400 haur kanporatuko ditu Israelek, etorkin ez juduen ondorengoak izate hutsagatik

Erlijioan oinarritutako masa-kanporaketak erdi aroko kontua direla irudi bazaiguke ere, Israelgo estatuaren kupula politikoak beharrezko iritzi dio langile etorkin ez juduen 400 seme-alaba Israeldik botatzeari, juduak ez izatea egotzita. Asko Israelen jaioak diren arren, askok hebreeraz baino ez dakiten arren.

Ez ei dute erregimen sionistaren ideal judua gauzatzeko balio, eta oztopo diren heinean, bere gurasoen lurraldeetara kanporatuko dituzte, Filipinetatik, Tailandiatik, edo Egipto eta Sudan bezalako herrialde afrikarretatik etorritako etorkinen seme-alabak.

MzI4Mg==

Krudela irudi dakiguke, baina legea da. Israelgo legeak ez die etorkin ez juduei estatu sionistak kontrolpean dituen lurretan seme-alabak izaten uzten, ezta haurrok Israelen jaioak badira ere. Honela, Israelen jaio diren eta beste lekurik ezagutzen ez duten haur hauek ezin dezakete sekula naziotasun Israeldarra erdietsi, erlijio kontu hutsal bategatik.

Eli Yishai, Shas alderdi ultraerlijiosoko burua eta Israelgo Barne Ministroa da neurri honen babesle nagusia. Bere iritziz, langile ez juduen seme-alabak Israelen mantentzea “proiektu sionista erabat mehatxatzen duen gertakaria” da, eta horregatik “agur esan behar zaie, amaitu da txangoa, guztiek beren lurraldeetara itzuli behar dute”.

Abuztuan hartu zuen kanporaketak gauzatzeko erabakia Benjamin Netanyahuren gobernuak: Hasiera batean 1.200 ziren kanporatu beharreko haurrak, baina berrikuspen batzuen ondoren 400 kanporatzean deliberatu zuten. Gainerako 800 haurrak geratzeko aukera izango dute, oraingoz.

Irudia | Kanporatuak izateko arriskurik ez duten haur juduak | Cau Napoli | Creative Commons By SA
Diskriminazioa, Israel, kanporaketak, sionismoa

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude