EiTBn emakumeak “ikusezinak” direla ondorioztatu dute

Eitb Gizona

EiTBko albistegietan emakumeak gutxiestu egiten direla ondorioztatu du LAB sindikatuak Aztikerrek egindako ikerketan oinarrituta; agertzen direnen %75 gizonezkoak dira. Ez al da baina egia gizonezkoak direla oraindik ere esparru publikoetan jaun eta jabe? Errealitatea irudikatu edo estereotipoak indartu? Zein neurri har daitezke?

Orain dela aste batzuk EiTB espainiartu egin zela salatu zuen LAB sindikatuak. Besteak beste, albistegietan agertzen diren banderetatik %77 espainiarrak direlako ikerketa baten arabera.

Aste honetan, gaia aldatu egin da, baina kritika zorrotza erori zaio berriz ere euskal komunikabide publikoari: “generoen irudikapena diskriminatzailea eta estereotipatua da”. Kiroletan (%92),politikan (%74) eta ekonomian (%69), batik bat, emakumezkorik ia ez da ageri.

Datuak banan banan aztertuta, LAB eta Ipar Hegoak ondorio hauek atera dituzte:

1. Emakumeen ikusezintasuna.
2. Emakume eta gizonen errepresentazio estereotipatua.
3. Emakumeen eta gizonen errepresentazio hierarkiko eta diskriminatzailea. Albistegien egituraketa androzentrikoa.
4. Mugimendu feminista ez da existitzen albistegietan, eta urriak dira berdintasunaren inguruko irudiak edo emakumezkoen diskriminazio egoera islatzen dutenak.
5. Emakumeen aurkako indarkeria. Trataera sentsazionalistarekiko joera, berezko
indarkeria estruktural bezala tratatu beharrean.

Ertz asko dituen gai konplexua da hau. Ez zaie arrazoirik falta EiTBri generoen berdintasuna eta eredu berriak sustatzeko ahaleginak areagotzea eskatzen dutenei. Baina, zenbateraino da posible?

Errealitatea egoskorra da. Lehendakaria, enpresaburuak, presidenteak, futbol izarrak edo zine zuzendariak gizonezkoak dira hein handi batean. Azken batean, islada soziala duten (eta izan duten) pertsonen gehiengo ia absolutua gizonezkoak dira. Material informatiboa maskulinoa da. Arrazoiak mila, horren kritikak milioiak.

EiTBk errealitatea du parez-pare, errealitate patriarkala eta androzentrikoa. Ez da erraza horri izkin egitea, baina bai garrantziskoa. Gainera, hedabideek beti “eraiki” egiten dute errealitatea. Egin, egin daiteke. Nola, ordea?

Zeintzuk dira komunikabide publikoak hartu behar dituen erabakiak? Emakume entzutetsuen “bila” ibili? Garrantzi informatiboari genero ikuspuntua erantsi? Errealitatea moldatu etorkizun justuagoa sustatzeko?

Ez naiz bakarra, asko naiz ni. Batean. Hori bai, begi-belarrietatik elikatzen naiz.