Haurrak eta mugikorrak

 

by edans
by edans

Egia da, gaur egun mundu guztiak duela mugikorra. Nire 90 urteko amonak ere erosi zuen duela pare bat urte, zertarako oraindik ulertzen ez dudan arren. Baina larriena ez da jende helduarena, haurrena baizik. Zenbat urterekin hasten dira segapotoa eskatzen? Eta oparitu bezain laster, hura poltsikoan ez badaramate kalera ere ezin irten…

Eta guraso askok eta askok gehiegi pentsatu gabe, oso gazte direla erosten dizkiete mugikorrak. Hori bai, GPSa duen segapotoa oparituko diete, non dauden jakitea, haurrak kontrolatuta daudela pentsatuz.

Ez da erabaki erraza, inguruko haur guztiek mugikorra dutenean, guraso asko behartuta sentitzen baitira euren seme-alabei ere bat ematera. Ezin ahaztu mugikorra komunikazio tresna dela eta egungo gazteen artean erabilienetakoa. Beraz, mugikorrik gabe, gazteei lagunekin solasteko bide bat mozten zaie.

Adituek 16 urtera arte gazteek mugikorrik izan behar ez dutela diote. Hori noski, gutxi betetzen da inguruotan, 4-5 urte gazteagokoak egunero ikusten (eta entzuten mugikorrean musika ozen jartzen baitute) ditut sakelekoa soinean.

Sakelekoa duten adin txikikoen artean %7ak hilero 40 eurotik gora gastatzen du. Hori noski gurasoek erraz mugatu dezaketen gastua da. Nahi duten, hori beste kontu bat da.

Gurasoek ibiltzen duten aitzakia haurren kontrola da. Mugikorrarekin beti baitakite non dauden… Zer esango dugu, gezurra esan besterik ez dago eta!

Merkatuak behinik behin topatu ditu bezero potentzial berriak eta ez dago horiek galtzeko prest. Haurrentzako kolore eta prestazio bereziekin milaka mugikor kaleratzen dituzte. Kontsumitzaileen eskubideen aldeko elkarteak hasi dira kexatzen telefono konpainien agresibitatearen aurrean. Badira zenbakiak ere ez dituzten mugikorrak, irudiak baizik. Oraindik zenbakirik ikasi ez dituztenetzat ote?

Mugikorrak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude