Espainia gero eta pobreago

dirua2010ean Espainiako hamar gaztetatik batek gurasoen etxera bueltatu behar izan zuen. Jaiotza-tasa beste ehuneko 3,2 jaitsi zen. Gazteen langabeziak ehuneko 40a gainditu zuen eta biltzeko tabakoaren salmenta ehuneko 38 igo zen. Gurasoen etxera bueltatzen den gazteak ez du egiten gogoak eman diolako; inork ez lituzke bere zigarretak bilduko, ordain balitzake.

Askok beste era batean izatea nahiko genukeen arren, oraingoz, Espainiari lotua daukagu patua (Unidad de destino en lo universal?) beraz Espainiaren egoera ekonomiko eta sozialak biziki eragiten gaitu. Egoera hori argi eta zehatz deskribatzen du Ignacio Escolarrek “Reacciona” liburuan argitaratutako 25 daturen bitartez. Krisia nork eta non eragin den eta nortzuk pairatzen dugun ez ahazteko.

Hara hemen konparaketa egiteko lehenengo datuak (hurrengo egunetan etorriko dira ondorengoak):

Espainiako batez besteko soldata urteko 21.500 eurokoa (gordin) da. EB-15 (Ekialdeko estatuak sartu baino lehenagoko Europar Batasuna)-ekoen artean baxuenetakoa. Batez besteko soldata espainiarra Alemaniako, Holandako edo Erresuma Batuko soldataren erdia da. Gainera, urteko 21.500 euro horiek batezbesteko iruzurtia dira. 2009an GESTHA-k (Ogasun Ministerioko teknikarien sindikatuak) egindako txosten baten arabera, espainiarren ehuneko 63a mileurista, edo zerbait okerragoa baita.

Aldi berean:

Espainiako goi-zuzendariak Europan hoberen ordaindutakoak dira. Horrela dio Alpha Value kontsultore frantziarrak EBko 354 enpresa handienak alderatu ondoren eginiko azterketak. Goi kargu horien soldatek eten gabe gora egin dute krisi garaian ere. Enpresa berek CNMVren aurrean argitaratutako datuek adierazten dute 2009an, krisiaren urterik latzenean, euren administrazio-kontseiluetako goi-kargu exekutiboen soldatek ehuneko 15a igo zirela.

IBEX 35eko enpresetako 584 kontseilariek eta goi-karguek batezbesteko milioi bat euro irabazi zituzten. 113 aldiz Espainiako gutxieneko soldata. Beste inoiz ez da izan hain handia bien arteko proportzioa. Begiratzen badugu kontseilari delegatuen batezbesteko soldata, urteko 2,7 milioi eurokoa izan zen: 313 aldiz Espainiako gutxienekoa.

Ondorengo urtean, 2010ean, IBEXeko goi exekutibo espainiar horien irabaziak ehuneko 20a handitu ziren, batez besteko 3,2 milioietaraino: 150 aldiz espainiar baten batezbesteko soldata eta 360 aldiz gutxienekoa. Historian beste inoiz ez dute kobratu hainbeste termino absolutuetan eta are gehiago langileen batezbesteko soldatarekin alderatuta.

Escolarrek azaldutako hogeita bost datuetatik bi besterik ez dira; hogeita hiru gelditzen dira oraindik krisia nork eta non eragin den eta nortzuk pairatzen dugun ez ahazteko.

ITSASGORAN - Irakaslea ofizioz, Idazlea afizioz

Zer duzu buruan “Espainia gero eta pobreago”-ri buruz