Amodioa

[OHARRA: Iaz, Onintza Enbeitaren zutabea irakurtzen nuen ia egunero, eta, maiz, gustura leituta ere, ez nintzen hark errandakoarekin ados egoten. Are gehiago, “Amodioa” izenburuko zutabe bati erantzuna idatzi nion, baina, hondarrean, argitaratu gabe utzi nuen. Eta, zer nahi duzue erratea, neurera bueltatu izan naizen bakoitzean, aitortu behar dut testu ona iduritu zaidala -barka harrokeria, baina umiltasun faltsua pakete batean utzi nion Durangon saldu ahala saltzen ari zen idazle bati; uste dut etxera eraman zuela-. Igandeak egun penagarriak izaten dira niretako: ohiko asperdurari tristura gaineratzen ohi zaio arratsaldean, eta munduko kantarik deprimenteenak aditzen akitzen dut eguna anitzetan. Igandeei gorrotoan gogaiderik dudalakoan, pentsatu dut beharbada baten bati egun honen pisua arinduko diola nire dibertimendu ttiki honek]

 

Amodioa

 

Larrutan egiteari “amodioa egin” sinonimo poetikoa asmatu izana salatu zuen joan den astean Onintza Enbeitak. Erdararen eraginez sartu da esamoldea euskarara, nonbait. Ingelesa ere ez dabil urrun, eta nago hortik hartuko zuela espainolak. Hasmentan, ordea, make love ez zen larru jotzea, gorteiatzea baizik (“Did she think I had made love to her?”, pentsatzen du narratzaileak Henry James-en The Aspern papers eleberrian, ohatzetik urruneko testuinguru batean). Eta, hortik abiatuta, beharbada zerbait ere erran liteke amodioa egitearen alde.

Gertatzen ez den errebelazioa da esperientzia estetikoa, edo hori bederen erran zuen Borgesek bere saiakera batean. Hala izatera, ezin dut irudikatu flirtean ibili baino esperientzia estetiko handiagorik, dena baita hor beharbada iritsiko ez den errebelazio baten itxaropena; dena, balizko emaitza ailegatu bitarteko josteta. “Larrua jotzea askoz errazagoa da” zioen Enbeitak. Arrazoia du, gustagarria izanda ere, joko mekaniko samarra baita jotzearena, norabide bakarrekoa, arriskurik gabea. Deus ikustekorik ez duena love-making josteta intelektual eta sofistikatuarekin, limurtze prozesu horretako konplizitate eta gaizki-ulertuekin, keinu espontaneo ezin zainduekin eta jolaskidearen solas ñimiñoen gaineko hermeneutika paranoikoarekin.

Euskaldunon inguruko topikoak aipatzen zituen Enbeitak; nago, halere, ez ote duen topikotik dezente larrutan egitearen sinpletasunaren aldeko apustu horrek. Jatorra ez izanda ere, aukeran, amodioa egin nahiago nik.

Nahiz eta, haurren jostetetan bezala, maiz, norbaitek min hartzen duen hondarrean.

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.