"Eko" eta turismoa bateragarri?

TIES elkarteak garbi definitzen du zer den ekoturismoa: inguru naturaletara egiten den bidaia arduratsua, ingurumena zaintzen duena eta bertako jendearen ongizatea areagotzen duena. Hori lortzeko, TIESek alderdi asko hartzen ditu aintzat, eta turistari ere xehetasunak zaintzeko eskatzen diote. Hala, gomendioen zerrenda bat du, bidaiariari nola jokatu behar duen azaltzeko.

Besteak beste, honako hauek gomendatzen ditu TIESek: lekuko hizkuntzako hitz batzuk ikastea; opariak, bezuzak eta/edo oroigarriak hango jendeari erostea; haien garraiobideak erabiltzea; haien jatetxeetan jatea eta haien hoteletan hartzea ostatu; janzkera zaintzea; tokiko gidariak kontratatzea; babestutako eremuetan sartzeko sarrera ordaintzea…

Zentzuzko gomendio horien pare jokatzen badute turismo-enpresek, ekoturismoak onurak ekar diezazkioke lekuko jendeari. Behintzat, ondorio hori atera du gaia aztertu duen ikertzaile-talde estatubatuar batek. Taldean biologoak eta ekonomilariak daude, eta emaitzak PNAS zientzia-aldizkari ospetsuan aurkeztu dituzte; haien arabera, “datuak erabakigarriak dira”. Zehazki, Tailandiako eta Costa Ricako erreserba batzuen inguruko herrien jarraipena egin dute, eta frogatu dute pobrezia txikiagoa dela herri horietan erreserbetatik urrutiko antzeko herrietan baino % 30 txikiagoa Tailandian, eta % 10 Costa Rican. 

MzE0MA==

Horrekin lotuta, natura babesteko helburua lortzeko erreserbetako biztanleak kontuan hartzea gakoa dela erakutsi du Afrikan egindako ikerketa batek. Aztertutako lekuetako bat Dzanga-Sangha erreserba da (Afrika Erdiko Errepublika). Erreserba 1991n eratu zen, eta turismorako, tokiko ehizarako, safarietarako, eta ikerketarako eremuak ditu.

Erreserba sortu zenetik egindako kudeaketa aztertu dute ikertzaileak, eta ohartu dira biztanleak aintzat ez hartzeak ondorio kaltegarriak dituela espezie basatietan, batik bat goriletan eta elefanteetan. Esaterako, turistentzako ostatuak egitean belardiak utzi ez dituztenean, antilope-populazioa txikitu egin da. Eta, hain juxtu, hori da hango biztanleen ehizaki nagusia. Beraz, horrelakoetan, gorilak ehizatzen hasi dira. Aitzitik, ezer egin aurretik bertakoak kontuan izan dituztenetan, ondorioak onuragarriak izan dira. Conservation Biology aldizkari espezializatuan argitaratu dituzte emaitzak.

Hala eta guztiz ere, batzuetan espero gabeko kalteak ere eragiten ditu ekoturismoak. Adibidez, maiz aipatzen da atzerritik ekarritako gaixotasunek hemengo osasun-sisteman sortzen duten arazoa. Gutxitan entzuten da, ordea, kontrakoa; alegia, zer kalte eragiten duten bidaiariek kanpora eramaten dituzten gaixotasunek.

Bada, Boli Kostan, 1999-2006 bitartean, arnas aparatuko gaitzen bost izurri izan ziren txinpantzeen artean. Hildako txinpantzeak aztertu dituzte Alemaniako ikertzaile batzuek, eta frogatu dute guztiak bi birusek hil zituztela. Gizakionak dira biak, eta katarro arruntak eragiten dituzte heldu osasuntsuetan. Pertsona ahuletan pneumonia ere eragin dezakete, ordea, eta heriotza-eragile nagusietako bat dira industrializatu gabeko herrialdeetako haurrentzat.

Horrenbestez, ikerketek erakusten dute oso zaila dela “eko” aurrizkia eta turismoa bateratzea.

Irudia | ekoturismoa | bonjourquébec | Creative Commons By SA
ekologia, turismoa
Irati Elizalde

kazetaria-edo

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude