Googlek burua nahastu dizu?

google_homeAzkar, zehatz, erraz. Halakoa omen da internet tresnak eskaintzen digun informazioa. Datuak buruan gordetzea, memoria, alegia, soberan zaigun gaitasuna izan daiteke. Jakitea baino eraginkorragoa da jakintsua eskura izatea: Google jauna. Ez al duzu igarri?

Ziur gertatu zaizula: behar duzun zer edo zer irakurri duzu web batean. Orriz aldatu duzu. Distraitu zara. Irakurri zenuen hori ahaztu zaizu. Atzera web berdinera  jo duzu. Harranolopa, pentsatu duzu, nire kontua da ala memoria mozten ari zait?

Zertarako gogoratzen ahalegindu teklatu eta pantailak minutu erdian erantzungo badizu?

Googlek inozotu egin al gaitu?“, Nicholas Carrek 2008an idatzitako artikuluan bota zuen galdera hau. Bilatzaileek gure neuronetatik kanpo dagoen memoria erraldoia sortu dute, ezagutza kudeatzeko modua irauli dute. Okerreko bidea ote da?

Zenbait ikerketek hori diote, internetek inozotu egin gaituela, memoria garatzeko ezgai bilakatu gaituela. Esaterako, gazte batzuen artean honako esperimentua egin zuten: Laupabost esaldi eskaini zizkieten gazteei. Horietatik erdiei esaldi horiek gorde egingo zirela azaldu zieten, beste erdiari, ordea, esaldi horiek ezingo zituztela inon gorde. Emaitza: Esaldi horiek gogoratzeko esan zietenean, informazioa ezabatutzat jo zutenek %40 gehiago gogoratu zuten esandakoa.

Hala ere, beste ikerlari batzuek uste dutena kontrakoa da,  pentsatzeko modua, funtsean, berdin berdina dela. Nork arrazoi? Auskalo, neurozientziaren jakitunek izango dute erantzuna noizbait; agian.

Baina, etxera joz, zergatik ez frogatu gure buruarekin? Igarri al duzu halakorik? Memoriak gehiegitan uzten al zaitu bazterrean?

Urtebetetzeak, telefono zenbakiak, kale izenak, garraioen ordutegiak… ahaztu dituzu?

Facebookak, mugikorrak, Google mapsek, GPSak, online hiztegiak… menpekotu al zaituzte?