Nori berea, Jaunaren legea!

Nori berea, Jaunaren legea! –

Hedabideak hedabide, ustelkeria dugu denetan hizpide. Kukutik kukura, lotsa gutxi dutenen lege urraketak gora egiten du nabarmen. Izan ere, azkenaldian, Estatu mailako ur handiko arrainen artean, puri-purian jarri da zabarkeria. Duela urte batzuk, oihartzun handia izan zuen Cristina infantaren egozteak, bai Espainian bai Europan. Bazirudien, Espainiako errege emerituaren alabak gogotik muzin egin ziela Konstituzioan agertzen diren legeei. Hori zela eta, hainbat delitu leporatzen zitzaizkion; besteak beste, Herri Ogasunaren aurkakoa.

Egoera horren aurrean, Errege-koroa saiatu zen plantak egiten, herritarrei  lasaitasun sentsazioa transmititze aldera. Ederki asko genekien egozte horrek herrialdearen irudia zapuztuko zuela, eta horrek eragin kaltegarriak ekar zitzakeela  ekonomian zein politikan. Horrekin bat, argi izan behar genuen epaiketa egon arte denok garela errugabe, baita berdinak legearen aurrean ere.

Azken hori horrela den, txitean-pitean galdetzen diot nire buruari. Batzuek baietz esango didate; beste hainbatek, ezetz. Iritziak iritzi, argi eta garbi dago Castro epaileak  eragozpenak izan zituela bere erabakia aurrera eramateko. Izan ere, Espainiako Gobernua egoztea bertan behera uzten saiatu zen aldez edo moldez.

Horrela, ilargia labe garaian eduki dute, baina urtaro berriarekin  aldaketak heldu ziren Urdangarin Borbon familian. Martxoaren 21ean bista publikoa egon zen, hamar urteko kartzela zigorra eskatzen baitzuen Auzitegi Gorenak Iñaki Urdangarinentzat. Agidanez, askatasunaz gozatzeko epea agortzen hasia zitzaion.

Hala ere, estutasun egoerak ez du asko iraun; izan ere,  aurreko hilabetean  epaileak eskubidea eman zion astean bitan kartzelatik ateratzeko, eta boluntariotza programa egiteko. Bien bitartean, Kataluniako politikariak espetxean ditugu 9-13 urte bitarteko zigorra betetzen, zer gertatuko den zain.

Nori berea, Jaunaren legea!

Nori berea, Jaunaren legea!