Gales eta Eskoziako zenbait kirolarik God Save The Queen abesteari uko egin diote

Londreseko Olinpiar Jokoak kirol lehia dira muinean. Alta, Nazioarteko Batzorde Olinpikoak onartzen dituen nazioen gorazarre ere badira. Banderak eta ereserkiak patriotismo bateratzailearen sinboloak dira. Batzuetan, ordea, batu baino arrakalak sortzen dituzte estatu parte hartzaileetan. Hori gertatzen ari da Erresuma Batuan.

Jokoen antolatzailea da orain, Erresuma Batua, gatazka identitario baten erakuslea. Izan ere, Eskoziako eta Galeseko zenbait kirolarik publikoki uko egin diote Erresuma Batuko God Save The Queen ereserkia abesteari.

Kirolari horien artean dago Ryan Giggs futbolari ezaguna, futbol selekzioko eta Manchester United talde ingeleseko kapitaina. Erresuma Batuaren selekzioaren lehenengo futbol norgehiagokan ezpainak itxita mantendu zituen bere taldekideek ozen abestu bitartean. Ryan Giggsen bapateko mututze horrek min eman die zale askori. Craig Bellamy jokalariak ere Giggsen eredua segi zuen.

Giggsek ereserkia ez kantatzeko hautua “erabaki pertsonala” dela argudiatu du. Daily Mail komunikabideak Giggsen jarrera ikusita “haserrea” piztu zela idatzi zuen. Huffington Postek jasotako txio batzuek hala zioten: “Ez baduzu Erresuma Batua sentitzen ereserkia abesteko adina, hobe zenuke haiekin jokatu ala ez erabakitzea”.

Futbol selekzioko entrenatzaile Stuart Pearcek zalapartarik ez eragitea erabaki du abestea ala ez berdin zaiola esanez: “Batzuk abesten gozatzen dute, beste batzuk ez. Ez daukagu horri buruzko araurik“.

Kim Little eta Ifeoma Dieke futbolari eskoziarrek ere uko egin die 1740 urteko God Save The Queen abesteari. Izan ere, ereserkiak britainiarrak eskoziarren aurkako esaldia du: “Rebellious Scots to crush”. Littlek ere “arrazoi pertsonalak” argudiatu ditu.

Britainiako Elkarte Olinpikotik heldu diren adierazpenek “ereserkia errespetatzea” eskatu dute, baina “abestea edo ez pertsonala” dela azaldu dute.

Cardiffen txistuak espero dituzte

Galeseko kirolariek Erresuma Batuko ereserkia kantatzeari uko egin diotenean ez zuten uste egoera hainbeste berotuko zenik. Ereserkiarekin batera txistuak eta orroak espero dituzte asteazkeanean Erresuma Batuak Uruguairen aurka Cardiffeko Millenium estadioan jolastuko duen futbol partidan.  Ryan Giggsek kazetarien galderei erantzun behar izan die eta ereserkia errespetatzeko eskatu du: “Espero dut jendeak txistu ez egitea eta zaleek gure alde egitea orain arte egin duten bezala”.

Espainiako ereserkia, txarrenen artean

Telegraph-ek munduko hamar ereserki txarrenak artikuluan Espainiako sartu du, laugarren postuan. Letrarik ez izatea da Telegraph-en arabera, La Marcha Real-en arazoa. Gainera, 2007an letra jartzeko saiakera egin zela nabarmentzen du, baina kritikak jaso zituelako bertan behera utzi zutela. Espainiak letra balu eta euskaldun nahiz kataluniarrek uko egingo baliote kantatzeari, eztabaida gartsua piztuko litzateke espainiar nazionalisten hedabideetan, argiki, Erresuma Batuan baino zalaparta handiagoa.

Espainiako ereserkiaren letra proposamenak euskarazko bertsioa ere badu.

Gales eta Eskoziako zenbait kirolarik God Save The Queen abesteari uko egin diote