Fisikari zumaiar bat Higgsen partikularen peskizan

Zientziak gutxitan hartzen ditu komunikabideetako lerroburuak, baina aste honetan mundu osoko egunkari, telebista, irrati eta web guneetan ikusi dugu nabarmenduta Higgsen partikula aurkitu dutela. Izena behintzat ikasi dugu, esanahiaz jabetzea gehienoi oso zail egiten zaigun arren. Zumaian bada, ordea, Higgsen partikulaz asko dakien zientzialari bat: Angel Mari Uranga. Izan ere, zazpi urte egin ditu CERNen –esperimentua egin duen laborategia– eta gaur egun ere harreman zuzena du han burutzen ari diren esperimentuekin. Baleike.com-en elkarrizketatu dugu.

(Audioa gazteleraz)

“Unibertsoa nola hasi zen ulertzeko nahia dago esperimentu honen oinarrian. Big Bang-a gertatu eta ondorengo lehen uneetan ez ziren existitzen gaur ezagutu ditzakegun objektuak, ez zegoen harririk, ez zegoen gasik. Partikulen zopa moduko bat zela esan genezake. Gaur egun ezagutzen ditugun partikularik txikienak ere (quark-ak, protoiak, elektroiak…) disolbatuta zeuden, hain zen handia pilatutako energia. Beraz, esperimentuaren helburua zein da? Ahalik eta gehien gerturatzea Big Bang-aren unera, eta hori lortzeko energia maila ikaragarriak behar dira. Zertarako? Jakiteko, adibidez, gaur egun ezagutzen ditugun partikula txikienen barruan beste partikula batzuk ote dauden. Hori da esperimentuaren muina”.

Angel Mari Urangak badaki zertaz ari den. Fisika teorikoa da bere espezialitatea eta zazpi urte egin zituen CERNen bertan, bi urte ikasketak osatzen eta beste bost lanean. Gaur egun Madrilen bizi da, baina lanean jarraitzen du CERNekin –abuztuan han izango da–. Ameriketako Estatu Batuetan aurkitu dugu, Long Islanden (Nwe York), “soken teoriari –gaur egun, puntako teoria zientzian– buruzko klaseak ematen doktoretza prestatzen ari direnei”.

Urangak ez du zalantzarik: “CERNeko esperimentua gizateriaren historian inoiz egin den garrantzitsuena da”. Horrela arrazoitu du: “Ahalegina ikaragarria da. Azken azeleragailua diseinatu zenetik martxan jarri den arte zientzialarien belaunaldi oso bat pasa da. Esperimentuaren tamaina neurrigabekoa da. Partikulek bidaiatzeko 27 kilometroko tunela zulatu zen, ehun metroko sakoneran. Inoiz egin den ingenieritza lanik konplikatuenetakoa da. Hain txikiak diren partikulak aurkitzeko eraiki behar izan diren tresnak erraldoiak dira, lau solairuko etxebizitzen altuerakoa. Eta ez dira hormigoi hutsa, puntako elektronikaz eta mikrotxipez betetako burdinazko dorreak baizik. Esperimentuan sortzen den informazio kopurua hain da neurrigabekoa, ezin dela momentuan prozesatu. Informazioa deskargatu eta mundu osoan zabalduta dauden ordenagailutara zabaltzen da, talde espezializatuek aztertu dezaten. Milaka milioi datu horiekin azkenik iragarpen fisikoak egiten dira”. Iragarpen horietako bati esker lortu dute Higgsen partikula aurkitzea.

Baina, zer da Higgsen partikula? Zergatik da hain garrantzitsua? “Oinarrizko partikulek ezaugarri misteriotsuak dituzte. Masa da ezaugarri horietako bat. Misterio horri azalpena emateko, duela hamarkada batzuk, Higgsek eta beste batzuek proposatu zuten partikula berri baten existentzia, Higgsen bosoia deritzona. Partikula horren ezaugarriek azalduko lukete masaren misterioa. Horretan datza Higgsen bosoiaren garrantzia: gainontzeko oinarrizko partikulen masari azalpena ematen diola. Ez da partikula bat gehiago; funtsezkoa da besteak ulertzeko. Horregatik sortu da horrenbesteko zalaparta aurkikuntzarekin”.

Teoria berriak pentsatzea da Urangaren lana. “Ni ez naiz esperimentuaren alderdi praktikoan murgildu. Nire zeregina gehiago da maila teorikoan pentsatzea partikula hau zer den, zer egon daitekeen Higgsen bosoitik harago, zer misterio zabaltzen dituen, zer gerta daitekeen oraindik ere energia maila altuagoak aplikatzen baditugu…”.

Zertarako balio du?

Zientzialariak pozez zoratzen daude aurkikuntzarekin, baina gizartearentzat izango al du onurarik? “Higgsen partikula aurkitu izanak, bere horretan, unibertsoa hobeto ulertzeko balioko digu. Aurkikuntzak berak gizartearentzat zer aplikazio izango dituen… Nik beti diot ez digula etxeko hipoteka ordaintzen lagunduko. Baina aurkikuntzara iristeko egin den ahalegin eta aurrerapen teknologikoak ondoren eragin zuzena du gizartean. Adibiderik garbiena Internet bera da. Internet garatu zen partikulen fisika ikertzen ari ziren zientzialariek mundu osoan zehar datuak partekatu ahal izateko modu eraginkorrean. Erabilera zientifiko jakin baterako garatu zen tresnari gaur egun elkarrizketa hau egin ahal izan dugu. CERNak eta munduko laborategi guztiek dute technology transfer izeneko departamentu bat, hain zuzen ere, esperimentuetan garatutako teknologiak gizartean aplikatzeko. Hurrengo urteetan ikusiko dira emaitzak”.