“Bulegoetan daudenek ez dute uste gizonezkoen distantzia bera egiteko gai garenik”

 

Getaria-Tolosa
Getaria-Tolosa

Zuentzat ere Kontxako bandera denboraldiko estropada garrantzitsuena bilakatu da. Zer dela eta?
Nik uste biltzen duten jendearengatik dela. Guretzat ere berezia da, estropadarik sonatuenak direlako. Arrauna egin ostean, atera, eta guztiak oihuka ikusten dituzu, jendetza biltzen da eta giro ederra egoten da.

Aurten bigarren aldia duzue. Iaz emakume eta arraunlari izatea bateraezinak zirela ere entzun behar izan zenuten. Aurten ere entzun al duzue halakorik?
Ez iaz bezain beste. Aurten liga bat egon da, emakumezkoen arraunak jarraipen bat izan du denboraldi osoan zehar, eta horrek eragina du. Iaz, Gipuzkoako txapelketa, Euskadiko txapelketa eta Txingudiko bandera jokatu, eta Kontxara joan ginen zuzenean eta jende asko ez zegoen horrekin ados. Gauza batzuk ulertu ditzaket. Adibidez, bizi osoan zehar arraunean aritu, eta sekula Kontxako bandera jokatzeko aukerarik izango ez duen gizonezko bat, uler dezaket besteek aukera errazagoa izatearekin ados ez egotea… Lau estropada soilik eginda ezin dugula jokatu entzun behar izan dugu… Hori ere ez da horrela, baina tira… Aurten, hala ere, gutxiago, udara osoan zehar aritu baikara arraunean, ikusi egin gaituzte… Mespretxuzko komentarioren bat, hala ere, beti entzuten da.

Beraz, demostratu egin behar izan duzue zuek ere balio duzuela arrauna egiteko?
Bai… Eta beti egongo da, demostratuta ere ados egongo ez denik.

Zer da demostratu duzuena?
Otsailean hasi ginen bateletan jokatzen. Ondoren trainerilletan aritu ginen eta azkenik traineretan… Entrenatzen azaroan hasi ginen eta hemen jarraitzen dugu.

Horrenbeste sakrifiziok merezi al dizu?
Bai. Azkenean, lan horren fruituak jasotzen dituzu. Hainbeste lan egin ondoren, aurten gauza asko irabazi ditugu eta hori gure lanaren ordaina da. Bai, merezi du, zalantzarik gabe.

Kontxako estropadan gizonezkoen distantzia erdia egiten duzue. Nahiago duzu?
Emakumezkoen artean ere iritzi desberdinak badira. Batzuek diote askotxo dela, baina Euskadiko txapelketan gizonezkoek adina egin genuen eta nik uste dut oso ongi moldatu ginela. Hori horrela, askok iritzia aldatuko zutela pentsatzen dut. Nik, nahiago dut gizonezkoen distantzia berbera egin.

Eta zer dela eta egiten duzue distantzia erdia?
Bulegoetan daudenak ez dutelako uste hainbeste egiteko gai garenik.

Emakumezkoen arrauna urrun dago profesionalizatzetik. Halakorik nahiko zenuke?
Ez nuke baietz esango. Niretzat arraunak duen zentzua galdu egingo luke neurri handi batean. Gustora aritzen zarelako entrenatzera joate hori, zure buruarekiko konpromiso hori, taldeko kideekiko harremana… Ezberdina litzateke… Lana litzateke. Noski, arraunarentzat eta emakumezkoentzat aurrerapausu handia litzateke; egindako lanaren aitorpena. Baina niretzat duen zentzua agian galdu egingo luke.

Doping kontuek ere arrauna zipriztindu dute zoritxarrez…
Bai, baina gu ez gara halakoetan sartzen… Ez ditugu gizonezkoen baldintza berak. Azken finean gizonezkoen lehia horretan dirua dago tartean, eta gurean ez.

Ez dago horrenbesteko lehiarik?
Lehia bai, baina beste era batera, itsutu gabe. Gainera, nik behintzat, maila horretara ailegatuta ere, printzipioengatik ez nuke egingo. Irabazteko ez du denak balio.

Itsasoarekiko harreman berezia al duzue arraunlariok?
Nik beti izan diot itsasoari errespetua eta baita beldurra ere… Denborarekin beldurra galtzen joan naiz, baina errespetua beti izango diot.

Kiniela egiterik bai?
Nik uste Rías Baixas eta guk ditugula sailkatzeko aukera handienak. Gure aurkari handiena da Rías Baixas. Lau estropada jokatu ditugu. Eurak bi irabazi dituzte eta guk beste bi. Igandean berdinketa hautsiko da… Ondoren badira bi postu lauzpabost ontzirentzat… Nik uste Hondarribia, Zumaia, Astillero, Bizkaia eta katalanetako bat egongo direla bi postu horien lehian.