Zuzeuk hamaika urte gehi bat

Hamaika urte gehi bat –

Zuzeuk gaur, hamaika urte gehi batGaur 12 urte betetzen dira informazioa, iritzia eta eztabaida sustatzeko asmoarekin Zuzeu jaio zela, 2009ko apirilaren 14an hain zuzen ere. Euskaraz hamaika zenbakiak duen esangurari erreparatuta, eta iazko urtemuga itxialdian egin genuenez, 11+1, urte askotxo dira jada. Hamabi urte gure orainkari digitala martxan jarri zena, gugeuk eta zuzeuk euskara digitalaren leiho berri hura gozatzeko, bidearen hastapen haietan… Eta lau urte dagoeneko -martxoaren 29an- Hasier Etxeberria maisua joan zitzaigula, Beñat lankideak adierazi bezala, “bera aipatu gabeko bilera gutxi” izan baditugu ere. Agudo doa, bai, denbora aurrera.

Urte guzti hauetan asko aldatu dira euskal hedabideak eta, batez ere, izugarri aldatu dira informatzeko bideak. Gurean ere, halabeharrez, izan da aldaketarik, taldekideak agurtu beharra izan baitugu, aspaldikoak joan eta berriak etorri, errepidea guztion artean eginez beti legez. Aldaketak gorabehera, aurrera darraigu jaiotzan agertu genuen asmo eta helburu berarekin, gure ondar aletxoak jarri, euskaraz ditugun aukeretan leiho eta ateak zabaldu, irakurle, ikusle, entzule (eta podcast zaleen) sareak handitu, eta denon artean kalitatezko edukiak sortu, gozatu eta elkarbanatzea, horixe da xedea, etengabe, arnasa berriz, eta gogo onenarekin beti. Komunitatea biziz, aktiboki parte hartzeko aukera emanez, arnasa luzeko erritmoaz eta Zuzeulariak altxor ditugula, “plaza digital honetan nor bere aldetik ibili beharrean, elkarren ondoan hobeto gaudelakoan”.

Guztira, hamabi urte hauetan, 22.000 sarreratik gora argitaratu ditu Zuzeuk, eta hamaika milioi bisita izan ditu hedabideak, 11.000.000! Iruzkinak ere 48.000tik gora izan dira, gure atariaren indarguneetako bat direna, larrosa bakarra usaindu baino lehen ehundaka arantzen ziztadak jasan behar izaten ditugun arren. Euskal prentsan gure txokotxoa erdietsi eta egunero-egunero geure aportazio propioa egiten dugulakoan, harro gaude emandako datuez, eta guztien gainetik beste hau nabarmendu nahi dugu:  Gurean parte hartzen duten elkarte eta erakunde, edo ezizenez iritzia ematen dutenez gain, 480+ dira egun Sinatuak zerrendan agertzen diren Zuzeulariak, argazki eta guzti gurean izen abizenez sinatu eta esateko daukatena plazaratzen duten gizon eta emakume euskaldunak. Ez ginateke ezer horiek gabe, eta horrexegatik aldaketa txiki bat egin dugu atariaren azalean, Sinatuak zutabea nabarmentze aldera. Igarri diozu?

Orain bost urte, Azkue Fundazioaren babesarekin, Zuzeu GAZTEA Saria ere jarri genuen abian, lehen hiru urteetan hilero 150 euro eta azken bi urteetan hiru hilabetero 500 euro banatu dituena. Gazteak, 30 urte azpikoak, euskaraz idatzi eta iritzia ematera xaxatzeko asmoz sortutako lehiaketak 180 sinadura inguru eta 600 sarreratik gora argitaratu ditu (datozen egunetan argituko dugu 2021eko lehen hiru hilabeteko saria nork irabazi duen). Gainera, gazteen eta kazetaritzaren nazioarteko joerekin bat eginez, podcastgintzara emanak gabiltza azkenaldian, eta bakarrak ez garen arren, harro gaude euskarazko podcastei dagokionean gure bultzadaz lagundu eta gure bidea ireki izanaz (podcastez eta Zuzeu GAZTEA Sariaz mintzo garela, gogoratu anitzak direla lehiaketara aurkez daitezkeen moldeak: idatziz zein argazki bidez, youtuber edo podcast formatuan…).

Egun, podcast.eus atarian gordetzen ditugu euskaraz egiten diren podcastetako asko, eta Zuzeu Podcastek 120 ataletik gora sareratu dituzten sei podcast ekoiztu ditu; aurten bi, Urpeko Bonbarda bata, eta Kaixo Maitia, Zer Duzu? bestea, Kaixomaitia.eus atariarekin batera. Eta aurrerantzean ere horrela egiteko asmoa dugu, stand by egoeran ditugun saioak berreskuratuz, garapen fasean ditugun egitasmoak aurkeztuz edo jaso ditzakegun proposamen interesgarriekin bat egin eta elkarlanak ekoiztuz. Euskaldunok munduari begiratzeko ere sortu genuen leiho honetan, bada zuretzat tokia. “Zeure hizkuntzan mintzo diren istorioak” kontatu nahi badituzu, edo buruan darabilzuna idatziz zein ahotsez adierazi… zatoz gurekin -ideia interesgarririk baduzu, bota lasai info@podcast.eus helbidera-,  eta elkarrekin ibiliko dugu aurretik dugun bide luzea, kontu-kontari.

Mila esker hamabi urte luze hauetan bidea gurekin egin duzulako. Izan zaitzagun bidaide beste horrenbestean ere. Izan zuzeu, zaindu eta ondo izan!

 

zuzeu

Zuzeuk gaur, hamaika urte gehi bat

sukaldean

sukaldean eussukaldeanpagotxa errezetak

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude