Alberto Iñurrategi: “Gailurra, batzuetan, porrota ezkutatzeko erabiltzen da”

Alberto Iñurrategi

Mendian egin du bidea Alberto Iñurrategik (Aretxabaleta, 1968) baina orain beste ildo batzuk jorratzen ari da: Juan Vallejo eta Mikel Zabalza kideekin, Groenlandia eskiz zeharkatu zuen hegotik iparrera aurreko udaberrian, lerei tiraka eta kometen laguntzarekin, eta azaroan Antartida gurutzatzera abiatuko dira hirurok. Gailurrik gabeko jardueratan murgildu berritan, gailurra zapaltzeari ematen zaion gehiegizko garrantziaz gogoeta egiten du Iñurrategik: arrakasta eta porrota ulertzeko dugun modua zalantzan jartzen du.


Josu Iztueta eta Ander Izagirreren elkarrizketa, Galtzaundi aldizkarirako.

Porrotaren aldeko aldarria egiten duzu. Zer dira zuretzat porrota eta arrakasta?

Mendia kutsatu egin da garaipenaren idolatriarekin. Nik behintzat ikasi dut, inguruan izan dudan jendeak horrela irakatsita, ustezko porrotak badituela elementu interesgarri pila bat.

 Zer da porrota orduan? Noiz da porrot bat ona?

Benetako ahalegin baten ondorengo porrota, porrot ona da. Elementu positibo ugari dauzka. Azken boladan mendi giroan ikusten dut zenbait jendek, bere ibilbidea izugarrizko porrota izanda, gailurra erabiltzen duela porrot hori ezkutatu eta arrakasta moduan saltzeko. Beti esan izan dut mendian benetan polita eta interesgarria dena, benetan emozioak biziarazten duena, bidea dela. Gailurra ikaragarri interesgarria da, osagarri oso ederra, baina garrantzitsuena eta ezinbestekoa bidea da.

 Zuk, beraz, ez duzu gailurra zapaltzea arrakastarekin derrigorrez lotzen.

Everesten 8.500 metrotan buelta eman behar izan genuen 2006an, Hornbein bidetik igotzen ari ginela, baina ni igoera hartaz oso harro nago, zapaldutako gailur askorekin baino gehiago. Patagonian Cerro Torretik jaitsi behar izan genuenean ere, ikaragarri pozik gelditu nintzen esperientziarekin. Baina ikusten dut zenbaitek beti apustu segurua jotzen dutela, eta esango nuke askotan ez dituztela emozio edo esperientzia interesgarriak bizitzen. Nik “porrotaren alde” esaten dudanean, nork bere burua behartuz ikasten diren mila gauzei balioa eman nahi diet, gailurra zapaltzearen baitan ez daudenak. Gailurra kontutan hartu behar da, noski, polita da, baina ezin zaio lehentasunik eman. Mendian helburua gailurra nola edo hala jotzea bada, seguruenik arrisku gehiegi hartuko dira eta ardura etikoa ere deskuidatu egingo da.

Elkarrizketa osoa

Alberto Iñurrategi: “Gailurra, batzuetan, porrota ezkutatzeko erabiltzen da”

Kazetari autonomoa naiz. Azkeneko lanak Groenlandiako inuitei, Boliviako haur meatzariei, Karakorumeko zamaketariei eta Saharako errefuxiatuei buruz idatzi ditut.

Zer duzu buruan “Alberto Iñurrategi: “Gailurra, batzuetan, porrota ezkutatzeko erabiltzen da””-ri buruz

  • portugais dei zepa 2018-01-16 09:05

    mei paresido moi bonito reporteila espeiro quie publiques oitro pronto