Eneritz Iturriagak agur esan dio denboraldiari

Mjg1Mw==

Safi-Pasta Zara taldeko Eneritz Iturriagak (Abadiño, 1980) eroriko bortitza jasan zuen maiatzean l’Audeko Tourrean. Sorbalda eta klabikula apurtu zituen eta Gasteizko La Esperanza ospitalean ebakuntza egin zioten. Errekuperazio prozesua bide onetik zihoan, harik eta sorbaldan konkor bat somatu zuen arte: “Kuriosoena da egun horretan 150 kilometroko entrenamendua egin eta ez nuela minik sentitu”, adierazi du Iturriaga.

Medikuak sorbalda aztertu ondoren, egunean bertan ingresatu zuten: “Barruko burdina eta torlojuak solte nituela esan zidan eta ebakuntza egin beharra zegoela”. Antza erori zenean baino “txikituago” zuen sorbalda. Hankako tibiatik zati bat kendu eta sorbaldan txertatu behar izan zioten sei ordu iraun zuen ebakuntzan.

Orain hiru astean geldi egon beharko eta ondoren hasiko du berriro errekuperazio prozesua. Ondorioz, denboraldia amaitutzat eman du abadiñarrak. Onartzen duenez, “orain etxean nagoen bitartean, hankek egiten ez dituzten kilometroak buruak egingo dizkit”.

Abadiñon (Matiena auzoan) jaio nintzen 1981ean. Kazetaria