Greenpeace eta kontsumoa

Dirua nahi dut. Auto on bat nahi dut. Arropa nahi dut. Ordenagailua, bidaiatu, telefonoa… nahi dut, nahi dut, nahi dut.” (Baina inoiz ez naiz nahi dudan guztia ukitzera iristen).

Aire garbia nahi dut. Janaria nahi dut, suntsipenik eragin gabe. Ura nahi dut, zikinkeriarik gabe. Gure oihanak oso-osorik nahi ditut. Gure ozeanoak bizirik mantendu nahi ditut. Eta gure itsaso polarrak garbi-garbi.” (Ukitu egiten ditudalako, haien parte naizelako).

Energia iraultza bat nahi dut.

Eman eskua Ama Lurrari.

Horrelako zerbait dio Greenpeacen azken espotak.

Errealizazio zaindua du, eta erraz eta ondo sartzen da begietatik, baina niri neuri, egia esan, ez zait ideia kreatiboa gehiegi gustatzen: erabiliegia dagoelako eskuaren irudia, narrazio linealegia jarraitzen duelako, ez duelako ezustekorik ematen… Eta batez ere, ez nauelako ez hunkitzen ez kezkatzen.

Hala ere, ideiaren oinarrian dagoen komunikazio estrategia ona iruditzen zait, eta ausarta gainera. Iragarkiak energia iraultza baten premia nabarmentzen du batez ere. Eta beste balore batzuk ere iradokitzen ditu zeharka (ni vs gu, jabetzak eta kaosa vs natura eta harmonia…). Beste kontu bat da, ordea, gehien gustatu zaidana.

Zeharo zentzuzkoa da baina jende askok oraindik ikusi edo barneratu (nahi) ez duen ideia bat dela iruditzen zait. Xumea eta erraza ulertzen, baina oso sendoa eta, hartan sinistuz gero, ondorio jakin asko izan behar lituzkeena: ingurumena zaintzeko ez da nahikoa birziklatzea edo biodibertsitateari eustea, kontsumoan dago gakoa.

Ingurumenaren alde egiteko, energia iraultza baten premia nabarmentzen du iragarki horretan Greenpeacek. Orain, hori jotzen du zabaldu beharreko mezu nagusitzat elkarte ekologista ezagunak. Eta ez da gero, ahuntzaren gauerdiko eztula bultzatu nahian dabiltzana. Egingo nuke, ordea, lehenago edo geroago, kontsumoan eragiten saiatzea izango dutela helburu nagusi.

(Pistak ematen hasiak dira, maila apalean bada ere, kontsumo ohitura arduratsuagoak irakatsi eta zabaltzeko komunikazio ahaleginak egiten).  

Prest al gaude gauza gutxiago erosteko (ekoiztuarazteko)?…

 

 

(Eta bide batez: norbaitek ba al daki Greenpeacek (espainiar estatuan behintzat) zergatik ez duen hizkuntza gutxiturik erabiltzen?…)

Greenpeace Ama Lurraren eguneko espota 2010

Irudia | Greenpeace Ama Lurraren eguneko espota 2010 | Greenpeace | Creative Commons By SA
energia, kontsumoa
Iñigo Fernández Ostolaza

Publizitatea, marketina, komunikazioa, kultura.

5 pentsamendu “Greenpeace eta kontsumoa”-ri buruz

  • Begi asko daude Greenpeacek noiz hanka sartuko duen zain, beraien mezua zapaltzeko asmoz.

    Azken finean Greenpeace organizazio polemikoena da, zarata gehien egiten saiatzen denetakoa eta haien mezuari balioa kendu nahi dioten pertsona eta organizazio ugari daude.

    Horregatik, Greenpeace-en komunikazioak dexente kontrolatuak daude, inork hanka sartu ez dezan. Honek eragiten du, komunikazioa Madrilen zentralizatua egotea eta horrek gaztelera ez diren hizkuntzetan gauza gutxi esatea.

    Kontrako kasua ekologistak martxan-ena da, non lan-taldeak guztiz independienteak diren eta komunikazio eta ekintzak oso deszentralizatuak dauden. Hauek, greenpeace ez izatearen abantaila dute, ez dute hainbeste arerio ezta presiorik, eta horregatik funtzionatu dezakete horrela.

    Greenpeacen euskal herriko boluntarioek zenbait komunikazio euskaratzen dituzte, baina bolondresak izanik ez dute dena euskaratzeko gaitasunik. Gainera, seguraski, beraien bolondres lan-orduak komunikazioak euskaratzen pasatzea baino zeregin garrantzitsuagoak izango dituzte, gogora dezagun greenpeace ez dela euskara sustatzea helburu duen organizazio bat, “mundua salbatzea” helburu duen organizazioa baizik eta hortan dihardute.

    Eta ez dut inolako erlaziorik Greenpeace-ekin, baina gutxi gora behera badakit nola funtzionatzen duten.

  • zakarias aiztierdi 2010-04-27 08:47

    Aitor, ederra perla! ‘gogora dezagun greenpeace ez dela euskara sustatzea helburu duen organizazio bat, “mundua salbatzea” helburu duen organizazioa baizik…’ hori bai kolonizatuaren burutik ateratako arrapostua! baina nola idatz-pentsa dezakezu hori? erakunde horrek, zuk eta edonork mezuak zabaltzeko ez al ditugu hizkuntzak erabiltzen? Peteteren librogordoak ez ei zuen hori azaldu edo zu gazteegia zara, antza…
    funtsean, kultur ikuspegitik globalizatzaileak eta inperialistak dira Madriletik abiatzen diren ekimen gehienak, baina hau bereziki larria da, lore bakan txikienari ere bizitza-eskubidea aitortzen dion erakunde horrek ez baitio eskubide bera aitortzen hizkuntza txiki honi.

  • Badaude mundu hontan botere bereziak dituzten pertsonak eta erakundeak, zeintzu denetarik eta aldi berean egiteko gaitasuna izateaz gain, ukitzen duten guztia urre bihurtzeko gai dira.

    Tamalez, Greenpeace eta ni ez gara botere berezi horiek dituzten pribilegiatuen taldekoak. Zu bai zakarias, zu pribilegiatua zara eta “mundua salbatzen” ari zaren bitartean, gozez hiltzen diren pertsonak laguntzen dituzu, langabetuei lan ematen diezu eta euskararen alde lanean diharduzu.

    Greenpeace erakunde globala da baina orokorrean produkzioaren eta kontsumoaren globalizazioaren aurkakoa da.

    Por txierto,  “mundua salbatzea”, komillatzoen artea jarri dut kasu guztietan, huraxe baita laburbilduz erakunde honen helburua. Hori sinistea edo horrekin adoz egotea bakoitzak erabaki beharreko kontua da.

  • zakarias aiztierdi 2010-04-29 12:22

    galdera batek abiatu du eztabaida, ‘zergatik Greenpeacek (espainiar estatuan behintzat) ez du hizkuntza gutxiturik erabiltzen? eta, nire ustez, jarrera kontua da… Estatu-hizkuntzen parametroetan aritzen dira estilo horretako erakundeak. Porsupuestotzat ematen dute euskaldunok badakigula gatzelaniaz (eta frantsesez) beraz, zertarako erabili 700.000 lagunen hizkuntza? kosmopolitagoa, modernoagoa eta…merkeagoa da estatu-hizkuntzak erabiltzea.

  • Arrazoi duzu zakarias, baina ez duzu ahaztu behar errekurtso mugatuak dituen erakundea dela eta erakunde honek helburu konkretuak izanik, dituen errekurtsoak hortan inbertitzen dituztela.

    Euskaraz eginez 700.000 euskaldunongan eragin handiagoa lukete eta beraien mezua hobeto transmitituko ligukete, baina errekurtso mugatuak izanik seguru nago euskaraz, galegoz edo katalaneraz ez dakiten 30.000.000 pertsonen kontzientziazioan aritzea merkeagoa dela.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude