Finantza merkatuak eta mafia

Neoliberalismoaren mozkorraldiak ekarri zuen krisia, eta neoliberalismoaren bestondoak ezarriko ditu orain arau berriak. Inbutuaren teoria da, mafiaren jokoa: zabala da sarrera, eta estua irteera. Diru merkez bete zituzten bazterrak gehiegizko kontsumoa bultzatzeko, herritarrena zein estatuena, eta ekonomia puztu egin zen, noski: heroina denentzat, bezero berriak erakartzeko; lehen dosiak musu truk dira!

Gero, bapo, bukatu da festa, abstinentzian zein gaizki pasatzen den ikustea beharrezkoa baita. Orain, gehiago nahi baduzue, garesti ordaindu beharko dituzue dosiak: esan agur jubilazioari; esan agur kalitateko osasun eta hezkuntza sistemei; esan agur gizarte prestazioei… eta, agian, zuen hipotekak ordaintzen jarraitu ahal izango duzue.

Prezio hori behar-beharrezkoa omen da. Iraganeko gehiegikeriak berdintzeko, gastuak larri murriztu behar omen dira. Baina, harrigarria bada ere, abiadura handiko trenak, superportuak, sanmamesak, ejertzitoak, gerrak… horiek ez dira kaltetuak izango. Kontraesana erraz ulertzen da murrizketa aitzakia dela konturatzean; benetako helburua Europan Estatu Batuetako lan eta gizarte sistema ezartzea baita: jubilazio pentsio plan pribatuak, osasun eta hezkuntza sistema pribatuak, miseria gorria ordaindu ezin dituenarentzat…

Baina yunkia zorintsua da papelina eskuratzen duenean: “Pozik nago, baina erreskatea lehenago eskatu behar zutela pentsatzen dut. Langabezian nago, eta orain aukeraren bat izango dut lana aurkitzeko”, erantzun zuen aurreko egunean portugaldar xehe batek kazetariaren galderari erantzunez.

finantza merkatuak eta mafia

Irudia | finantza merkatuak eta mafia | Foto: By Orrling y Scheib Tomer | Creative Commons By SA

Nire ardura nire esanak dira , ez zure ulertuak

Zer duzu buruan “Finantza merkatuak eta mafia”-ri buruz

  • Artikuluak zera ekarri dit burura, asteotan kate batean bota duten “Spartacus” telesaileko halako pertsonaje bat: hiritar libre ohia, zorrak kitatze aldera bere burua saltzea erabaki duena… Ez da gidoilarien asmakizuna, posible zen hori Erroman, baina gaurko sistema askoaz hobea dugu: garai urrun haietan nagusiak sikiera mantenua eman beharko zien esklaboei. Gaur, aldiz, herritar txit libreak berak bere mantenua ordaindu behar du sobratzen zaion apurretik, eta aldi berean kontsumitu egiten du, jende dexente aberasten jarraituko du. Eta, bide bat batez, konpara bitez goiko telesaila eta Stanley Kubrick-en filma: no comment.