[Azalak] Alarma egoera gaurko prentsaren azaletan

[Azalak] Alarma egoera gaurko prentsaren azaletan –

[Azalak] Alarma egoera gaurko prentsan

Alarma egoera hizpide gaurko prentsan guztian, alarma egoera onartu baitu Espainiako Gobernuak sei hilabeterako luzatzeko asmoarekin. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, Urkulluk eta Txibitek ontzat jo dute erabakia. Ipar Euskal Herrian Frantziako Asanbladak larrialdi egoera otsailaren 26 arte luzatzea erabaki zuen. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herri guztiak itxiko dituzte eta etxeratze agindua ezarri Hego Euskal Herrian 23:00etatik 06:00etara. Alarma egoera onartu du Espainiako Gobernuak, sei hilabeterako luzatzeko asmoz, Euskal Herri osoan gauez kalean egotea debekatu dute estatuek ezarritako alarma egoerek, Donostia «gune gorrietako» bat dela onartu du Eneko Goiak, Mendebal Europan COVID-19aren kutsatuen ugaritzea … Hemen gaurko egunkarien azalak.

 

Neurri murriztaile berriak

EAEko Aldizkari Ofizialak astearte honetan, hilak 27, argitaratu ditu Eusko Jaurlaritzak atzo iragarritako neurri murriztaileak. Neurriok alarma-egoera baliatuta eta koronabirusaren kutsatzeak gelditzeko asmoz hartu dituzte. Hauek dira neurriak eta salbuespenak:

1- Gauez zirkulatzeko askatasuna mugatuta egongo da 23:00etatik 06:00etara. Hala ere, beharrezkoak diren jarduerak egiteko posible izango da kaletik ibiltzea.

Hauek aipatzen ditu zehazki dekretuak: sendagaiak, osasun-produktuak eta premia biziko beste ondasun batzuk erostea; osasun-zentroetara joatea; albaitaritza-zentroetara joatea urgentziazko arrazoiengatik; laneko, lanbideko, enpresako, erakundeetako edo legezko betebeharrak betetzea; ohiko bizilekura itzultzea, atal honetan aurreikusitako jarduera batzuk egin ondoren; adinekoei, adingabeei, menpekotasun-egoeran daudenei, desgaitasunen bat dutenei edo bereziki ahulei laguntza eta zaintza ematea; gasolindegietan edo gasolina-zerbitzuguneetan erregaia hartzea, aurreko paragrafoetan aurreikusitako jarduerak egiteko beharrezkoa denean, eta ezinbestekoa den edozein jarduera, betiere behar bezala egiaztatuta badago.

2- Euskal Autonomia Erkidegoko mugak itxita egongo dira. Salbuespenak izango dira eta beharrezkoak diren kasuetan posible izango da EAEko mugak zeharkatzea, besteak beste, osasun arreta jasotzeko, lanera joateko, ikasketengatik edo zaintza arrazoiengatik.

3- Udalerri guztietan sarrera-irteerak itxita egongo dira. Alabaina, jarduera sozioekonomikoak egiteko, udalerri mugakideen arteko mugikortasuna baimenduko da. Baita kirol-jarduerak edo aire zabaleko jarduera fisikoak egiteko ere. Salbuetsita daude baimendutako kirol-lehiaketetarako beharrezkoak diren lekualdatzeak.

Halaber, eta aurreko bi kasuetan bezala, posible izango da udalerritik ateratzea, besteak beste, osasun arreta jasotzeko, lanera joateko, ikasketengatik edo zaintza arrazoiengatik.

4- Gehienez sei pertsona bildu ahalko dira taldean, eremu publikoan nahiz pribatuan. Bizikideak izatea izango da salbuespena eta kasu horretan ez da mugarik egongo.

Neurriok gaurko 06:00etan sartu dira indarrean. eta gutxienez 15 egunez egongo dira indarrean. Tarten horretan neurriak luzatu, aldatu edo ondoriorik gabe utzi ahal izango dira, betiere osasun egoeraren arabera.

Neurri espezifikoak

Neurri orokorrez gain, dekretuak hainbat neurri zehatz jasotzen ditu. Aurrena, maskararen erabilera derrigorrezkoa dela gogorarazten du, aurretik ebatzitakoari jarraiki.

Beilei eta ehorzketei dagokienez, gehienez 30 pertsona izan ahalko dira aire zabaleko guneetan, eta sei pertsona espazio itxietan, bizikideak izan edo ez. Dena dela, ezingo da gainditu baimendutako edukieraren % 50. Hildako pertsona bat ehorzteko edo haren errausketa-agurra egiteko segizioan, gehienez ere 30 pertsonak parte hartu ahal izango dute aire librean, eta 10 leku itxian, betiere distantzia soziala mantenduta. Aire zabalean egiten diren merkatuetan ezingo dira jarri ohiko edo baimendutako postuen % 50 baino gehiago (postu arteko banaketa 1,5 metrokoa).

Ostalaritza Eremu gorrian zeuden herrietan ezarritako itxiera ordua (21:00) bertan behera geratu da, eta orokorra ezarri: tabernek eta jatetxeak, terrazek barne, 23:00ak baino lehen itxi beharko dute, barne hartuko da bezeroak ateratzea, 23:00etan zirkulazioa mugatu baino nahikoa lehenago. 06:00ak arte itxita egon beharko dira. Barran kontsumitzea debekatuta dago. Kontsumoa mahaian eserita egingo da beti. Gehienezko edukiera % 50koa izango da, eta mahai baten bueltan, gehienez sei pertsona bildu ahalko dira. Diskotekek eta txoko eta elkarte gastronomikoek zarratuta jarraituko dute. Joko eta apustu etxeei tabernei ezarritako neurri berak ezarriko zaizkie.

Kultura-jarduerak eta ikuskizunak baimenduta daude espazio itxietan, gehienezko edukiera % 50ekoa bada eta gehienez 400 pertsonarekin (aire librean, edukiera % 50ekoa izan behar da, gehienez 600 pertsona). Ekitaldi horietara udalerri horretan edota ondokoan bizi direnak bakarrik joan ahalko dira. Adibidez, Donostiako Kursaal Jauregian antolatutako kontzertuetara donostiarrak eta ondoko herrietakoak joan ahalko dira bakarrik, nahiz eta aldez aurretik sarrera erosita izan.

Taldeko kirol jarduera honako kasuetan bakarrik baimenduko da (bakarkakoa baimenduta dago): gimnasioetan programatutako ikastaroak edo jarduerak, betiere maskara erabilita, bai eta lehiaketa profesionalean edo erdi-profesionalean murgilduta dauden taldeen entrenamenduak eta kirol-lehiaketak ere. Aire zabalean, banaka edo taldeka egin daiteke, kontaktu fisikorik gabe, eta gehienez ere sei pertsonako taldeetan. Eskola kirolari dagokionez, entrenamenduetan gehienez sei ume/nerabe izan ahalko dira. Profesionala edo erdi-profesionala ez den talde federatuen lehiaketak eta eskola kirolarenak bertan behera jarraitzen du.

Espazio itxietan zein aire zabalean egiten diren kirol lehiaketek, ekitaldiek eta kirol-ikuskizunek % 50eko gehienezko edukiera izango dute (gehienez 400 eta 600 pertsona, hurrenez hurren). Zehaztu beharra dago halakoetara udalerri horretan eta ondokoetan bizi direnak bakarrik joan ahalko direla. Hots, San Mameseko partidetara bilbotarrak eta ondoko herrietakoak bakarrik joan ahalko dira.

Garraio publikoari (taxiak eta ibilgailu gidariduneko garraioa salbu) abiatzeko azken ordu hau ezarriko zaio: 24:00ak. Horrez gain, gehieneko edukiera bete arte okupatu ahal izango dira.

Haur-parkeak, kirol-eremuak, skate pistak edo aire zabaleko erabilera publikoko antzeko espazioak jendearentzat irekita egon ahal izango dira, baldin eta horietan gehieneko edukiera errespetatzen bada: barrutiaren azaleraren espazio konputagarriko lau metro koadro bakoitzeko pertsona bat.

 

Logotipo EITB Ikonoa

[Azalak] Alarma egoera gaurko prentsan

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude