Genero ikuspegia kazetaritzan

 MzE2Nw==

Geure buruari galdera pare bat egin diezazkiogun proposatzen digu Katrin Gothmanek: lehenik, esku artean dugun gaiak gizartearen alorren bati eragiten al dion, eta bigarrenik, kontu horretan gizon eta emakumeen arteko ezberdintasunik ba al dagoen. Hala, gertaerak gizon eta emakume protagonistekiko eragin ezberdina duen azter dezakegu, genero rolen eraikuntza soziala kontuan hartuz.

Genero informatibo labur eta hotza lehenetsi izan da prentsa idatzi zein elektronikoan, gobernutik, alderdi politikoetatik eta enpresa boteretsuetatik datozen tankera honetako albistez josirik egoten baitira egunkarien azalak. Era berean, sakon eta pertsonalagoak diren kronika eta elkarrizketa bezalako generoak bigarren maila batean utzi ohi dira. Eta ez da kasualitatea hedabideek gizonezkoei bideratzen dizkieten hard news -ak orohar genero informatiboan idaztea eta soft news izenpean gutxiesten diren eta emakumeei ere zuzentzen zaizkien horiek genero interpretatiboetan kontatzea. Edonola, genero ikuspegiak zeharka begiratzen die komunikabideetan dantzan dabiltzan gai guztiei eta beraz, ekonomia zein kultura, ingurugiroa zein politika, betaurreko berberekin aztertzen ditu.

Emakumea ikusgai egitea eta genero ikuspegia

Emakumea ikusgai egin gura duten berriak areagotu egin dira azken urteotan. Lan munduan pairatzen duen diskriminazioaz eta gobernu, instituzio publiko eta enpresen hierarkiaren gailurreko lanpostuetara heltzeko dituen oztopoez aritu izan dira hedabideak; biolentzia matxista eta eskubide sexual eta erreproduktiboen gaien inguruan ere konzientzia soziala sustatu dute.

Tradizioz gizonezkoek bete izan dituzten alor publikoetan arrakasta duten emakumeei ere ahotsa eman diete. Edonola, artikulu hauek ez dute ia inoiz zehazten era alternatiboen bidez ala irizpide maskulino tradizional eta inposatzaileez erdietsi duten arrakasta emakumeek. Zuzentasun politikoaren kupoa betetze hutsagatik egin ohi diete so komunikabideek emakumea ikusgai egiten duten gaiei.

Genero ikuspegitik burutzen den kazetaritza beste kontu bat da. Aurretik aipatu bezala, era irekiago batez aztertzen du gai berak emakume eta gizonei nola eragiten dien. Hortaz, lehen kazeta lanetan gertaeren subjektua aldatzen da, emakumeek gizonezkoak ordezkatzen dituztelarik, eta aztergai ditugun artikuluetan berriz, biak aintzat hartuko dituen ikuspegia proposatzen da, gizonezko ala emakumezkoak baztertu barik.

Kontuak kontu, emakumeen ikusgarritasuna berdintasunerako lehen urrats bezala ulertzekotan, kazetariok genero ikuspegia kontuan hartuz jarraitu beharko genuke lanean; azkenik, ikuspegi unibertsal batez era inkontzientean komunikatzeko gai izan arte. Bitartean, zu eta niri dagokigu egunkariak genero ikuspegiaren betaurrekoez interpretatzea, ez duzu uste?

Irudia | egunkariak | Bingen | Creative Commons By SA

kazetaria-edo