezala aldatzea. Ez dakit joko zikin horrekin PSE-PNVk zer edo zer lortu duten, baina bakoitzaren jarrera argiago dago.

  • g.etxague, ez duzula inoiz horrelako azterketarik ikusi? Joe, ba nik EGA azterketan izan nuen gaia OTANen sartzeari/ez sartzeari buruzkoa zen.
    Eta uste dut azterketagileari ez zitzaiola piperrik inporta nire iritzia, nola adierazten nuen baino.

    • Eta azterketa hori ere hauteskunde bezperan egin al zenuen? Nik azterketa hori ez nuen ikusi, hartan 12 urte nituelako. Adibide hurbilagorik?

      • Hurbilagorik?
        Kontxo, uste nuen “idazlenerako gaiak orokorrak eta eztabaidarako aproposak izan dira beti, baina tartean politika edota erlijioa sartu gabe, orokorrean, gai gatazkatsuak bazterturik. Idatzi gabeko irizpidea zen” esan duzunean, BETI adberbio horrek adibide hurbilak eta urrunak hartzen zituela, beti errespetatutako idatzi gabeko irizpidea zenez.
        Dena dela, berriro diot, atez atekoaren aldekoa izan edo kontrakoa izan, azterketagileari hori bost axola zaio, euskara onean defendatzen bada. Nik OTANi buruz nuen iritzia batere axola ez zitzaion bezalaxe.

        • Oso ondo, eztabaida dialektikoari helduko diogu eta ez mamiari. Pentsa dezagun “beti” hitzak unibertsoaren sorreratik aurrerako guztia hartzen duela bere baitan. Baina, horrela ere, oker zaude, Potatoe, nik HABEko azterketak aipatu ditudalako, ez EGA edo Hizkuntz Eskolakoak. Gainera, nire iruzkina ondo irakurtzeko astirik ere ez zenuen hartu, bertan nik neuk esaten dudalako horrelako gai gatazkatsuak azterketetan ez sartzeko irizpidea eztabaidagarria dela. Nik kritikatzen dudana hauteskunde bezperan sartzea da. Eta arazoa ez da azterketan idatzitakoa kontuan hartuko ote den. Arazoa azterketa batean politika egitea da. Kanpainian asko hitz egin da atez atekoari buruz, batez ere, Bilduren aurka egiteko. Ondorioz, larunbatean azterketa egin zutenek fresko-fresko zeukaten gai hori bozkatzera joan zirenean. Baina hori baino larriagoa da Bizkaian eta Araban ezer gutxi dakitela atez atekoari buruz, gehien-gehienek zer den ere ez dakitela! Baina haiei ere gai hori jarri zieten, eta hor konpon, Marianton! “Idatzi ezazu 200 hitzeko iritzi artikulu bat gai ezezagun bati buruz”. Baina zuk idatzitakoa irakurri ondoren, ziur nago argudio guztiek bost axola dizutela, zurean jarraitu duzula “beti”, hau da, unibertsoa desagertu arte. Bien bitartean, galdera bat daukazu erantzun gabe: OTANi buruzko azterketa erreferendum bezperan egin al zenuen?

  • Baina zenbateko zalaparta sortu duen idatzi honek!
    Garbi dago denek (gehienek) hondakinen arazoari irtenbide bat eman nahi diotela. Batzuk modernitatearen ikur erraustegia dute, zaborrak desagertarazten dituen gailu teknologikoan sinisten dute. Beste batzuk aldiz, norbanakoaren arduran eta betebeharretan sakondu nahi dute.
    Udaletan eta Foru Aldundian gobernuan daudenek irtenbide bat proposatzen badute zergatik ez zaie aukerarik ematen? Zergatik sortzen da hainbesteko zalaparta medioetatik hau zapuztu nahian? Eman diezaiogun aukera bat behingoz, beste batzuk orainarte eduki duten bezalaxe.
    Inposaketaz hitzeginten da baina, ez al dira araudi guztiak inposaketak (zenbateko zergak ordaindu, tabakoaren legea, BEZ zerga, arrantza kuotak, enpresen edo autoen isuriak,…).
    Akaso lehengo agintariek gobernuan baleude eta dirua izango balute ez lukete guztiona den dirua erraustegian, Pasaiko kanpo kaian, abiadura handiko trenean, eta beste hainbat proiektutan erabiliko?