Euskal Herriko Rugby Txapelketaren bideoa

Jokalariek Euskal Herriko I. Rugby Txapelketa iragartzeko bideoa egin dute Sarako Ikastoleko haurrekin batera.

Euskal Herriko I. Rugby Txapelketan parte hartuko duten taldeek bideo bat egin dute ekimena iragartzeko. Txapelketa maiatzaren 28an jokatuko da Sarako (Lapurdi) Animainea zelaian. Txapelketa arrunt batetik haratago, egunean berean aterako diren etekinak Seaskako Integrazio Batzordea laguntzeko izanen dira.

Bideoan talde bakoitzeko ordezkari bana agertzen da, baloia bat besteari ematen, baita Sarako Ikastolako haurrak ere gauza bera egiten. Ahalmen urritasuna duen lagun bat dute, eta Ipar Euskal Herriko ikastoletan beste 34 ikasle daude egoera berean. Frantziako Hezkuntza Nazionalak ez ditu beregain hartzen beharrezkoak dituzten laguntza guztiak, eta horri aurre egitea da preseski Integrazio Batzordearen eginbeharra. Txapelketa Sarako Izarra taldearen ekimena bada ere, hauei laguntzea helburu duina izan zitekeela pentsatu zuen, eta errugbiaren aitzakitan etekinak ateratzeko besta bat antolatzeari ekin zion.

Txapelketa goizeko 10:00etan hasiko da. Parte hartuko duten taldeek (Getxo, Gaztedi, Hernani, Baztan, Azkaine, Donapaleu, Mendikota eta Sara) bi multzotan banatuko dira, eta haien artean ligaxka jokatu eta gero, lehen biak finalerdietarako sailkatuko dira, eta ondotik finalerako. Bizkitartean, ez da girorik faltako zelai bazterretan Kuxkuxtu txarrangak bertan izanen baita. Gauean, berriz, 500 lagunentzako zikiroa antolatu dute, baina dagoeneko txartel guztiak saldu dituzte. Hala ere izanen da freskatzeko eta asetzeko taberna eta txosnarik. Gauean, berriz, Xutik taldeak kontzertua eskainiko du, eta DJ Balporesek jarraipena emanen dio.

Txapelketari buruz bideo gehiago ikusi nahi izanez gero hemen aurkituko dituzue :

www.facebook.com/euskal.herriko.rugby.txapelketa

GAUZA AGERIA