Erre zure mugikorra!

TelefonoaNoiz izan zen zure buruari mugikorra behar-beharrezkoa zenuela esan zeniola?

Noiz izan zen zure buruari mugikorra behar-beharrezkoa zenuela esan zeniola? Eta horietako bat erosiko zenuela; zure burua identifikatu, zure kontu korrontea berdin, eta hilero-hilero faktura bat ordaindu, jakinda ere faktura hori artifizialki puztuta dagoela; prezio horiek (ordainarazten dizkizutenak) altuenak izateaz gain, –jakin baitakizu hego Euskal Herriko prezioak Europako garestienak direla, ezta?– agian begiratu nahi ere ez duzun faktura horiek dei ez-beharrezkoez, inprobisatuez, llabur-tontoez eta luzeegiz josiak daudela. Jakinda sakelan eramatea deliberatu zenuenetik, bertan mikrofono bat daramazula, zuretzat eta zure ingurukoentzat. Patrikan, zu eta zure mintzakideak identifikatu eta lokalizatzeko gailu bat daramazula. Jakinda edonork eten ahal izango duela zure solasaldia, dei batekin. Gertatuko dela. Jakinda deitzaile horren telefono zenbakia zure gailuan grabatuta geratuko dela, eta alderantziz; eta hori intimitate eskubidearen erasotzat hartu zenuela, ohartu zinen lehen aldian.  Eta bien arteko deia telefono konpainien artxibategian geratuko dela gorderik, gutxienez hamabi hilabetez, deiaren ordua, iraupena, deitzailearen eta hartzailearen gailuen txip zenbakiak, datuak, identitateak. Jakinda, halaber, egun badela teknologia aurrerapen nahikoa zure mugikorrean gordetzen dituzun datuak (kontaktu-zerrendak, argazkiak, agendak, bideoak…) hackeatzeko. Jakinda, kontratua sinatzea erabaki zenuenean, mugikorra izatearen zera hori frogatzen ari zinela egiazki; eta frogaren ondorioak luzeegiak direla orain aintzat hartzeko bi segundoko gogoetatxo batean. Baina mundu guztiak harrapatu zaitzake orain; sobera atsegin ez duzun, insistitzen duen horren “dei galdua” erantzun beharko duzu, inposatutako kultura berri honen arauak urratzen dituen antisozial bat izan nahi ez baduzu; derrigorrezko edo kortesiazko “zure deia ikusi dut” batekin hasiko direla faktura horren dei harrigarri asko eta asko (noiz deitu dut nik hona? Eta honi? Zertarako zen? Ordu horretan? Bai ala?). Mugikorra hedatuz eta hedatuz joan den neurrian, frogatzeko erosi zenuen; presio sozial erdi adeitsuari, erdi erasokorrari men eginaz; lanerako,amatxorengatik, orduan zelako momentua (oparitu egiten didate! Lehen bi hilabeteak doan!!). Beharrezkoa zeneukan? badakizu ezetz! Baina orain bateria amaitzen zaio eta ordu t’erdiz mugikorrik gabe egoteak aztoratzen zaitu: Hondartzara joan nahi duzu eta telefonoa ez da kargatzen, zain, zain, zain, ea, madarikatua.

Jakinda telefono konpainien propaganda kanpainak patetikoak direla, txepeltzat hartzen gaituztela, eta horretarako arrazoi sendoak dituztela gainera.

Jakinda uhin elektromagnetikoek uste baino kalte handiagoa egiten dietela gure osasunari; aitortzen digutena baina askoz kalte handiagoa. Propaganda horretan aipatu gabe uzten dituzten gauza guztiak ondotxo jakinda ere: Nola conectintzen duen peoplea mendebaldetik ekialdera, iparraldetik hegoaldera: Hemengoentzat iPhone eta enparau kantzerigenoak, haientzat plan berberak gehi zabor toxiko tonak milaka eta milaka, eta guretzat milioiak eta milioiak, eta irribarre hau, habano bat ezpainetan. Anaia Handiarekin batera erretzeko.  Hori guztia jakinda, hor dago zure mugikorra, zure ondoan, zure patrikan, zorroan. Galduko bazenu paniko atake batek erasango zintuzke, orain mugikorra ez baita telefono bat. Orain tendinitis arriskuan zaude zenbat tuiteatzen eta txateatzen eta tarratatatzen duzun zeren orain, John Lennonek zioen bezala, “bizitza da gertatzen zaizuna, beste zerbaitetan despistatua zauden bitartean.

Zure barneko izate kritiko, arrazional eta solidarioaren aspaldi-aspaldiko argudio haiek freskatzeko, gogorik baldin baduzu, azpian duzu edo, bestela, hemen

Teknologia

6 pentsamendu “Erre zure mugikorra!”-ri buruz

  • Txamantxoia 2011-07-16 13:36

    Posmodernitateak baditu alde onak ere. Paradoxa da euretako bat. Esate baterako, elastiko laranja jantzita, Samuel Sánchez animatzen Luz Ardidenen egon ostean, etxera itzuli eta idatz dezakezu telefono mugikorren kontrako artikulu sutsu bat. Gero, ADSLko linea erabiliz, Euskaltelek babesten duen euskarazko web batean argitara dezakezu idatzitakoa eta bere horretan bakarrik gera ez dadin, facebook eta twitter bidez ematen diezu jakitera zure lagunei, Interneterako haritik hau ere. Gero, hondartzan dagoen zure maiteari deitzen diozu segapotora, esateko: “amaitu dut idatzi nahi nuen artikulua, maitea. Orain hartuko dugu aperitifa lagunekin? Nik ez ditut haien telefonoak memeorian sartuta, deituko diezu zeuk? Pa”. Eta hola.

  • edorta

    Paki Perez:
    Eskerrik asko euskarazko testua igotzeagatik.

    Txamantxoia:
    Bai halaxe da. Hori da merkatua, hori da “egia” Baina badakizu mobil bat zenbat kostatzen zaigun? Eta naiz ari zeuk pagatu duzun diruaz, ezta tarifazioaz ere. Baztertuko ditut hemen askotan entzuten diren bestelako kontzeptuak; askatasunaren murrizketa, kontrol soziala, identitate faltsuak… Ni benetako kosteaz ari naiz, merkatu horrek sortzen dituen kosteak; telefono sareak eta sateliteak, zaharkitzapen programatua, lanaren deslokalizazioa eta explotazioa, publizitate fagotizatzailea, kalte ekologikoa(k)…

    Agian, soilik horregatik estilo honetako artikuluak behar ditugu. Kontsumoaren imaginarioa apurtzeko astinduak behar direlako. Izan ere, orain horretan hasten ez bagara zein da irudikatzen duzun etorkizuna? Orain diot, telefonia mugikorra berri-berria delako gure gizarte-merkatuan (munduan) Gure artean 15 urte inguru, besterik ez dauka!

    Zera diotsut lagun, kontsumoaren zurrunbilotik aterako bagara; ideiek, manifestuek, panfletoek askoren ekarpenak jaso beharko dituztela. Animatu beraz, eta hurrengoan kritika errezak lagata, ondo aztertu eta has zaitez artikulua osatzen. Segi bizkor!

  • Bea Salaberri

    Azaltzen dituzun hainbat ideia eta printzipio egiak direla argi dugu eta horiek suposatzen eta sortzen dituzten kalte eta ondorioak ere. Baina zein da hemen mugikorrik ez duena? Ordenagailu mugikorrik? e-book-rik? autorik? egongela erosorik?
    Bai, mugikorra kaltegarria da, diozun horretan eta Edortak azaltzen dituen aldeetatik. Baina horrelako bat erosten dugunean, badakigu, kostua, ondorioak, kutsadura eta badakigu ere kontrola, lokalizazioa, askatasun murrizketa (suposatua, ze niretzat ez da hala gertatzen. Mugikorra ez dut erreko, beste hainbeste alde positibo atxematen dizkiodalako eta seguraski adikzio mota bat diodalako.
    Momentu honetan mugikorra erretzera joaten denaren kasuan:
    – ondorioa beregan baizik ez luke eta gainera mundu osoak segituko luke bizitzen mugikorra erre gabe. Beste guziengatik, kalteak pairatzen jarraituko luke berdin-berdin.
    – koerentziaren izenean, mugikorra erre ondoren: autoa, wii-a, ordenagailua, bere hozkailuaren barnean direnen hiru laurdenak gutxienik, bere jantzi sorta osoa, … sutara bota beharko lituzke ere bai…
    – hori guzia egin eta, aurrerapenari uko egin ordez, igual hasi beharko luke pentsatzen nola egin uhain horiek guziak ez hain kaltegarriak izateko (artetik errateko sukaldeko mikro-uhain labearenei konparatuz deus gutxi direnak), ekai horiek zirkuito laburra eta birziklatzeaz, ingurumenari doakionez instalazioen aldatze eta beste gisa batez integratzeari…

  • Koherentziari buruz 2011-07-17 09:43

    Beti gertatu ohi da. Erabat onartu eta zabalduta dagoen jarrera bati buruzko kritika egiten duzunean, eta batez ere teknologiaren kasuan, jendeak beti jarrera defentsibo txepela egin ohi du: autoen kalteei buruz ari bazara, “bai, baina zu ere ibiltzen zara autoz!”. Kontua da ea arrazoiak indartsuak diren ala ez, eta ez ea mezulariak zer egiten duen. Inkoherentziak Chek eta Gandhik ere izango zituzten.
    Erretzaile batek tabakoaren kalteez hitz egin dezake, eta onena erretzeari uztea dela aldarrikatu. Baina jakina, tabakoak jada oso ospe txarra du, eta ez zaio inor aurka jarriko. Teknologien kasuan, ordea, oso ospe ona dute, alde onak bakarrik azpimarratzen baitira etengabe.
    Artikulu honek telefonoaren alde txarrak azpimaratzen ditu, eta alternatiba batzuk eskeini. Bada, bikain Paki, horrelako gehiago behar ditugu.

  • Hala da.
    Paradoxak aipatu dira gorago eta atsegin ditut. Paradoxek argi kriseilutxo bat dakartelako eskuartean batzuetan, eta denoi gustatzen zaigu zer edo zer ikastea, ahal delarik. Hazteko, hobetzeko, deskubritzeko, ulertzeko, eta batez ere, batez ere, guzti hori partekatzeko: Norbere existentziak zentzurik, proiekziorik eta transzendentzia apurrik baldin badu, kolektibitate baten baitan delako. Eta ez dago norbere hazkuntzaren hazi ñimiñoa bere fruituekin besteak freska daitezen landatzea baina ekintza ederragorik.
    Paradoxa da ulertzea sen kritikoak askeagoak egingo gaituela. Munduaren antolaketa eredu honen jatorrian eta ondorioetan ikus ditzakegun bidegabekeria kriminalak ezinbesteko manipulazioan oinarritzen direlako, besteak beste. Askeagoak egingo gaituztela eredu horren jatorriaren eta ondorioen ezagutzak, egiaren ezagutzak, eta askeagoak giza kolektibitate zanpatuarekiko elkartasun aktiboak, izaera eta jarrera matxinoek. Askeagoak zerengandik, norengandik? Bada egoera bidegabe horien diseinatzaile, sostengatzaile eta defendatzaileen armetatik, asmoetatik, amaraunetik, logika, lege, arau eta kulturatik.
    Gustatzen zaidan paradoxa hori da: Nola matxinatzen garen bai, sutsuki, baina egiaren kontra. Egiak gure erantzukizunak seinalatzen dizkigunean; alor partikularretik esparru kolektibora egin genitzaken eta (dena delakoarengatik) egiten ez ditugun jauziengatik. Interpelatuak sentitzen garenean, ezbaian jar ditzagun gure baita xumeotan errotzeko bidean dauden ideia edota jarrera edota portaera batzuk.
    Paradoxak erretratatu daitezke; kontraesanak, guzti-guztiok ditugun kontraesanok, kolektibitatearekiko onuragarriak diren erresoluzioetan dira interesgarriak kolektibitatearentzako, ez bestela. Alegia, eztabaidek baliorik baldin badute, izango da giza-talde bezala hazteko eta hobetzeko balioko badigute, edo ez dute baliorik batere izango.
    Eta hori da nire aldetik nire kontraesanekin egiten saiatu eta saiatzen naizena, Edorta eta Koherentziari Buruz bezalaxe. Bada ezpada ere, besteenekin batera, gauza ederrak egin genitzaken. Esate baterako, gure erosotasun ttikiak hankaz gora jarri hala behar balitz, konbatitzeko prest gauden jendarte autokonplazienteegi honen paradoxak erretratatu eta askatasunaren bide partikular eta kolektiboan sastrakatxo batzuk mozteko, edo katiuskekin zanpatzeko, e, apalki. Ttur-ttur.
    Eta txapa hauen ostean, posdatatxo bat: Nigatik zen Samuel Sanchezena?! Nor da hori, argazki sesioetarako makillaje pote bat ematen duena? Jainkoarren…! Defenda zaitezte nahi gisa, benetan, hoberenak zarete! Baina ez asmatu ezezagunen biografiarik. Nireari buruz emana dut (Euskaltelek –zorionez–diruz lagundutako) albistari honetan zantzu pare bat, txo, errespetu bat. (Samuel, my god!)

  • edorta

    Kaixo Bea:
    Aurrerapenari uko egitea? Inork ez du horrelakorik proposatu. Kontsumoaren murriztea eta birplanteamendua da batzuk eskatzen dugun bakarra. Aurrerapena bizimodu hobearekin eta osasunarekin lotzen dugu, ezta? Bada, kasu honetan, hainbatentzat ez da horrela ematen. Zuk zeuk aipatu dituzu adibide bi; menpekotasuna eta uhinak.

    Lehenari dagokionez, denok ezagutzen dugu telefono aldean ez eroateak ekar dezakeena; galduta egotearen sentimendua. Lagun askori gertatzen zaie, mobila etxean ahaztu eta heldu bezain laster hartzen dute ea deiren bat jaso duten. Tentsioa eta urduria sortarazten dute une horiek; ez didate deitu, norena da zenbaki hau. Askotan telefonoa galtzea lagun askorekiko kontaktua amaitzea da.

    Bigarrenez uhinak direla eta, hainbat tokitan -liburutegietan, eskoletan…- antenak eta wifi-sareak kentzen hasi dira minbizia edo tumoreak sor ditzaketelako. Horretarako alternatibak bilatzen hasi beharko genukeela esaten da osasuna defendatu nahi dutenen aldetik. Argi dago inork ez duela bere etxe ondoan errepetidorerik nahi. Logikoa da, dena dela uste dut gure mendebaldetik benetako minbiziaz ahazten garela; telefono konpainien langile-esklabuak Hegoamerikan, lantegi erraldoiak Asian eta erreziklaje planta “garbiak” Afrikako hirien periferietan. “Ahazten zaigu, ahaztu nahi dugulako” esan duzu. Beno, agian etengabe gogorarazi beharko da, hemen, Euskal Herrian matraka ematen ohituta bagaude, utzi honetan ere kontzientziak astintzen.

    Egia da, kontsumoaren gaia ez da erraza eta diozun moduan punta askotako izarra da; autoa, arropa, elikagaiak… Baina orain irtenbideak topatzea da gakoa, irtenbideak era lokalean eta mundu mailan. Kontsumaren imaginarioa apurtzeko imaginazioa behar dugu, neurriak. Egoki ikusten dut hegazkina edo autoa hartu beharrean bideo konferentziak erabiltzea, jakina. Baina kontuz! sistema kapitalista ez dago prest zure kontsumo maila murrizteko eta biak batera erabiltzeko bultzatuko zaitu; telefonoa etxean ahaztu ez dezazun esku-librea (ah ze berba bitxia!) autoan integratuko du.

    Irtenbidea? Honetatik irteteko bidea? Beno, kontsumo kritikoa eta murrizketak dira aukera bakarrak. Badakit kontraesanez betetako bide malkarra dela, baina bakoitzak ikusiko du nola egingo duen. Lehenik eta behin, nork bere etxetik, gero antolakuntza eta auzolana beharko dira, eta politikak, diskurtsoak eta esperientziak. Eta norabide horretan -bidezidor batetik bada ere- joaten denari, berea azaltzeko eta garatzeko aukerak eman behar zaizkio. Horregatik oso injustuak iruditzen zaizkit “koherentziaren izenean” egiten diren kritika guztiak.

    Bukatzeko, hasieran esan dudan moduan hemen inor ez dago aurrerapenaren kontra, bai aldiz aurrerapenaren kontzeptua birplanteatzearen alde. Gizakion -guzti-guztiok- bizimodu osasuntsua eta natura -mundu osoarena- bermatuko duen aurrerapenaren alde.
    Izan ontsa!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude