“Nire motibazinoarekin besteak motibatu izana saria da niretzako”

Argazkilaria: Jon Balsera
Argazkilaria: Jon Balsera

Dur&Goko Masterrean parte hartuko duzu. Zer esperantzarekin zatoz?
Nire helburu nagusia ahal dudan dena ematea eta dibertitzea izango da; eskalada beste jende batekin konpartitzea. Ezin izan dut txapelketa ondo prestatu. Edozelan ere, normalean ez dut entrenatzen; arroketan bideak zabaltzea da nire entrenamendua, baina kasualitatez azkeneko hile bietan etxebizitza berrizten gabiltza, eta arroketan ibiltzeko ere ia denborarik barik ibili naiz.

Masterrean ez ezik, Block&Go modalitatean ere ibiliko zara, beste hiru eskalatzailerekin.
Bai, oso dibertigarria da, zailtasunaz gainera, sormena ere jokoan sartzen delako. Bakoitzak bide bat sortzen du, eta bata bestearena igotzen saiatzen gara gero. Ohiko eskalada baino gogorragoa izan daiteke, denbora gehiago daukagulako bideak sortzeko eta perfekzionatzeko.

Gainera, eskalatzaile bakoitzak bere estiloa dauka.
Horrelaxe da. Imaginazioari irekita dago. Esaterako, iaz Dani Andradak oso bide kuriosoa diseinatu zuen; ezker-eskuma mugitu behar izan genuen, eta gero leiho batetik eraikinetik kanpora irten. Horrelako gauzak ezin daitezke txapelketa batean ikusi, ez dagoelako hainbesteko askatasunik.

Eskalada Munduko Txapelduna euskalduna da: Patxi Usobiaga.
Makina bat da, eta errespetu handia diot. Oso disziplinatua da eta erresistentzia itzela dauka. Oraintsu berarekin egon nintzen Arco Rock Legends sarietan (Legends saria jaso zuen Sharmak), eta urrian eskalatzen Kataluniara etorriko dela esan zidan. Beharbada han ere batuko gara.

Urte asko da txapelketetan parte hartzen ez duzula. Zergaitik?
Kontua ez da ez zaizkidala gustatzen. Gogoko ditut, baina denbora eskatzen du, eskakizun batzuk ditu; asko bidaiatu behar dela, esaterako. Benetan  helburu nagusi legez horixe banu, txapelketara joan eta irabaztea, jardungo nuke, baina ez da nire motibazio nagusia. Arroketan bideak zabaltzea gustetan zait, eta horretan zentratuta nago. Hori da nire pasioa, bide berriak aurkitu eta ekipatzea.

Arrokan bide berriak irekitzerako orduan, zailtasunaz gainera, estetika ere kontuan hartzen duzu.
Edozein pareta oso gogorra izan daiteke; lisua eta helduleku zailekoa. Baina horietako asko ez dira, esaterako, Realization edo Es Pontas (Sharma berak irekitako bideak) bezain estetikoak izango. Proiektu bat esku artean daukadanean, denbora asko eskaintzen diot; toki polit eta erakargarria bilatzeko aukerak motibatu egiten nau.

Zer ezaugarri behar ditu arroka batek Chris Sharma liluratu dezan?
Zer mugimendu eskatzen dituen, non dagoen, arrokaren kalitatea… Horiek denek osotasun bat sortzen dute, eta nabaritu egiten duzu aurrez aurre ikusiz gero. Beti zer edo zer berria bilatzen saiatzen naiz. Mugimenduen aldetik interesgarria izan dadila. Dakidana praktikan ipintzen eta, aldi berean, nire teknika hobetzen lagunduko didana.

Azkenaldian ireki dituzun bideetatik zeinek utzi dizu holako oroimen berezia?
Bizi naizen tokitik kilometro gutxira Santa Linya-ko kobazuloak daude, eta hainbat bide zail ireki  ditut han. Oraindik ere horretan nabil. Ez da lan samurra makinarekin han goian ibiltzea, hauts eginda amaitzen duzu.

Zuk irekitako bideak igo dituztenen iritzia jasotzea ere inportantea izango da.
Bai, eta besteek nik zabalduriko bidean asko disfrutatu dutela entzutea satisfakzio handia da.  Begitu: bide berriak irekitzeak halako zirrara sortzen dit ze, behin egun osoa bideak ekipatzen jardun ondoren lurrera jaitsi  eta oso nekatuta egon arren begiz (erreferentziarik barik) beste bide bat zabaldu nuen. Huraxe izan zen, gainera, begiz egindako nire lehenengo 8Ca.

Ez da arroka bat, baina esango nuke Kataluniak ere liluratu zaituela. Hantxe bizi zara.
Urte bi eta erdi daramatzat Katalunian bizitzen. Hamar urtean asko bidaiatu izan dut mundu osoan zehar; toki asko ezagutzeko ondo dago, baina ez egonkortasuna eta oreka lortzeko. Katalunian gustura nago, eta oreka hori nire garapen pertsonalerako ere ona dela uste dut.

Karisma handiko eskalatzailea zara. Jendeak asko estimatzen zaitu. Nabari duzu?
Ni pozik nago eskaladan eragiteko aukera izan dudalako; nire motibazinoarekin besteak motibatu izana sari bat da. Denekin nago oso esker oneko.

Askok dio zure izenari ez diozula ahal zenion etekin guztia atera. Marketing aldetik diot.
Baliteke, baina hor ere oreka bat bilatzea beharrezkoa da, niri benetan gustatzen zaidan horretan zentratuta egon gura badut.

Budista zarela irakurri dut.
Ez naiz inongo erlijioko kide, baina egia da budismoaren eta meditazinoaren gainean asko irakurri dudala. Eskalatzeak badauka meditaziotik apur bat. Zeure burutazio eta kontzentrazio osoa une eta toki hartara bideratuta daude.

Eskaladan Psicoblock modalitatea gustuko duzu.
Ilusio gutxirekin nenbilen sasoi batean eskaladarako grina berriro berpiztu zidan modalitatea izan zen. Eskaladako estilorik puruena dela esango nuke: soka eta jausteko beldur barik zabiltza, azpian itsasoa daukazulako. Gainera, Mallorkan zabaldutako Es Pontas bidea, segurutik, nik inoiz egindako bereziena eta inportanteena da.

Durangotik gertu Atxarteko arrokak daude.
Ez dakit denborarik edukiko dudan, baina gustatuko litzaidake arroka haiek ezagutzea.

Dur&Go jailadiaren jarraipena: www.anboto.org

Abadiñon (Matiena auzoan) jaio nintzen 1981ean. Kazetaria

2 pentsamendu ““Nire motibazinoarekin besteak motibatu izana saria da niretzako””-ri buruz

  • aze bollo puska!!! elkarrizketa ederra, baina eskalatzailearen izenik ez da ageri, ta jakin nahiko nuke nor dan ile-hori wapo hori…

  • AnbotoKomunikabideak 2011-12-12 15:50

    Chris Sharma deitzen da eskalatzailea. Ez dakit zergatik ez den sarrera agertzen.Elkarrizketa aspaldikoa da eta ez dut gogoan.