Gerra, bideojokoak eta Erresuma Batuko militarrak

Handia irudituko zaizue akaso botatakoa. Nola izango da ba gerrazalea, SMS eta Facebook bitartez gerraren aurkako manifestazio espontaneoak antolatzen dituen gaztedia, armadak etorkin gero eta gehiago hartzera daramatzan gaztedia… Nola? Beren logeletan ordenagailu aurrean edo egongeletan telebistari begira.

Izan ere, nahikoa da bideojokoen salmenta datuei begiradatxo bat ematea bideojoko-zale gazte eta ez hain gazteek gerra maite dutela ikusteko, birtuala baizik ez bada ere. Eta ez gara gutxiengo baten denbora-pasaz ari, ez gara eguna etxean sartuta pantaila aurrean ematen duten frikiez ari, entretenimenduaren industriaren historian lehen 24 orduetan irabazi ekonomiko gehien sortu dituen produktuetako batez ari gara, gehien sortu duena ez bada.

MzE2OA==

Hona datua: Call of Duty: Modern Warfare 2 bideojokoak merkatuan eman zituen lehen 24 orduetan 500 milioi dolarreko irabaziak eragin zituen. Zifra honen garrantzia ulertzeko: James Cameronen Avatar filmak bi aste oso behar izan zituen 617,3 milioi dolar biltzeko. Gainera, kontutan hartzen badugu pelikularen produkzio kostuak bideojokoarenak baino askoz handiagoak direla eta pirateriak ehunekotan kalte handiagoa eragingo ziola bideojokoari filmari baino (azken batean Avatarren elementurik deigarriena 3Dn ikusteko aukera zen, eta hori ezin dezakezu zinean baino egin, sarrera are garestiagoa ordainduta gainera), nahiko garbi geratzen da Call of Duty sagako azken jokoaren arrakasta itzela. Eta gerra bideojokoen arrakasta hau, beste edozein masa mugimendu bezalaxe, oso ondo monitorizatzen du botereak.

Kasu honetan, jokoaren hasieran SESBen garaiko Moskuko aireportuan sekulako sarraskia egitea xede duen terrorista talde batean infiltratutako CIAko agente sekretu bat zara, eta sarraskian parte hartu beharra daukazu, zure kideek heuretako bat zarela pentsa dezaten. Beheko bideoan ikus dezakezue nola den…

 

HTML Kodea

 

Pentsatzekoa den bezala, Errusiak berehala debekatu zuen jokoaren salmenta, baina gainerako estatuen artean Japonia, Alemania, Australia eta besteren bat kenduta (hauek hasierako pantaila hori bakarrik zentsuratu zuten), inori ez zitzaion zentsuratzeko modukoa zenik iruditu. Are gutxiago militarrei. Zera hasiko dira nazioarteko segurtasunaz arduratzen diren gizon serioak, bideojoko ziztrin batzuen gorabeherez kezkatzen… Zuntz sentikorra ukitu dieten arte.

Medal of Honor bideojokoa debekatzeko eskatu du Erresuma Batuko Defentsa Idazkariak

Hara! Beraz, aireportu batean zibil sobietarrak hiltzea bai, baina Afganistanen militar inbaditzaile amerikar eta ingelesen aurka Taliban baten azalean jartzea ez… Gainera, azken Call of Dutyn ez bezala, Medal of Honor berriaren kasuan ez da erresistentzia talibanaren alde jar zaitzakeen inolako istoriorik egongo, sarean jokatzen diren jokalari anitzeko partidetan baino ezingo baititu jokalariak soldadu talibanak maneiatu. Hona adibide bat:

 

HTML Kodea

 

Azkenean, ez al da benetako gerren are aurkakoago izateko beste arrazoi bat, AEBen aliaturik handieneko Defentsa Idazkaritza bezalako postu garrantzitsuak betetzen dituztenek ongia eta gaizkia banatzeko duten modu absolutista hau?

Irudia | Soldadu taliban mota hautatzeko menua | zz | Creative Commons By SA