100 urte eskaseko armarria eta bandera ditu Nafarroa Garaiak

Nafarroa Garaiko bandera eta armarri ofizialek 100 urte bete dituzte.  1910. urteko uztailaren 15ean adostu zuten zein izanen ziren lurraldeko sinboloak eta hurrengo egunean, Navas de Tolosako gudaren urteurrenean, bandera paratu zuten Nafarroako Jauregian. Dena-den, Nafarroako kateek 600 urtetik goiti dituzte.

Nafarroako Gobernuak ez du aukera galdu nahi izan bandera eta armarriaren urteurrena ospatzeko. Sei merindadeetatik, Nafarroa Garaian diren bostetan paratu ditu urtemugaz informatzen duten kartelak. Baina kateak, koroa eta esmeralda jantzirik dituen bandera gorria ez da 100 urte hauetan izan den bandera ofizial bakarra.

II. Errepublikan koroa desagertu egin zen eta harresia paratu bere lekuan. Gerra Zibilaren ondotik, berriz, Franco diktadoreak erramu koroa jarri zion armarri ofizialari gudan izandako jarrerarengatik. 1979. urtean berriz ere hasi zen administrazioa 1910eko bandera erabiltzen. Hondarreko urte hauetan, baina, espainiarrek bere egin nahi izan dute bandera gorria.

MjkwNQ==

Euskaldunok zein?

Fernando Mikelarena Zaragozako Unibertsitateko Irakasle Titularrak artikulu interesgarri batean azaldu du zein den Nafarroa Garaiko bandera ofizialaren historia eta zein den euskaldunok hartu beharreko jarrera. Atzoko Diario de Noticiasen izan zen berau irakurtzeko parada. 

Campión, Olóriz eta Altadill izan ziren sinbolo ofizialaren egileak, hirurak euskaroak eta lehen biak abertzaleak -edo gertukoak-. Horretarako lehenagotik zeuden kateak hartu zituzten eta banderaren kolorea nafar gudarosteen kolore gorriarengatik aukeratu zuten. 1931. urtera arte “separatismoaren” ikur izan omen zen eta ordura arte Nafarroako eskuindarrek eta tradizionalistek ez zuten bereganatu. Gaur egun, aunitz dira bandera hau UPNrekin lotzen dituztenak, baina badira ere bandera nafarraren euskalduntasuna aldarrikatzen dutenak ere. Gainera, zer pentsatu eman beharko liguke uztailaren 11an bandera gorririk ikusi ez izana Gaztelu enparantzan, bai ordea ikurrinez lagundurik abertzaleen manifestaldietan.

Irudia | Nafarroako bandera Erriberrin | raul-flakillo | Creative Commons By SA

BARDO GORRI NAFARRA